2022/02/25eko prentsa-oharra
KANPO MERKATARITZAREN ESTATISTIKA (KAMEE), LHren arabera. 2021
Esportazioek % 31,2 egin zuten gora Bizkaian, % 19,4 Araban eta % 17,1 Gipuzkoan, 2021ean
“10 pertsona baino gutxiagoko turismoak” Araban, “Petrolioaren olio finduak” Bizkaian eta “Automobilentzako zati eta osagarriak” Gipuzkoan, produktu esportatuenak
ARABA
2021ean, Arabako lurralde historikoko ondasunen esportazioek % 19,4 egin zuten gora (1.190,7 milioi), 2020arekin alderatuta, eta % 2,7 (192,6 milioi), 2019arekin alderatuta; 7.340,5 milioi eurora iritsi ziren, Eustaten datuen arabera.
Inportazioek % 21,3 (794,4 milioi) egin zuten gora, 2020arekin alderatuta, eta % 8,3 (346,5 milioi), 2019arekin alderatuta; 4.529,9 milioi eurora iritsi ziren. Ondorioz, estaldura-tasa % 162,0koa izan zen.
Merkataritza hori funtsean “Errepidez” egiten da; % 69, esportazioen kasuan, eta % 81, inportazioen kasuan. Erabiltzen den beste garraiobidea “Itsasokoa” da; % 29, esportazioen kasuan, eta % 15, inportazioen kasuan.
MERKATURATUTAKO PRODUKTUAK
Arabako esportazioetan, aurten, “automobiligintzaren sektorea” nagusitu da; duela urte batzuk hasitako joerari jarraitzen zaio. Dena den, joera hori kolokan egon zen pandemiaren urtean. Hala, produktu garrantzitsuenen xehetasunak aztertuta –arantzel-partidak– ikusten dugu buruan (guztira 838 partida esportatzaileren kasuan, haietatik 224 milioi bat eurotik gorakoak) honako hauek daudela: “10 pertsona baino gutxiagoko turismoak” (2.056 milioi), “Salgaiak garraiatzeko automobilak” (1.508 milioi), “Automobilentzako zati eta osagarriak” (401 milioi) eta “Kautxuzko pneumatiko berriak” (366 milioi); haien guztien artean, lurralde horretako esportazioen % 59 hartzen dute.
Arabako arantzel-partida esportatzaile nagusiak. Milaka euro (p). Metatua urtarrila - abendua 2021
| 2020 | 2021 | 2021
% | 2021 / 2020
% |
Guztira | 6.149.756 | 7.340.459 | 100 | 19,4 |
10 pertsona baino gutxiagoko turismoak | 1.715.400 | 2.055.996 | 8,0 | 19,9 |
Zamak garraiatzeko ibilgailu automobilak | 1.412.732 | 1.508.012 | 5,9 | 6,7 |
Automobilentzako zati eta osagarriak | 191.968 | 400.970 | 1,6 | 108,9 |
Kautxuzko pneumatiko berriak | 325.571 | 366.224 | 1,4 | 12,5 |
Ardoa, mahats freskoarena | 190.713 | 197.536 | 0,8 | 3,6 |
Burdinako edo altzairuko beste tutu batzuk eta profil hutsak | 110.720 | 174.404 | 0,7 | 57,5 |
Hodiak eta profilak hutsak, soldadurarik gabe, burdinazko edo altzairuzkoak | 206.182 | 170.199 | 0,7 | -17,5 |
Kobrezko zakarrak eta hondakinak | 56.828 | 87.957 | 0,3 | 54,8 |
Aireontzien parteak | 93.498 | 82.365 | 0,3 | -11,9 |
Metal arruntezko ontzietarako tapoiak, tapak eta beste osagarri batzuk | 66.532 | 82.354 | 0,3 | 23,8 |
(p)Behinbehineko datuak
Data 2022ko Otsailaren 25a
Iturria: Eustat. Kanpo-merkataritzaren estatistika
Aipatu beharreko beste partida batzuk: “Ardoa, mahats freskoarena” (197,5 milioi), “Hodi eta profil hutsak, burdina edo altzairuzkoak” (174 milioi) eta “Kobrezko zakarrak eta hondakinak” (88 milioi); produktu horiek guztiek hainbat motatako hazkuntza-tasak izan dituzte, aurreko urtearekin alderatuta. Hala ere, bi partidak, lehen 10en artean daudenek, tasa negatiboak izan dituzte: “Aireontzien zatiak” (–% 11,9 eta 82 milioi esportatu), “Hodi eta profil hutsak, soldadurarik gabeak, burdina edo altzairuzkoak” (–% 17,5 eta 170 milioi).
