2022/07/21eko prentsa-oharra
EUSKAL URTEKARI ESTATISTIKOA. 2022
Emakumezko okupatuek 4,9 ordu eman zituzten seme-alaba adingabeak zaintzen Euskal AEn, eta gizonezko okupatuek 3,5 ordu, 2021ean
Emakumezko okupatu horiek batez beste 2,1 ordu ematen dituzte egunean etxeko lanetan, 4,9 ordu seme-alaba adingabeak zaintzen eta 2,2 ordu mendeko pertsonak zaintzen; gizonezko okupatuek, berriz, 1,6 ordu, 3,5 ordu eta 1,4 ordu ematen dituzte zeregin horietan, hurrenez hurren
“2022ko Euskal Urtekari Estatistikoa” Eustaten argitalpen bat da, eta haren helburua da 2022an eskuragarri dauden datu estatistiko garrantzitsuenak —Euskal AEko demografia-, ekonomia-, gizarte-, kultura- eta politika-arloei dagozkienak— zabaltzea.
Urtekaria egituratuta dagoen bost eremu nagusiak hauek dira: Biztanleria, Ekonomia, Gizartea, Lurraldea eta Ingurumena, eta Informazioaren Gizartea eta I+G+b.
Argitalpenean esaten da 2021ean Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleria osoa 2.193.199 pertsonakoa zela. Sexuaren arabera, gizonen kopurua 1.064.041 zen eta emakumeena 1.129.158.
Ekonomiari buruzko atalean, enpresei eta establezimenduei buruzko kapituluan adierazten denez, 2021/01/01ean 169.897 establezimendu zeuden, eta horietan 909.442 enplegatu zeuden guztira: 509.134 gizon eta 400.308 emakume. Gainera, 2021ean, Euskal AEko BPGd-aren % 69,2 zerbitzuen sektoreak sortu zuen, % 24,2 industriak, % 5,8 eraikuntzak eta % 0,8 lehen sektoreak. BPGd-aren lurraldekako banaketari dagokionez, 2021eko behin-behineko datuekin, BPGd-aren % 50,5 Bizkaiari zegokion, % 33,7 Gipuzkoari eta gainerako % 15,8 Arabari.
Lan-merkatuari dagokionez, Gizartearen arloan islatzen da, eta, besteak beste, okupazio- eta langabezia-tasei buruzko datuak ematen dira. Euskal AEko okupazio-tasa % 67,7ra iritsi zen 2021ean, aurreko urtean baino ehuneko 1,1 puntu gehiago. Langabezia-tasa batez beste % 10era igo zen 2021ean, 2020an baino ehuneko 0,6 puntu gutxiago.
Hezkuntzari buruzko kapituluan aipatzen denez, 2021-2022 ikasturtean ikasketak egin zituzten unibertsitatez kanpoko araubide orokorreko irakaskuntzetako 376.583 ikasleetatik 255.639k D ereduan ikasi zuten, 64.406k B ereduan, 54.288k A ereduan eta, azkenik, 2.250k X ereduan. Ikastetxearen titulartasunari dagokionez, 197.216 ikastetxe publikotan matrikulatu ziren eta 179.367 ikastetxe pribatutan.
Gainera, gizarte-ohiturei eta errentari buruzko kapituluan, 2021ean, Euskal AEko emakumezko okupatuek batez beste 2,1 ordu eman zituzten egunean etxeko lanetan, 4,9 ordu seme-alaba adingabeak zaintzen eta 2,2 ordu mendeko pertsonak zaintzen; gizonezko okupatuek, berriz, batez beste 1,6 ordu, 3,5 ordu eta 1,4 ordu eman zituzten zeregin horietan, hurrenez hurren.
Lurralde eta ingurumen arloan bildutako datuei dagokienez, Euskal AEko lurzoruaren okupazio-egoera ikus daiteke. 2021ean, bizitegi-lurzoruari azalera osoaren % 2,6 zegokion, jarduera ekonomikoen lurzoruari % 1,9, sistema orokorrek okupatutako lurzoruari % 4,2 eta lurzoru urbanizaezinari % 91,3.
Azken atalean Informazioaren Gizartea eta I+G+b sartzen dira. 2021ean, Euskal AEko etxeen % 74,3k ordenagailua zuten; familien % 87,4k Interneterako konexioa zuten etxeetan, eta etxe horien % 97,2k telefono mugikorra zuten.
2022ko Euskal Urtekari Estatistikoaren edizio elektroniko osoa esteka honetan kontsulta daiteke: Euskal Urtekari Estatistikoa 2022 (pdf, 3,0mb)..
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62