2022/04/20ko prentsa-oharra
2030 AGENDAKO GARAPEN JASANGARRIAREN ADIERAZLEAK. 2022
Emakumeek Euskal AEko osasun-erakundeetan, justizia-administrazio autonomikoan eta unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan dute bereziki presentzia
Indar armatuetan, Estatuko segurtasun-kidegoetan eta polizia autonomikoan, aldiz, presentzia txikia dute oraindik ere
Euskal AEko administrazio publikoetan, 2021ean, emakumeek osasun-erakundeetako, autonomia-erkidegoko justizia-administrazioko eta unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako lanpostuak betetzen zituzten, eta ia kasu guztietan egin zuten gora 2015. urtearekin alderatuta (2030 Agendaren erreferentzia-urtea da hori). Indar armatuetan eta Estatuko segurtasun-kidegoetan eta polizia autonomikoan duten presentzia askoz ere apalagoa da, aurrerapen batzuk egin badira ere.
Eustatek jarraitzen du konpromisoarekin etengabe zabaldu eta banakatzeko adierazle estatistikoen multzoa zeinek Euskal AEn kuantifikatzea ahalbidetzen baitu Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako 2030 Agendako 169 helmugen eta 17 Garapen Jasangarriko Helburuen lorpen-maila.
Oraingoan, guztira 26 estatistika-adierazle berri sartu dira Eustaten Euskal AEko Garapen Jasangarrirako 2030 Agendaren adierazleen zabalkunderako plataforman. Horiek guztiak Autonomia-erkidegoen arteko metodologia harmonizatuaren arabera definitu dira, eta, beraz, erabat eta zuzenean erkatu ahal izatea bermatuta dago.
Eustaten plataforman sartzen diren adierazleen artean, Euskal AEn jada informatuta dauden Nazio Batuen helburuak, helmugak edo adierazleak osatzen dituztenak, honako hauek daude: Euskal AEn emakumeek okupatutako plazen proportzioaren ratioak, 16-64 urteko emakumeen proportzioarekiko, Estatuko, autonomiako, foruko eta tokiko sektore publikoko hainbat erakundetan. Administrazio publikoan emakumearen presentzian aurrerapenak egin badira ere, oraindik ere urrun da parekotasunetik indar armatuetan, Estatuko segurtasun-indar eta -kidegoetan eta Euskal AEko polizia-kidego autonomikoan. Horietan guztietan, Euskal AEn emakumeek okupatutako plazen proportzioaren ratioa, 16 eta 64 urte bitarteko emakumeen proportzioarekin alderatuta, 2021. urtean 0,25 inguruan kokatzen da, 2015. urtearekin alderatuta aurrerapen txiki bat izan ondoren. Era berean, Euskal AEn dagoen Estatuko sektore publikoan emakumeak duen presentzia ere urrun dago unitate-balioko ratioak ekarriko lukeen ordezkaritza orekatutik.
Beste muturrean, emakumeen presentzia oso altua izanik, osasun-erakunde autonomikoak, justizia-administrazio autonomikoa eta zentrala, unibertsitateaz kanpoko ikastetxeak eta sektore publiko autonomikoa daude.
Eustatek lanean jarraitzen du Euskal AEko Garapen Jasangarrirako 2030 Agendaren adierazleak hedatzeko plataforman adierazle berriak etengabe sartzeko, bai jada argitaraturiko estatistika-adierazleen desagregazioak eskaintzeko, bai orain arte bete ez diren helmugen berri ematen duten adierazle berriak sartzeko. Eustaten lehentasuna da gutxien informaturiko Garapen Jasangarriko Helburuetan adierazle berriak sartzea, baita Euskal AEn erabilgarri dauden adierazleen desagregazio geografikoa ere.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tlf: 945 01 75 62