2020/03/27ko prentsa-oharra
INFORMAZIOAREN GIZARTEAREN PANORAMA. 2020
Euskal AEko biztanleak eta enpresak konektatuta daude: etxeen % 91,0k eta establezimenduen % 91,6k Internet dute 2019an
Pertsonen % 50,7k eta establezimenduen % 24,1ek Internet bidezko erosketaren bat egin zuten
Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) ekipamenduek gora egiten jarraitzen dute urtetik urtera Euskal AEn, Eustatek egindako Informazioaren Gizartearen Panoramaren arabera (2020). Hala ere, ekipamendu guztiek ez dute modu berean eta intentsitate berarekin egiten.
Ikus daitekeenez, IKTen banaketa desberdina da etxean eta hura osatzen duten pertsonen artean, adina eta jarduerarekiko harremana bezalako aldagaien arabera. Enpresen kasuan, desberdintasunak, nagusiki, langile-kopuruaren, enpresa kokatuta dagoen Lurraldearen eta jardueraren sektore ekonomikoaren araberakoak dira.
Etxearen eta hura osatzen duten pertsonen eremua
16-74 urteko pertsonen bat duten Euskal AEko etxeen % 91k Interneterako konexioa dute, eta ia guztiak banda zabalekoak dira. Azken 10 urteetan, zifra hori ehuneko 31,4 puntu handitu da.
Konektibitateari lotutako ekipamendu teknologikoak etxe gehienetan daude, eta goranzko joera dute. Hala, etxeen %70,9tan dago ordenagailua, 2009an baino 11,6 puntu gehiago. Joera hori nabarmenagoa da eramangarritasun eta mugikortasun handieneko teknologietan, ordenagailu eramangarrian gertatzen den bezala (% 55,2), 10 urtean bikoiztu egin baita haien presentzia; etxeen % 95,2k, berriz, telefono mugikorren bat dute jada (6,5 puntu gehiago azken 10 urteetan).
Biztanleriaren ikuspegitik, ehunekoak oso antzekoak dira: % 87,4k Interneterako sarbidea du etxean (2009an baino ehuneko 28 puntu gehiago), % 78,3k ordenagailu bat (9,8 puntu gehiago) eta % 97,2k telefono mugikor bat (4 puntu gehiago).
Interneten erabiltzaileak 15 urte eta gehiagoko biztanleen % 80,2 dira, hau da, 28,2 puntuko igoera izan da 2009. urtearekin alderatuta. Azken hamar urteotako gorakadarik handiena 35 eta 54 urte bitarteko adin-tartean izan da, erabiltzaileetan ehuneko 32,5 puntuko igoera izan baitu, eta 2019an % 96,6ra iritsi dira.
Bestalde, aldi horretan, generoen arteko aldea ia erdira jaitsi da: 2009an 8,3 puntu zituen, eta 2019an 4,3 puntu.
Internet bidez jarduera ugari egin daitezke; arrazoi partikularrengatik egiten direnen artean, komunikaziora eta informazioa bilatzera bideratutakoak nabarmentzen dira, eta gehien erabilitakoak dira. Euskal AEko biztanle erabiltzaile ia guztiek WhatsApp bidez edo berehalako mezularitzako beste aplikazio batzuen bidez hitz egin izan dute (% 96,1), ondasun edo zerbitzuei buruzko informaziorik bilatu izan dute (% 83,8), posta elektronikoa erabili izan dute (% 79,4) edo albisteak, egunkariak edo aldizkariak irakurri izan dituzte (% 74,3).
Era berean, kontsumora eta etxeko ekonomiara bideratutako jarduerak Internet bidez eginiko eragiketa anitzen erantzule dira. % 60,5ek bitarteko hori erabili zuten bankuetan sartzeko; azken urteotan, halaber, aisiarekin eta kulturarekin lotutako jarduerak nabarmen garatu dira, hala adierazten baitu, adibidez, biztanle erabiltzaileen % 44,9k turismoarekin lotutako ostatu- edo bidaia-erreserbak egin izanak.
Administrazio elektronikoak aukera ematen du administrazioarekin izapideak bide telematikoz egiteko. Eremu horretan, 15 urte eta gehiagoko Internet erabiltzaileen % 29,9k inprimaki beteak bidali dituzte administraziora Internet bidez, % 44,1ek informazioa bildu dute eta % 22,9k inprimaki ofizialak lortu dituzte bide horretatik.
