2022/01/19ko prentsa-oharra

INFORMAZIOAREN GIZARTEAREN PANORAMA. 2021

Facebooken zabal ezazu Twitterren zabal ezazu Helbide elektronikoan zabal ezazu pdf Produktuen zerrenda

Euskal AEko internauten % 53,9k sare sozialetan parte hartzen dute eta enpresen % 51,5ek enpresa-helburuetarako erabiltzen dituzte

Pertsonen % 54,7k eta establezimenduen % 24,0k erosketaren bat egin zuten Internetez

Euskal AEko Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) ekipamenduek etengabe egin dute gora, urtez urte, Eustatek egindako 2021eko Informazioaren Gizartearen Panoramaren arabera. Ekipamendu guztiek ez dute berdin eta intentsitate berarekin egin.

Etxeko eremuan hura osatzen duten pertsonen artean IKTen banaketa desberdina da, adina eta jarduerarekiko harremana bezalako aldagaiak kontuan hartuta. Enpresen kasuan, desberdintasunak honako hauen araberakoak dira, nagusiki: dituen enplegatuen kopurua, enpresa zer lurralde historikotan dagoen eta bere jarduera zer sektore ekonomikotan garatzen duen.

Etxearen eta hura osatzen duten pertsonen eremua

Konektibitateari lotutako ekipamendu teknologikoak Euskal AEko etxe gehienetan daude eta goranzko joera erakusten dute. EAEko etxeen % 87,4k Interneterako konexioa du (ia guztiak banda zabalekoak dira), eta, 2011z geroztik, ehuneko 31 puntu igo da. Gutxienez 16 eta 74 urte bitarteko pertsona bat duten familien artean, Interneteko konexioa % 96k dute.

Hala, etxeen % 74,3an dago ordenagailua –2011n baino ehuneko 12,5 puntu gehiago–. Goranzko joera hori nabarmenagoa da eramangarritasun handiko teknologietan, hala nola ordenagailu eramangarriaren kasuan, etxeen % 58,4an baitago; beraz, azken 10 urteotan, igoera handixeagoa izan da (ehuneko 18 puntu). Bestalde, ia etxe guztiek (% 97,2) dute telefono mugikorren bat; alegia, duela 10 urte baino ehuneko 7,3 puntu gehiago.

Etxe horietan bizi diren 15 urteko eta gehiagoko biztanleen ikuspuntutik, ehunekoak handixeagoak dira: % 92,1ek Interneterako sarbidea dute etxean (2011n baino ehuneko 26,4 puntu gehiago), % 81ek ordenagailu baterako sarbidea (9,8 puntu gehiago) eta % 98,5ek telefono mugikor baterako sarbidea (4,2 puntu gehiago).

Etxeko ekipamenduen artean, aipatzekoa da 2021ean Euskal AEko biztanleen erdiak baino gehiagok (% 58) ordainpeko telebistarako sarbidea duela, azken urtean 10,3 puntuko igoera izan ondoren. Etxeetako komunikazioari lotutako ekipamendu hori nabarmen hazten ari da; izan ere, duela 10 urte biztanleriaren % 14,6k baino ez zuen.

Interneteko erabiltzaile diren 15 urtekoak eta gehiagokoak (azken 3 hilotan) adin horietako euskal herritarren % 84,9 dira; ehuneko hori ehuneko 28,1 puntu areagotu da 10 urtean (2011tik % 56,8).

Jarduera asko egin daitezke Internet bidez. Motibo partikularrek eragindakoen artean, ohikoenak komunikaziora eta informazioa bilatzera bideratutakoak dira. Internet erabiltzen duten ia euskal herritar guztiak WhatsApp bidez edo berehalako mezularitzako beste aplikazio batzuen bidez komunikatu dira (% 97,5), eta neurri txikiagoan erabili dute posta elektronikoa (% 82,4) edo irakurri dituzte albisteak, egunkariak edo aldizkariak (% 74,9) eta bilatu dute ondasunei edo zerbitzuei buruzko informazioa (% 63,3). 15 urteko eta gehiagoko Interneteko erabiltzaileen % 53,9k sare sozialetan parte hartzen dute, eta, 15-24 urtekoen artean, % 87,6k.

Era berean, kontsumora eta etxeko ekonomiara bideratutako jarduerak Internet bidez egindako eragiketa askoren arduradun dira. Interneteko erabiltzaileen % 67,7k erabili dute bide hori 2021ean banku-jardueretarako. Etxetik kanpo egiten diren aisialdiarekin eta kulturarekin lotutako jarduerak direla eta, azken bi urte hauetan nabarmen egin dute behera, ziurrenik COVID-19ak herritarren artean izan duen eraginagatik, eta hala adierazten du, esate baterako, erabiltzaileen % 16,6k turismoarekin lotutako ostatu- edo bidaia-erreserbak egin izanak; aurreko urtean baino 31,3 puntu gutxiago.

