2020/12/17ko prentsa-oharra

2030 AGENDAKO GARAPEN JASANGARRIAREN ADIERAZLEAK. 2020

Facebooken zabal ezazu Twitterren zabal ezazu Helbide elektronikoan zabal ezazu pdf Produktuen zerrenda

Eustatek Euskal AEko Garapen Jasangarriaren 2030 Agendako helburu eta xedeetarako aurrerapena kuantifikatu du

2030 Agendako adierazleak, lurralde-maila guztietan, modu integratuan biltzen dira Eustaten webgunean dagoen plataforma batean.

2015eko irailean, Nazio Batuen Batzar Nagusiak Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda onartu zuen. Bertan, Garapen Jasangarrirako 17 Helburu (GJH) ezarri ziren, maila globaleko ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-arloak barne hartzen dituzten 169 xederekin.

2030 Agendaren jarraipena egiteko, Nazio Batuen Batzar Nagusiak Munduko adierazleen esparrua onartu zuen 2017ko uztailean. Esparru hori, unibertsaltasun-, integrazio- eta partaidetza-printzipioei jarraitzen dieten 244 adierazlek osatzen dute. Sistema estatistikoetako estatistikak eta datu ofizialak dira esparru hori gauzatzeko beharrezko oinarria.

2020. urtearen hasieran egindako berrikuspen sakonaren ondoren, Garapen Jasangarrirako Helburuen munduko adierazleen eta Garapen Jasangarrirako 2030 Agendako xedeen Esparruak munduko 247 adierazle biltzen ditu gaur egun (231 adierazle desberdin dira, batzuk helburu batean baino gehiagotan baitaude).

Nazio Batuen Estatistika Dibisioak Garapen Jasangarrirako Adierazle Globalen Datu Basea zabaltzeko plataforma garatu du. Bertan, mundu mailako datu-base bat eta adierazle bakoitzari lotutako metadatuen gordailu bat daude.

2019-2022 Euskal Estatistika Planaren Legea onartu ondoren, EUSTATek, erakunde arduradun gisa, 2030 Agendako Garapen Jasangarriaren Adierazleak izeneko estatistika-eragiketa jarri zuen abian 2019an. Eragiketa horren helburua, betiere, Nazio Batuek ezarritako esparruarekin lerrokatuta egongo diren estatistika-adierazleen sorta gizarte-eragileen eskura jartzea da, helburuen eta xedeen betetze-maila etengabe monitorizatu ahal izateko. Adierazleak etengabe eguneratzeak oso informazio kuantitatibo baliotsua emango du erabakiak hartzeko eta horien eraginak kuantifikatzeko.

Euskal AEko 2030 Agendako Garapen Jasangarriaren adierazleak zabaltzeko Eustaten plataforma, lurralde-maila guztietan beren eremu geografikoari erreferentzia egiten dioten garapen jasangarriko adierazle guztiak modu integratuan taldekatzeko helburu sendoarekin sortu da. Etengabe hobetzen ari den tresna da, eta adierazle berriak sartu ahala zabalduko da, gaur egun beteta dauden xedeak (eremu geografiko txikiagoen, generoaren, adin-taldeen, errenta-tarteen eta bestelakoen araberako banakapenak) modu fokalizatuagoan neurtzeko, eta oraindik kuantifikatzeko dauden helburuetarako adierazle estatistikoak lortzeko.

Euskal AEko adierazleen joera nagusiak 2030 Agendako Garapen Jasangarriaren Helburu bakoitzean

Eustaten plataformaren adierazle gehienak 2010etik aurrera kalkulatu dira Euskal AErako. Dena den, Agenda abian jarri zen urtetik (2015) hurbilen dagoen urtea eta eskuragarri dagoen azken urtea hartzen dira joera definitzeko erreferentzia gisa. Joera banan-banan definitzen da adierazle bakoitzerako, eta ez da definitu banaka aztertuta helbururantz doan aurrerapena egitea ahalbidetzen ez duen kasuetan.