Azkenik, merkataritza elektronikoari dagokionez, azken 12 hilabeteetan Internet bidez ondasun edo zerbitzuren bat erosi duten Internet erabiltzaileen ehunekoa % 50,7 izan da 2019an, hau da, 760.000 pertsona. Kopuru hori 15 urte eta gehiagoko Euskal AEko biztanleria osoaren % 40,6 da. Kolektibo horrek, nagusiki, erosten ditu kirol-materiala eta arropa (% 38,1), bidaiak eta oporretako ostatuak (% 29,4), ikuskizunetarako sarrerak (% 26,4), bidaietarako beste zerbitzu batzuk (% 25,9), etxerako ondasunak (% 24,7) eta ekipamendu elektronikoa (% 16,8).
Enpresaren eremua
Euskal AEko enpresetan, argi eta garbi ikus daiteke garapen-erritmo positiboa izan dela 2001-2019 aldian, ekipamendu teknologiko guztiek gora egin baitute. Gaur egun, Interneterako sarbide-mailak % 91,6koak dira, eta Web-orriaren eskuragarritasuna % 54,6koa da Euskal AEko enpresen artean, eta horrek konparatiboki postu altuetan kokatzen ditu EB-28ko herrialdeen testuinguruan.
Lurraldeka, aldeak neurrizkoak dira ordenagailu pertsonalean, posta elektronikoan, Interneten eta telefono mugikorrean, baina ehunekorik handienak Arabakoak dira lehen hiru ekipamenduetarako, eta Bizkaikoak, berriz, telefono mugikorrerako. Halaber, Araban dago web-orri gehien (% 56,6).
Jarduera-sektoreen arabera, industria-enpresek ehunekoak zertxobait handiagoak dituzte ekipamendu ohikoenetan, hala nola ordenagailu pertsonalean (% 96,0), posta elektronikoan (% 94,8) eta Interneten (% 94,9). Hala ere, zerbitzuen sektorearekiko aldea eta eraikuntzarekikoa txikia da. Telefono mugikorreko ekipamendua ohikoagoa da eraikuntzaren sektorean (% 98,2). Sektore horrek, gainera, 2001-2019 aldiko bilakaerarik positiboena izan du bi ekipamendutan: posta elektronikoan (igoera bat portzentajezko 80,4 puntukoa) eta Interneteko konexioan (78,9 puntu gehiago). Gainerako ekipamenduetan –sare lokala edo hedatua, haririk gabeko sareak, sare pribatu birtuala edo balio erantsikoa, intraneta, estraneta, funtsen transferentzia elektronikoa eta datuen truke elektronikoa– zerbitzuen sektorearen nagusitasuna argia da, bereziki funtsen transferentzia elektronikoan, zeina zerbitzuen sektorearen % 61,2tan baitago, baina industriaren eta eraikuntzaren sektoreen % 42,1ean eta % 35,8tan, hurrenez hurren.
Bestalde, aipatzekoa da urtez urte murriztu egiten direla enpresa handien eta enpresa txikien arteko ekipamendu teknologikoaren aldeak. Joera bikoitz baten ondorioz gertatzen da hori: alde batetik, enpresa handiak ekipamendu-maila gorenera iristen ari dira teknologia nagusietan eta, bestetik, langile gutxien duten enpresek gero eta ekipamendu teknologikoko maila handiagoa dute.
Era berean, enpresetan ekipamendu teknologikoak erabiltzen dituzten langileen proportzioak ere gora egin du pixkanaka. 2001-2019 aldian, beren enpresan ordenagailua zutenen ehunekoa % 46,4tik % 71,2ra igo da, portzentajezko 24,8 puntuko hazkundea. Interneterako sarbidea 2001ean % 23,4koa zen, eta 2019an enplegatutako pertsonen % 66,7ra igo zen; halaber, posta elektronikoa dutenak hemeretzi urte horietan % 25,8tik % 66,9ra igo dira, eta bi ekipamenduek 40 puntutik gorako igoerak izan dituzte.
Hala ere, ekipamenduekin ez bezala, teknologia horiek erabiltzen dituzten langileen ehunekoek ez dute alde handirik erakusten enpresaren tamaina kontuan hartzen denean.