Administrazio elektronikoak aukera ematen du administrazioarekin izapideak bide telematikoaren bidez egiteko. Eremu horretan, Interneteko erabiltzaileen % 45,4k inprimakiak beteta bidali dizkiote administrazioari Internet bidez, % 45,6k informazioa bildu du eta % 37,3k inprimaki ofizialak lortu ditu bide horretatik.

Azkenik, merkataritza elektronikoa dela eta, azken 3 hilabeteotan Internet bidez ondasun edo zerbitzuren bat eskuratu duten pertsonen ehunekoa % 54,7 izan da; alegia, 877.100 pertsona. Zifra hori 15 urteko eta gehiagoko EAEko biztanleria osoaren % 46,5 da; hau da, ia hirukoiztu egin da Internet bidez erosketak egin dituzten pertsonen kopurua, aurreko 10 urteekin alderatuta (2,7 aldiz), eta 2016an baino % 40,4 gehiago (bost urte lehenago). Kolektibo horrek kirol-materiala eta arropa, etxerako ondasunak, ekipamendu elektronikoa, elikagaiak eta liburuak, aldizkariak eta egunkariak erostearen alde egiten du nagusiki.

Enpresa-eremua

EAEko enpresetan, argi ikus daiteke garapen-erritmo positiboa 2001-2021 aldian; ekipamendu teknologiko guztiek egin dute gora. Gaur egun, Interneterako sarbide-maila % 92,6koa da, eta Euskal AEko enpresen % 53,0k du web-orria; beraz, erkaketa eginez gero, postu altuetan daude EB-27ko herrialdeen testuinguruan.

Aipatzekoa da urtez urte murriztu egiten direla enpresa handien eta enpresa txikien arteko distantziak ekipamendu teknologikoaren mailan. Joera bikoitzaren ondorioz gertatzen da hori: alde batetik, enpresa handiak ekipamendu-maila gorenera iristen ari dira teknologia nagusietan, eta, bestetik, langile gutxiago dituzten enpresek gero eta ekipamendu teknologiko handiagoa dute.

Era berean, enpresetan ekipamendu teknologikoak erabiltzen dituzten enplegatuen proportzioak ere aurrera egin du pixkanaka. 2001-2021 aldian, enpresan ordenagailua zutenen ehunekoa % 46,4 izatetik % 72,4 izatera igaro da, ehuneko 26 puntuko igoera egon da. Interneterako sarbidea % 23,4koa zen 2001ean, eta 2021ean enplegatuen % 67,9ra iritsi zen. Posta elektronikoa dutenak % 25,8 izatetik % 67,9 izatera igo dira hogeita bat urte horietan, eta bi ekipamenduek ehuneko 40 puntutik gorako igoerak izan dituzte.

Hala ere, ekipamenduez bestela, teknologia horiek erabiltzen dituzten enplegatuen ehunekoek ez dute alde handirik erakusten enpresaren tamaina kontuan hartzen denean.

Administrazio Publikoa dela eta, esan behar da Euskal AEko ia establezimendu publiko guztiek dituztela IKT ekipamenduak 2021ean. Hala, % 99,7k ordenagailua, Interneteko konexioa eta posta elektronikoa dituzte. Telefono mugikorra, bestalde, finkapen gutxien duen IKT ekipamendua bada ere, establezimendu publikoen % 85ek dute.

Informazioaren gizartearen alderdi garrantzitsu bat enpresek administrazioarekin duten harremana da. Hala, Interneterako sarbidea duten EAEko enpresen % 93,1ek izapide elektronikoak egin dituzte administrazio publikoarekin 2021ean. Eremu horretako aurrerapena ukaezina da; izan ere, 2001. eta 2021. urteen arteko aldian, % 22,5etik % 93,1era igaro dira izapideak bitarteko horren bidez egiten dituzten establezimenduak 2021ean. Ehunekoa are handiagoa da 10 langileko edo gehiagoko enpresak soilik kontuan hartzen badira, 2021ean tamaina horretako establezimenduen % 96,3ra iritsi baita, nahiz eta areagotzea txikiagoa izan, 2001ean % 43,9tik abiarazten baitziren.

