2023/01/30eko prentsa-oharra
GARAPEN JASANGARRIRAKO 2030 AGENDAREN ADIERAZLEAK. UDAL MAILAKO DATUAK.
Langabezia-tasak, garapen jasangarrirako 8. helburuaren adierazleak, Euskal AEko 251 udalerrietako 235etan egin du behera, 2015aren eta 2021aren artean
Eskualdeen erdietan gora egin du edo eutsi egiten zaio baso-azalerari, lurreko ekosistemei buruzko 15. helburuari lotutako adierazlearen arabera
Eustatek jarraitzen du Euskal AEn Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako 2030eko Agendan jasotzen diren 169 xedeen eta garapenerako lankidetzako 17 helburuen betetze-maila kalkulatu ahal izateko estatistika-adierazleak etengabe areagotzeko eta bereizteko duen konpromisoarekin.
Oraingoan, beste urrats bat gehiago eman da, eta lehen aldiz sartu dira Euskal AEko 251 udalerrien datuak eta 20 estatistika-eskualdeenak. Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiarekin koordinatutako lanetik abiatuta eta Euskal AEko erakunde-mailen –Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak eta udalak– parte-hartzearekin, Euskal AEko udalerri bakoitzaren kasuan, 53 estatistika-adierazle bereiztea lortu da. Haiek Nazio Batuen 20 helmugari buruzko informazioa ematen dute, garapen jasangarrirako 12 helburutan banatuta, eta hemen daude eskuragarri: Eustaten Euskal AEko garapen jasangarrirako 2030 Agendaren adierazleak zabaltzeko plataforma. Adierazleetako batzuetarako, gainera, sexuaren arabera bereizitako serieak ageri dira.
Azken horien artean, Desenplegu-tasa edo langabezia-tasa (8. helburuarekin bat dator, Guztiontzako hazkunde ekonomiko jarraitua, inklusiboa eta jasangarria, osoko enplegu produktiboa eta lan duina sustatzea) adierazlea dago, eta hura udalerriaren eta sexuaren arabera bereizita egoteak aukera ematen du fenomenoa zenbait ikuspegitatik ikusteko, ez soilik denbora-ikuspegitik.
Udalerrien erdiek baino pixka bat gehiagok (140), 2021ean, langabezia-tasa Euskal AEko batez bestekoaren (% 9,9) azpitik dute. Gainerako 111 udalerrietan, tasa gainetik dago. 9 udalerritan –7 Gipuzkoakoak eta 2 Bizkaikoak–, erabateko enpleguaren helburua ia beteta dago; izan ere, % 4tik beherako langabezia-tasak dituzte. Aduna, Garai, Orexa, Orendain, Zerain, Izurtza, Abaltzisketa, Gaintza eta Errezil, guztiak 600 biztanle baino gutxiagokoak. Gainera, erreferentziatzat hartutako urteari dagokionez –2015a–, 235 udalerritan, langabezia-tasak behera egin du, eta Berantevilla nabarmentzen da, ehuneko 14 puntu egin baititu behera.
Udal- eta eskualde-mailan bereizitako beste adierazle bat Batez besteko errenta erabilgarri pertsonala da, 1. helburuari lotua, eta xede du Pobrezia mota guztiak desagertzea mundu osoan. 2015. urteari dagokionez, batez besteko errenta erabilgarri pertsonalak 251 udalerritako 240tan gora egin du, eta haietako 127tan, Euskal AE osoko batez bestekoaren gainetik (% 11,2). Izurtza nabarmentzen da, bertan errenta erabilgarri pertsonala bikoiztu egin baita bost urtean.
15. helburuarekin lotuta (Lehorreko bizitza babestea, lehengoratzea eta modu jasangarrian erabili dadila sustatzea, basoak modu jasangarrian kudeatzea, basamortutzearen aurka borrokatzea, lurren degradazioa inbertitzea eta biodibertsitatearen galera gelditzea), Basoen azalera, azalera osoarekiko proportzioan adierazlea dago, eta, 2021ean, % 54,8koa da, Espainiako datuaren oso gainetik –2018an % 36,5ekoa izan zen– eta autonomia-erkidego guzti-guztien gainetik.
Lurralde historikoen arabera, Gipuzkoa nabarmentzen da baso-azaleraren proportzio handiena duen lurralde gisa, % 61,6ra iristen baita. Bizkaia % 59,6ra iristen da eta Araba, % 46,8ra. Udalerrien arabera, 251 udalerrietako 145 batez bestekoaren gainetik daude, eta 106, azpitik.
Helmugarako aurrerapenari dagokionez –basoak mantentzea eta kontserbatzea ditu ardatz–, 25 udalerritan, azalera osoaren gaineko ehuneko puntu bat baino gehiagoko igoerak izan dira baso-azaleran, 2016aren eta 2021aren artean, baina 64tan puntu bat baino gehiagoko atzerapenak ere izan dira. Eskualdeen arabera, egoera orekatuta dago: erdian, aurrera egin da edo eutsi egin zaie eta, beste erdian, atzera egin da.
Adierazle horiek Euskal AEko garapen jasangarrirako 2030 Agendaren adierazleak zabaltzeko plataforman daude eskuragarri; Eustaten web-orritik eskura daitezke. Gaur egun, Eustaten plataformak 280 estatistika-adierazle jasotzen ditu, eta, haien bidez, Nazio Batuen 112 adierazle globalen eta 2030 Agendaren 85 helmugaren berri ematen da. Agendaren 17 helburuen berri ematen da, behintzat zati batean.
Plataforma horretan, parrilla-formatuan, helmuga eta helburuei lotutako 280 adierazleak ageri dira. Joerari buruzko zantzu bat erakusteaz gainera, ikono bat ere ageri da, eta hark esaten digu adierazlea udal-mailan zabaltzen ote den, eskuragarri dagoen azken datuarekin batera eta erreferentziazko urtekoarekin batera.
Adierazle bakoitzetik abiatuta, pantaila batera sartuko gara, eta, bertan, informazio osoa, numerikoa eta grafikoa ageri da, metadatuekin batera; hori guztia, Nazio Batuen adierazlean kokatuta. Era berean, zer helmugari lotuta dagoen. Gainera, helmuga berari lotutako gainerako adierazleetara ere sar gaitezke eta, hori guztia, Nazio Batuen adierazleen esparruaren itxurarekin eta konfigurazio grafikoarekin.
Eustatek jarraitzen du Eustaten Euskal AEko garapen jasangarrirako 2030 Agendaren adierazleak zabaltzeko plataforma etengabe garatzeko lanean, batetik, dagoeneko argitaratutako estatistika-adierazleen bereizketak eskaintzeko, eta, bestetik, egun arte bete ez diren xedeen gaineko informazioa ematen duten adierazle berriak sartzeko.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tel.: 945 01 75 62