Arabako inportazioak, neurri handi batean, logikoa den bezala, automobilen fabrikazioarekin lotzen dira; hala, hiru partida nagusiak “Automobilentzako zati eta osagarriak” (514,5 milioi), “Enbolo, diesel edo erdi-diesel motorrak” (438,8 milioi) eta “Metagailu elektrikoak eta haien zatiak” (129,2 milioi) dira.
XEDE DIREN HERRIALDEAK
Euskal AEko kasuan bezala, kontzentrazio esportatzailea gertatzen da bost herrialdetan; 4.196,8 milioi metatzen dute, guztizkoaren % 57. Lehenik eta behin, Alemania dago (2.068 milioi), eta nabarmen nagusitzen dira “Automobilak eta haien zatiak” (herrialde horretara esportatutako guztizkoaren % 77,6); ondoren, Frantzia (1.093,6 milioi), eta, bertan, % 27,1 “Automobilak eta haien zatiak” partidari dagokio, eta produktu mota hori ere nagusia da boskotea eratzen duten beste hiru herrialdeetan. Hala, Erresuma Batuan 399,4 milioiren % 58,8 dagokio, eta Belgikan 310,6 milioiren % 74,2. Laugarren herrialdearen kasuan, Portugalen kasuan, “Automobilak eta haien zatiak” esportatutako 325,1 milioien % 14,1 dira, eta haren ondoren, baina oso hurbil, “Kobrea eta kobrezko manufakturak” (% 13,9) eta “Burdin edo altzairu galdaketa manufakturak” (% 11,2).
BIZKAIA
2021ean, Bizkaiko lurralde historikoko ondasunen esportazioek % 31,2 egin zuten gora (2.425,4 milioi), 2020arekin alderatuta, eta % 5,0 (485,6 milioi), 2019arekin alderatuta; 10.205 milioi eurora iritsi ziren.
Inportazioek % 41,9 (3.506,6 milioi) egin zuten gora, 2020arekin alderatuta, eta % 1,6 (185,4 milioi), 2019arekin alderatuta; 11.879,6 milioi eurora iritsi ziren. Ondorioz, estaldura-tasa % 85,9koa izan zen; alegia, esportatutakoa baino gehiago inportatu zen.
Merkataritza hori, funtsean, “Errepidez” egiten da (% 53), esportazioen kasuan, eta “Itsasoz” (% 71,3), inportazioen kasuan. Baina azken ehuneko hori “petrolio gordina”ren inportazioen baldintzapean dago. Itsaso bidezko merkataritza, gainera, esanguratsua da esportazioen kasuan; izan ere, guztizkoaren % 42,2 da. Errepideari, erosketen kasuan, % 25,7 dagokio.
MERKATURATUTAKO PRODUKTUAK
Bizkaiko esportazioek duten produktua nagusitu egiten da, nabarmen, besteen aldean: “Petrolioaren olio finduek” 1.165,6 milioi eragin zituzten (925 partida esportatzaileren kasuan; haietatik, 335 milioi bat euro baino gehiagokoak). Produktu horien ondoren, honako hauek nabarmentzen dira: “Automobilentzako zati eta osagarriak” (681 milioi), “Kautxuzko pneumatiko berriak” (677,7 milioi) eta “Txapak eta zerrendak, aluminiozkoak, 0,2 mm-tik gorako lodiera dutenak” (318,4 milioi). Ondoren daude “Aluminio gordina” (223,2 milioi) eta “Altzairu herdoilgaitzezko barra eta profilak” (216,7 milioi). Sei arantzel-partida horiek lurralde horren esportazioen % 32 kontzentratu zuten.
