2023/02/10eko prentsa-oharra
EMAKUME ETA NESKA ZIENTZIALARIEN NAZIOARTEKO EGUNA. 2023
Euskal AEn, 12.497 emakume aritzen dira I+Garen arloan, eta kopuru hori esparru horretan diharduten pertsona guztien % 37,2 da
Bioteknologiaren sektorean diharduten emakumeak, berriz, % 59,6 dira
Bihar, otsailak 11, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatuko da, emakumeek Zientziaren munduan duten presentziari agerikotasuna emateko helburuarekin. Testuinguru horretan, Eustat - Euskal Estatistika Erakundeak, bere datuen bidez, emakumeek esparru horretan duten parte-hartzea aztertzen du, bai lan-arloan, bai bigarren mailako irakaskuntzan eta unibertsitate-irakaskuntzan ere.
Eustatek landutako datuen arabera, Euskal AEn guztira 33.591 pertsona aritzen dira I+Daren arloan (2021), eta, haietatik, 12.497 emakumeak dira. Emakumeek sektore horretan duten presentziak urtez urte gora egin badu eta bilakaera positiboa izan bada ere, emakumeak I+Gan lan egiten duten pertsona guztien % 37,2 baino ez dira oraindik. Azken 18 urteetan, emakumeen presentziak 5,9 portzentaje-puntuko igoera izan du. Izan ere, emakumeak % 31,3 ziren 2003. urtean.
Emakume gehienak ikertzaileak dira (8.120). Nolanahi ere, kopuru hori gizonena (14.074) baino askoz txikiagoa da. Emakume teknikariak, berriz, 3.071 dira (gizonak 5.624). Azkenik, laguntzaileen kasuan, aldea txikiagoa da (1.305 emakume eta 1.390 gizon).
Zientzia-diziplinak kontuan hartuta, I+Garen esparruan diharduten pertsona gehien biltzen dituen jarduera Ingeniaritza da. Guztira, 20.939 pertsona dira, hau da, guztien % 62,3. Haien artean, emakumeak 5.786 dira (% 27,6), hau da, gizonak baino askoz gutxiago (izan ere, gizonak 15.153 dira, hau da, % 72,4), emakume gehien biltzen dituen zientzia-diziplina bada ere. Emakumeak gizonak baino gehiago diren diziplinen artean, berriz, alderik handiena agertzen duena Medikuntza Zientzien diziplina da. Kasu horretan, emakumeak % 59,8 dira (2.860), eta gizonak, berriz, % 40,2 (1.922).
Ildo horretan, eta I+Garen barruan, bioteknologiaren sektorea nabarmentzen da, emakumeak % 48 gehiago baitira. Sektore horretan, 1.501 emakumek (guztien % 59,7k) eta 1.015 gizonek (% 40,3) dihardute.
Zientziaren adarreko ikasketak egiten dituzten emakume gehienek osasun-zientzietako graduak egiten dituzte
Unibertsitatean, % 54 emakumeak dira (69.933tik 37.900, zehazki). Unibertsitatean ikasten duten emakume guztietatik, 19.867k Gizarte eta Lege Zientzietako ikasketak egiten dituzte, eta horixe da ikasle gehien biltzen dituen adarra (33.623 ikasle).
Zientzia-adarreko ikasketak egiten dituzten emakume gehienak (7.140) Osasun Zientzietan matrikulatu dira; gizonak, berriz, 2.146 baino ez dira. Ingeniaritza, berriz, ikasle kopururik handiena biltzen duen bigarren adarra eta adarrik maskulinizatuenetako bat da (16.298 ikasletik 11.666 gizonak dira). Emakumeak, berriz, 4.632 dira. Azkenik, parekotasunik handiena Zientzien adarrean agertzen da (2.245 emakume eta 2.172 gizon).
Lanbide Heziketan, emakumeak % 35 dira, eta, unibertsitatean bezala, gehienek Osasunaren adarra aukeratu dute (% 75,6k). Ikasle kopuru handia biltzen duen beste adar bat Kimika da. Kasu horretan, emakumeak % 58,7 dira. Ikasle gehien biltzen dituzten arloen artean, alderik handienak Elektrizitatean eta Elektronikan agertzen dira. Izan ere, emakumeak % 6,1 baino ez dira.
Batxilergoari dagokionez, Zientzien batxilergoan mutilen eta nesken proportzioa oso antzekoa da (neskak % 48,8 dira). Giza eta Gizarte Zientzietako batxilergoen kasuan, aldea handiagoa da, eta feminizatuago daude. Zehazki, Gizarte Zientzietan, emakumeak % 57,7 dira, eta gizonak, berriz, % 42,3. Era berean, Giza Zientzietan emakumeak eta gizonak % 57,7 eta % 42,3 dira, hurrenez hurren.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62