Pobrezia modu guztiei amaiera emateko helburuari dagokionez, 2014. urtearekin alderatuta joera positiboa ikusten da pobrezia-adierazle nagusietan, salbuespenen batekin, gabezia material larria duten familien kopuruan, besteak beste; izan ere, kopuru txikia izan arren, bilakaera ez da oso positiboa izan, 2014an % 5,23 izatetik 2018an % 5,55 izatera igaro baitira. Bilakaera egokia dutenen artean, nabarmentzekoa da lan-intentsitate txikiko etxeetan bizi diren pertsonen ehunekoa: 2014an % 11,96 ziren, eta 2018an, berriz, % 9,06.

graf0021105_01_e.png

Elikagaien segurtasuna, elikadura hobetzea eta nekazaritza jasangarria barne hartzen dituen helburuari dagokionez, eskura ditugun adierazleek, adingabeen obesitatea murrizteko xedea lortzeko aurrerapausoak eman direla erakusten dute. Joera onena duen adierazlea obesitatea, gehiegizko pisua edo pisu eskasa duten 2 eta 17 urte bitarteko neska adingabeen ehunekoa da; 2014an % 36,40 izatetik 2018an % 20,20 izatera igaro da. Gainera, nekazaritza produktiboa eta jasangarria egiten den nekazaritzako azaleraren ehunekoak gora egin du, 2015ean % 1,77 izatetik 2019an % 3,45 izatera igaro baita.

graf0021105_02_e.png

Pertsona guztien ongizatea neurtzeko eta bizitza osasuntsua bermatzeko zehaztutako adierazleak helburua betetzetik hurbil daude, kasu batzuetan joera negatiboa izan arren (adibidez, amen heriotza-tasa 2015ean 100.000 pertsonako 0 izatetik 6,48 izatera igaro da). Lortutako gainerako adierazleak, trafiko-istripuen ondoriozko hilkortasuna edo erretzaileen proportzioa, besteak beste, hobetu egin dira edo bere horretan jarraitu dute. Nabarmentzekoa da gaixotasun kardiobaskularrekin erlazionatutako hilkortasun-tasak hobera egin duela, 2015ean 100.000 biztanleko 266,42 izatetik 2019an 256,66 izatera igaro baita.

graf0021105_03_e.png

Kalitatezko hezkuntza inklusiboa eta ekitatiboa bermatzeari eta guztiontzako etengabeko ikaskuntzarako aukerak sustatzeari dagokionez, joera ez da homogeneoa izan. Hobera egin dutenen artean, informatikako trebetasunak dituzten gazteen eta helduen proportzioa eta hezkuntzako jarduerak egin dituzten emakumeen eta gizonen arteko parekotasun-indizea daude. Azken hori, 2011n % 117,47 izatetik 2016an % 99,79 izatera igaro da. Aldiz, jasotako prestakuntzari dagokionez udalerri handietan eta txikietan bizi diren pertsonen arteko parekotasun-indizea helburutik urrundu egin da, eta baita azken lau asteetan ikasketak edo prestakuntza egin dituzten 25 eta 64 urte bitarteko pertsonen proportzioa ere.

graf0021105_04_e.png

Genero-berdintasuna eta emakume eta neska guztien ahalduntzea bultzatzea da garapen jasangarriaren bosgarren helburua. Emakumeei buruzko adierazle batzuen jarraipena, gizonentzat baliokideak diren adierazleekin batera aztertu behar da. Hala ere, joera positiboa duten adierazleak (goi-zuzendaritzako postuetan dauden emakumeen edo 2013an % 38,37 izatetik 2016an % 40,39 izatera igaro diren euren jabetzako nekazaritza-ustiategien titular diren emakumeen proportzioa, besteak beste) eta joera negatiboa dutenak (adibidez, nekazaritza-ustiategien titular diren emakumeen proportzioa nekazaritzan lan egiten duten emakumeen guztizkoarekiko, 2013an ikusitako % 58,89tik 2016ko % 53,43ra jaitsi da) ikusten dira.

graf0021105_05_e.png

Oraindik ez dago pertsona guztientzako uraren eta saneamenduaren eskuragarritasuna eta kudeaketa jasangarria bermatzeko helburuaren jarraipena kuantifikatzeko adierazlerik.