Administrazio Publikoari dagokionez, Euskal AEko establezimendu publiko ia guztiek IKT ekipamenduak dituzte 2019an. Hala, % 99,8k ordenagailua, posta elektronikoa eta Interneterako konexioa dute. Telefono mugikorra, bestalde, ezarpen txikiena duen IKT ekipamendua bada ere, establezimendu publikoen % 82,3k erabil dezakete.
Lehen sektoreko errealitatea, ordea, oso bestelakoa da; datuek IKTen ezarpen txikiagoa islatzen dute gainerako sektoreekin alderatuta, batez ere sektore horren atomizazioagatik –establezimenduen % 97,7k 9 pertsona edo gutxiago enplegatzen ditu–, bai eta bertan egiten diren jardueren berezko ezaugarriengatik ere. Arrantza-jarduera duten establezimenduek bakarrik lortzen dituzte ekipamendu-ehuneko askoz handiagoak. Hala ere, datu horrek ez du eragin handirik sektore osoan, zeren nekazaritza-enpresak baitira lehen sektoreko establezimendu guztien % 96,3.
Informazioaren gizartearen alderdi garrantzitsu bat enpresek Administrazioarekin duten harremana da. Hala, Euskal AEko enpresen % 93,0k izapide elektronikoak egiten dituzte Administrazio Publikoarekin 2019an. Ehuneko hori zertxobait handiagoa da (% 93,9) enpresak Interneterako sarbidea badu. Esparru horretan izandako aurrerapena eztabaidaezina da; izan ere, 2001etik 2019ra bitartean, hasieran establezimenduen % 22,5ek egiten zituzten izapideak bide horren bidez, eta 2019an, berriz, % 93,9k. Ehunekoa are handiagoa da 10 langile edo gehiagoko enpresak soilik kontuan hartzen badira; izan ere, tamaina horretako establezimenduen % 96,3 dira 2019an, nahiz eta igoera txikiagoa izan, 2001ean % 43,9 baitziren.
Euskal AEko enpresetako merkataritza elektronikoari dagokionez, berezitasunik nabarmenena banaketa desberdina da, sistema horren bidezko erosketak edo salmentak diren kontuan hartuta. Enpresen tamainaren eta haien ekoizpen-sektorearen arabera ere aldeak ikusten dira.
2002an merkataritza elektronikoa egiten zuten establezimenduen ehunekoa % 4,4 izan zen, eta establezimenduen % 3,6k erosketak egiten zituzten eta % 1,3k salmentak. 2018an (eskuragarri dagoen azkena), merkataritza elektronikoa egin zuten establezimenduen proportzioa % 26,3koa izan zen; establezimenduen % 24,1ek parte hartu zuten erosketetan, eta % 6,9k salmentetan. Tamaina kontuan hartuz gero, 10 langile eta gehiagokoen artean, merkataritza elektronikoa % 10,0tik % 31,6ra aldatu da 2002-2018 aldian.
Azkenik, eta Euskal AEn merkataritza elektronikoak mugitzen dituen diru-kopuruen bilakaerari dagokionez, aztertutako aldian (2002-2018), merkataritza elektronikoaren bidezko erosketen zifra 1.509,5 milioi eurokoa zen 2002an, eta 14.065,9 milioikoa, berriz, 2018an. Salmenten kasuan, 2.834,0 milioi eurokoa zen 2002an, eta 19.142,9 milioi eurora iritsi dira 2018an. Beraz, erosketa elektronikoak egiten dituzten enpresen ehunekoa sistema horren bidez salmentak egiten dituztenen ehunekoa baino handiagoa bada ere, transferitu beharreko kopuru ekonomikoak handiagoak dira salmenta elektronikoen kasuan.
Oharra: Informazioaren Gizartearen Panoramaren egitura 3 bloke handitan zehazten da. Lehenengoak IKT ekipamenduen erabilera azpimarratzen du, bigarrenak ordenagailuaren erabilera eta zabalagoa den hirugarrenak, berriz, Interneten erabilera desberdinak, eta, gainera, konexio motak, Interneten web-orriaren bidezko presentzia, e-administrazioa eta merkataritza elektronikoa ere aztertzen ditu. Bloke horietako bakoitza familien, biztanleriaren, enpresen, administrazioaren eta landa-munduaren ikuspegitik aztertzen da. Gainera, lurraldeen, adinen arteko aldeak aztertzen dira, pertsonen jarduerarekiko, edo tamaina langile-kopuruaren arabera, eta Euskal AE ere nazioarteko testuinguruan kokatuz.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62