2023/03/08ko prentsa-oharra
EMAKUMEEN NAZIOARTEKO EGUNA. 2023
Zuzendaritza-karguetan dauden emakumeen proportzioa ehuneko 4 puntu baino gehiago jaitsi da 2015-2021 aldian eta errenta-maila altuenetan dauden gizonen ehunekoa hirukoiztu egin da emakumeen aldean
Emakumeak lan-merkatuan erabat sartu ez izanak, baldintzarik okerrenek eta lanaldi bikoitzak eragina dute haiek botere-postuak lortzeko dituzten aukeretan
Euskal AEko emakumeek ez dute behar adinako ordezkaritza botere-postuetan beren pisu demografikoari dagokionez, batez ere eremu pribatuan. Hori ondorioztatzen da Eustat-Euskal Estatistika Erakundeak emakumeen lidergoari buruz egindako txostenetik, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta.
Genero Berdintasunaren Indizea (GBI) eskala honetan laburbiltzen den adierazlea da: 1etik (erabateko desberdintasuna) 100era (berdintasun osoa). Hala, 73,1ean kokatzen da Euskal AEn 2019an (eskuragarri dagoen azken datua), bi urte lehenago baino bi puntu gehiago. Indizeak jasotzen dituen sei eremuen artean (Enplegua, Dirua, Ezagutza, Denbora, Boterea eta Osasuna), Boterearen eremua da zifrarik txarrena duena, 62,7. Emakumeak botere ekonomiko eta sozialaren eremuan duen ordezkaritza berdintasunetik oso urrun dago, 45,1 eta 56,5, hurrenez hurren. Botere publiko/politikoaren eremuan, berriz, non Legeak arautzen duen berdintasuna, 96,7 da. Horrek erakusten du eremu publiko/politikoaren eta pribatu/ekonomikoaren arteko aldea dagoela boterea banatzerakoan.
Genero-berdintasunaren indizea. Boterearen dimentsioa. Euskal AE. 2017-2019
| | 2017 | 2019 |
| Genero berdintasunaren indizea | 71,1 | 73,1 |
| Botere dimentsioa | 58,0 | 62,7 |
| Politiko | 87,7 | 96,7 |
| Ekonomiko | 41,3 | 45,1 |
| Lan arlokoa | 53,9 | 56,5 |
Data 2023ko Martxoaren 8a
Oinarria: Eustat. Genero berdintasunaren indizea
Zuzendaritza-karguak eta botere ekonomikoa
Txostenaren datuen arabera, Euskal AEn, zuzendaritza-karguetan dauden emakumeen proportzioa ehuneko 4 puntu baino gehiago jaitsi da 2015 eta 2021 artean. 2021ean, zuzendaritza-karguen % 32,26 (eremu publikoa eta pribatua) emakumeak dira, eta zifra % 25,58ra jaisten da goi-zuzendarien eta enpresaburuen kasuan, % 33,41.
Aztertu den eta boterearekin lotura duen beste adierazle bat errenta da, eta nabarmentzekoa da errenta-maila altuenetan gizonen ehunekoa emakumeena baino hiru aldiz handiagoa dela. Zehazki, tarterik altuenean (> 102.000 €), gizonen ehunekoa % 1,48 da, eta emakumeena % 0,47. Gainera, emakumeen batez besteko errenta pertsonala gizonena baino txikiagoa da (9.500 euro inguru) eta alde hori ez da arindu azken 15 urteetan.
Emakumeak lan-merkatuan erabat sartu gabe, baldintza okerragoak eta lanaldi bikoitza
Emakumeek beren karrera profesionalean gora egiteko eta botere- eta lidergo-postuak lortzeko dituzten aukeretan eragina duten faktoreak dira haiek lan-merkatuan erabat sartu ez izana eta, gainera, baldintza okerragoetan sartzea, nahiz eta prestakuntza hobea izan.
Datuen arabera, 2022an, batez beste 504.100 emakumek lan egiten zuten edo lan egiteko prest zeuden, eta 546.400 gizonek. Datuak lortu zirenetik aldea pixkanaka murrizten joan bada ere (1985ean gizon aktiboen kopurua emakume aktiboen kopuruaren bikoitza zen), emakumea lan-merkatuan baldintza okerragoetan sartu da; izan ere, gizonek emakumeek baino gehiago dituzte kontratu mugagabeak eta lanaldi osoak.
Hala, batez beste, 273.000 emakumek sinatu zuten kontratu mugagabe/finko bat, eta 303.700 gizonek. Hala ere, aldi baterako kontratuen kasuan, 115.200 emakumeentzat izan ziren eta 88.200 gizonentzat, eta guztizkoa askoz txikiagoa bada ere, bikoitza baino gehiago dira lan-kontraturik gabe lan egin zuten emakumeak gizonen aldean (5.700 emakumeak eta 2.300 gizonak).
Era berean, Euskal AEn lanaldi partzialeko kontratu batekin lan egiten duten emakumeen ehunekoa gizonena baino hiru aldiz handiagoa da. 2020an, datu eskuragarriekin, emakume landunen % 22,7k lanaldi partzialean lan egiten zuten, eta gizonen % 7k.
Azkenik, lan-merkatuan eta baldintza okerragoetan emakumeak presentzia txikiagoa izatea azal dezakeen beste faktore erabakigarri bat, bere karrera profesionala gizonena baino gehiago mugatuz, kontziliazioan eta lanaldi bikoitzean aurkitzen dugu. Azpimarratzekoa da emakumeek gizonek baino ordu gehiago ematen dituztela egunero etxeko lanetan, adingabeak eta mendeko pertsonak zaintzen. Zehazki, 2021ean, batez beste 9,5 ordu ematen zituzten egunean, eta gizonek, 6,5. 2011tik aurrera, ordu kopuru hori egonkor mantendu da eguneko 9,5 ordu horien inguruan.
Euskal AEko biztanleria okupatuaren eguneko batez besteko denbora etxeko lanetan, sexuaren arabera. Orduak. 2010-2021
| | 2010 | 2011 | 2012 | 2013 | 2015 | 2016 | 2017 | 2018 | 2019 | 2020 | 2021 |
| Gizonak | | | | | | | | | | | |
| Etxeko lanak | 1,3 | 1,3 | 1,4 | 1,4 | 1,2 | 1,2 | 1,5 | 1,4 | 1,5 | 1,6 | 1,6 |
| Adingabeko seme-alaben zaintza | 2,8 | 2,8 | 2,9 | 3,1 | 2,9 | 3,3 | 3,3 | 3,3 | 3,3 | 3,4 | 3,5 |
| Mendeko pertsonen zaintza | 1,9 | 1,6 | 1,4 | 1,5 | 1,5 | 1,1 | 1,4 | 1,4 | 1,5 | 1,6 | 1,4 |
| Emakumeak | | | | | | | | | | | |
| Etxeko lanak | 2,3 | 2,2 | 2,2 | 2,2 | 2,1 | 2,0 | 2,2 | 2,1 | 2,1 | 2,2 | 2,1 |
| Adingabeko seme-alaben zaintza | 4,7 | 4,7 | 4,6 | 4,9 | 4,5 | 4,7 | 5,1 | 4,7 | 4,7 | 4,6 | 4,9 |
| Mendeko pertsonen zaintza | 4,3 | 2,8 | 2,9 | 2,3 | 2,1 | 2,7 | 2,0 | 2,4 | 2,3 | 2,3 | 2,2 |
Data 2023ko Martxoaren 8a
Iturria: Eustat. Lana, familia eta norberaren bizitza bateratzeari buruzko inkesta
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62