Bizkaiko arantzel-partida esportatzaile nagusiak. Milaka euro (p). Metatua urtarrila - abendua 2021
| 2020 | 2021 | 2021
% | 2021 / 2020
% |
Guztira | 7.779.566 | 10.204.983 | 100 | 31,2 |
Petrolioaren olio finduak | 806.885 | 1.165.593 | 11,4 | 44,5 |
Automobilentzako zati eta osagarriak | 586.762 | 681.145 | 6,7 | 16,1 |
Kautxuzko pneumatiko berriak | 576.384 | 677.742 | 6,6 | 17,6 |
0,2 mm baino gehiagoko lodiera duten aluminiozko xaflak eta tirak | 200.862 | 318.439 | 3,1 | 58,5 |
Landu gabeko aluminioa | 89.251 | 223.140 | 2,2 | 150,0 |
Altzairu herdoilgaitzezko barra eta profilak | 158.046 | 216.713 | 2,1 | 37,1 |
Beroan ijeztutako produktu lauak, aleatu gabeko burdinazkoak edo altzairuzkoak, 599 mm-tik gorako zabalerakoak | 66.644 | 216.065 | 2,1 | 224,2 |
Aduana-tarifan berariaz jasota ez dauden merkantziak | 124.611 | 210.859 | 2,1 | 69,2 |
Transformadore elektrikoak, bihurgailu estatikoak eta erreaktantzia-bobina | 107.044 | 204.947 | 2,0 | 91,5 |
Kobre findu gabe; fintze elektrolitikorako kobre anodoak | 249.796 | 198.457 | 1,9 | -20,6 |
(p)Behinbehineko datuak
Data 2022ko Otsailaren 25a
Iturria: Eustat. Kanpo-merkataritzaren estatistika
Bizkaiko inportazioek honako hauek dituzte buru: “Petrolioaren edo mineral bituminosoaren olio gordinak” (3.148,2 milioi) eta, bigarrenik, “Petrolioaren olio finduak” (964,4 milioi). “Soja-babak, baita hautsiak ere” (484,2 milioi) hirugarren postuan daude, eta finkatu egin dute indarra, azken denboretan. Nabarmendu beharreko beste partida batzuk, aurten izan duten garrantziagatik: “Petrolio-gasa eta gainerako hidrokarburo gaseosoak” (355 milioi) eta “Industria kimikoko eta lotutako beste prestakin eta produktu batzuk” (319 milioi).
XEDE DIREN HERRIALDEAK
Bizkaiaren kasuan, sei herrialdetan gertatzen da kontzentrazio esportatzailea, eta 6.032,6 milioi eragiten du horrek, guztizkoaren % 59. Lehenik eta behin, Frantzia dago (1.558 milioi); “Galdaketa, burdina eta altzairuzko produktuak” nagusitzen dira (herrialde horretara esportatutako guztiaren % 19,8), bai eta “Erregai mineralak” (% 10,9) eta “Automobilak eta haien zatiak” (% 10,1) ere. Ondoren, Alemania dago (1.184,6 milioi): % 25,2 “Galdaketa, burdina eta altzairuzko produktuei” dagokiela, % 18,6 “Automobil eta haien zatiei” eta % 13,2 “Kautxu eta kautxuzko manufakturei”. Jarraian, Herbehereak daude (856 milioi); % 31,4 “Erregai mineralei” dagokie, % 20,4 “Koipe eta olio mineralei” eta % 11,4 “Aluminio eta aluminiozko manufakturei”. Laugarren postuan Belgika dago (833 milioi); kopuru horretatik, % 40,6 “Erregai mineralak” dira. Azken produktu hori nagusi da, halaber, Ameriketako Estatu Batuetara bideratutako esportazioetan (guztizkoaren 816 milioi), % 46 baitagokie. Erresuma Batuari, Bizkaitik, 784 milioi euro saltzen zaizkio, guztira.
GIPUZKOA
2021ean, Gipuzkoako lurralde historikoko ondasunen esportazioek % 17,1 egin zuten gora (1.184,8 milioi), 2020arekin alderatuta, baina % 4,8 egin zuten atzera (485,6 milioi), 2019arekin alderatuta; 8.120 milioi eurora iritsi ziren.
Inportazioak % 29,3 (1.054 milioi) igo ziren, 2020arekin alderatuta, eta % 9,6 (406,5 milioi), 2019arekin alderatuta; 4.650,3 milioi eurora iritsi ziren. Ondorioz, estaldura-tasa % 174,6koa izan zen; alegia, inportatutakoa baino gehiago esportatzen da.
Merkataritza hori funtsean “Errepidez” egiten da; % 66, esportazioen kasuan, eta % 67, inportazioen kasuan. Erabiltzen den beste garraiobidea “Itsasokoa” da; % 29, esportazioen kasuan, eta % 26, inportazioen kasuan.
MERKATURATUTAKO PRODUKTUAK
Gipuzkoako esportazioetan, 2021ean, automobilgintzarekin zerikusia duten produktuak nagusitu dira. Hala, rankingeko lehen produktua “Automobilentzako zati eta osagarriak” (667 milioi) da, laugarrena Burdinbide eta antzekoetarako ibilgailuen parteak” (329 milioi) eta seigarrena “Trenbide eta antzekoen mantentze- edo zerbitzu-lanetarako ibilgailuak” (195 milioi). Gipuzkoan 886 muga-zergen partida mota esportatu dira, guztira, eta, haietatik, 318 milioi bat euro baino gehiagokoak.