Lehen sektorean errealitatea bestelakoa da. Hemen, 2019ko datuen arabera (eskuragarri dauden azkenak), IKTen ezarpen txikiagoa islatzen da, gainerako sektoreekin alderatuta, batez ere sektore horren atomizazioagatik –establezimenduen % 97,7k 9 enplegatu edo gutxiago dituzte–, eta jardueraren beraren berezitasunagatik. Talde horretan, arrantza-jarduera duten establezimenduek baino ez dituzte lortzen ekipamendu-ehuneko askoz ere handiagoak. Hala ere, datu horrek ez du eragin handirik sektore osoan; izan ere, nekazaritzako enpresak lehen sektoreko establezimendu guztien % 96,3 dira.

Euskal AEko enpresetako merkataritza elektronikoa dela eta, berezitasunik esanguratsuena banaketa desberdina da, sistema horren bidezko erosketak edo salmentak diren kontuan hartuta.

2002an merkataritza elektronikoa egiten zuten establezimenduak % 4,4 izan ziren, % 3,6k erosketak egin zituzten eta establezimenduen % 1,3k salmentak. 2020an, eskuragarri zegoen azkenean, merkataritza elektronikoa egin zuten establezimenduen ehunekoa % 26,9koa izan zen, establezimenduen % 24,0k hartu zuten parte erosketen aldetik, eta % 7,6k salmenten aldetik. Tamaina kontuan hartuz gero, 10 langile eta gehiagokoetan, merkataritza elektronikoak % 10,0tik % 33,5era egin du aurrera 2002-2020 aldian.

Merkataritza elektronikoak Euskal AEn mugitzen dituen zenbateko ekonomikoen bilakaera dela eta, aztertutako aldian, 2002-2020 aldian, merkataritza elektroniko bidezko erosketen zifra 2002an 1.509,5 milioi eurokoa izatetik 2020an 16.784,1 milioi eurokoa izatera igaro da. Salmenten kasuan, 2002an 2.834,0 milioi eurokoa zen zifra, eta, 2020an, 22.092,4 milioi euroko erosketak egin ziren. Beraz, nahiz eta erosketa elektronikoak egiten dituzten enpresen ehunekoa sistema horren bidez salmentak egiten dituena baino handiagoa den, transferitu beharreko diru-kopuruak handiagoak dira salmenta elektronikoen kasuan.

Azkenik, 4.0 Industria delakoan, enpresen eraldaketa digitalari erreferentzia egiten dionean, aztertzen diren bederatzi adierazleen artean honako hauek nabarmentzen dira:

Sare sozialak enpresa-helburuetarako erabiltzea; establezimenduen % 51,5.

Enpresaren jarduerarekin eta ekoizpen-prozesuekin lotutako aplikazioen erabilera (Zerbitzu Mugikorrak); establezimenduen % 30,2.

Zerbitzu informatikoak hodeian (Cloud Computing); ostatu horregatik ordaintzen duten establezimenduen % 23,1.

Jarraian, % 10 eta % 20 bitartean, Zibersegurtasuneko Jarduerak, Gauzen Interneta eta Big Data Analisia daude. Azkenik, establezimenduen % 5etik behera, Adimen Artifiziala, Robotika eta 3D inprimagailuak daude.

Oharra: Informazioaren Gizartearen Panoramaren egitura 6 bloke handitan zehazten da: IKT ekipamenduak, ordenagailuaren erabilerak, Interneten erabilerak, administrazio elektronikoa (e-administrazioa), merkataritza elektronikoa eta 4.0 industria. Bloke horiek familien, herritarren, enpresen, administrazioaren eta landa-munduaren ikuspuntutik aztertzen dira. Gainera, lurralde historikoen, adinen, pertsonen jardueraren edo tamainaren arteko aldeak aztertzen dira, enplegatu kopuruaren arabera, eta Euskal AE ere nazioarteko testuinguruan kokatuz.

https://es.eustat.eus/panoramadelasociedaddelainformacion/2021/inicio.html

Argibide gehiagorako:

Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Euskal AEko internauten % 53,9k sare sozialetan parte hartzen dute eta enpresen % 51,5ek enpresa-helburuetarako erabiltzen dituzte

Eragiketa : 
Informazioaren gizartearen panorama
Eragiketa kodea : 
220126
Periodikotasuna : 
Urtekoa
Denbora arloa : 
Eguneratze data : 
2022/01/19
Hurrengo eguneratzea : 
2025/12/00
Eragiketa mota : 
Bilduma
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
https://www.eustat.eus/elementos/not0019398_e.html
Erakunde arduraduna : 

Su feedback.   Ayúdenos a adaptar nuestra web a sus necesidades

¿Cómo valora usted la información de esta página?
Muy útil
Útil
Poco útil
Nada útil
¿Tiene alguna sugerencia que hacer?
Si, tengo
Enviar