Gipuzkoako arantzel-partida esportatzaile nagusiak. Milaka euro (p). Metatua urtarrila - abendua 2021
| 2020 | 2021 | 2021
% | 2021 / 2020
% |
Guztira | 6.935.225 | 8.119.992 | 100 | 17,1 |
Automobilentzako zati eta osagarriak | 643.185 | 667.083 | 8,2 | 3,7 |
Burdinazko edo aleatu gabeko altzairuzko profilak | 318.577 | 629.737 | 7,8 | 97,7 |
Txorrotetarako artikuluak, balbulak eta antzekoak tutuetarako | 331.166 | 382.781 | 4,7 | 15,6 |
Burdinbide eta antzekoetarako ibilgailuen parteak | 345.113 | 329.415 | 4,1 | -4,5 |
Hariak, isolatutako eroale elektrikoko kableak eta zuntz optikoko kableak | 149.489 | 214.089 | 2,6 | 43,2 |
Trenbideak eta antzekoak mantentzeko edo zerbitzatzeko ibilgailuak | 12.727 | 194.919 | 2,4 | 1431,6 |
Ontziak eta paketatzeko aparatuak garbitzeko, betetzeko, ixteko, etiketatzeko makinak | 150.076 | 184.265 | 2,3 | 22,8 |
Metal arruntezko giltzarrapo, sarraila, morroilo eta giltzak | 164.716 | 183.280 | 2,3 | 11,3 |
Igogailuak, eskailera mekanikoak, garraiagailuak... | 168.957 | 170.431 | 2,1 | 0,9 |
Burdina edo altzairuzko gainerako manufakturak | 145.411 | 161.858 | 2,0 | 11,3 |
(p)Behinbehineko datuak
Data 2022ko Otsailaren 25a
Iturria: Eustat. Kanpo-merkataritzaren estatistika
Gipuzkoako inportazioetan honako hauek nabarmendu behar dira, garrantzia kontuan hartuta, eta partida garrantzitsuenen barruan: “Galdaketako, burdinazko edo altzairuzko txatarrari” dagozkion 227 milioi, “Egur sosa-ore kimikoa edo sulfato-oreari” dagozkion 152 milioi, “Burdinbide eta antzekoetarako ibilgailuen parteei” dagozkien 196 milioi, ”Automobilentzako zati eta osagarriri" dagokien 120,7 milioi eta “Arrain fresko edo hoztuari” dagozkion 99,6 milioi.
XEDE DIREN HERRIALDEAK
Gipuzkoaren kasuan, kontzentrazio esportatzailea zazpi herrialdetan gertatzen da, eta 4.514,8 milioi eragiten du horrek, guztizkoaren % 55,6. Lehenik eta behin, Frantzia dago (1.468,5 milioi); “Galdarak, makinak eta tresna mekanikoak” nagusitzen dira (herrialde horretara esportatutako guztiaren % 14,4), bai eta “Galdaketa, burdina eta altzairuzko manufakturak” (% 12,5) eta “Automobilak eta haien zatiak” (% 12,0) ere. Ondoren, Alemania dago (839,6 milioi): % 26,5 “Galdara, makina eta tresna mekanikoei” dagokie, % 19,3 “Automobil eta haien zatiei” eta % 17,0 “Galdaketa, burdina eta altzairuzko manufakturei”. Jarraian, Erresuma Batua dago (511,2 milioi): % 388,8 “Galdaketa, burdina eta altzairuzko produktuei” dagokie, % 16,8 “Galdara, makina eta tresna mekanikoei” eta % 9,1 “Automobil eta haien zatiei”. Laugarren postuan Ameriketako Estatu Batuak daude (496,6 milioi): % 44,7 “Galdara, makina eta tresna mekanikoei” dagokie eta % 8,8 “Arma eta munizio, horien parte eta osagarriei”. Herrialde horren ondoren, Italia dago (456,5 milioi): % 26,4 “Galdara, makina eta tresna mekanikoei” dagokie, % 13,2 “Makina, aparatu eta material elektrikoari” eta % 12,0 “Automobil eta haien zatiei”. Ondoren, Portugal (391 milioi) eta Herbehereak (351 milioi) daude.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62