Oraindik ez dago pertsona guztiek energia eskuragarria, segurua, jasangarria eta modernoa izango dutela bermatzeko helburuaren jarraipena kuantifikatzeko adierazlerik.

Hazkunde ekonomiko iraunkorra, inklusiboa eta jasangarria, enplegu osoa eta produktiboa eta guztientzako lan duina sustatzeko helburua neurtzeko bildutako adierazle guztiek joera positiboa erakusten dute. Nabarmentzekoak dira langabezia-tasaren (gizonena batez ere, 2015ean % 15,89 izatetik 2019an % 8,98 izatera igaro baita) eta lan egindako orduko BPG errealaren urteko hazkunde-tasaren (2015ean % 0,45 eta 2018an % 1,83) bilakaera positiboak.

graf0021105_06_e.png

Bederatzigarren helburua azpiegitura erresilienteak eraikitzea, industrializazio inklusiboa eta iraunkorra sustatzea eta berrikuntza bultzatzea da. Ildo horretan, jasotzen diren adierazleen joera positiboa da oro har, nahiz eta manufaktura-sektoreko balio erantsiak eta enpleguak (langileak), BPGari eta guztizko enpleguari dagokienez, atzerakada txiki bat erakutsi 2015eko erreferentziazko urtearekin alderatuta (urte horretan % 20,60 izatetik 2018an% 20,55 izatera igaro da). Joera onena duen adierazlea manufaktura-sektorearen pertsona bakoitzeko balio erantsia da; 2015ean 5.935 eurokoa zen eta 2019an 6.708 eurokoa.

graf0021105_07_e.png

Herrialdeen barruan eta haien artean ematen den desberdintasunaren murrizketa monitorizatzeko, adierazleen joera indibidualaren behatze hutsa baino azterketa konplexuagoa egin behar da. Bestalde, joera hori aldatu egiten da herrialde horien artean. Izan ere, diru-sarreren batez-bestekoaren % 50etik behera bizi diren pertsonen ehunekoari dagokion adierazlean helburura hurbiltzeko joera ikusten da (2014an % 11,03 izatetik 2018an % 10,58 izatera igaro da), eta beste kasu batzuetan helburutik urrundu egiten da, soldatapeko lanak sortutako BPGren proportzioan, adibidez (2015ean % 47,91 izatetik 2019an % 46,98 izatera jaitsi da).

graf0021105_08_e.png

Hiriak eta gizakiak bizi diren lekuak inklusiboak, seguruak, erresilienteak eta jasangarriak izatea lortzeko helburuaren barruan sartzen diren adierazleek udal-hondakinen tratamenduari dagokion helburura hurbiltzeko joera erakusten dute (nabarmentzekoa da isuritako udal-hondakinen proportzioak behera egin duela sortutako eta tratatutako udal-hondakin guztien aurrean, % 39,74 2015ean, eta % 36,99 2018an), biztanle bakoitzeko bildutako hiri-hondakinen kopuruaren kasuan urrundu egiten den arren (394,28 kilo 2015ean eta 410,39 kilo 2018an). Gabezia jakin batzuk dituzten etxeetan bizi diren pertsonen proportzioa ere helburutik urrundu egin da.

graf0021105_09_e.png

Kontsumo eta ekoizpen jasangarriko modalitateak, hau da, biztanle bakoitzeko eta eguneko bildutako hiri-hondakinak, bermatzeko helburua monitorizatzeko une honetan eskuragarri dagoen adierazle bakarra helburutik urrundu da 2015ari dagokionez, 2015ean 1,08 kilo izatetik 2018an 1,12 kilo izatera igaro baita.

graf0021105_10_e.png

Klima-aldaketari eta haren ondorioei aurre egiteko premiazko neurriak hartzeari dagokionez elkarrekin bizi diren unitateen berotegi-efektuko gasen isuriekin erlazionatutako adierazleek helburura hurbiltzeko joera erakusten dute (biztanle bakoitzeko 9,10 tona CO2 baliokidetik 8,89 tonara jaitsi da 2015ean, eta BPGren unitate bakoitzeko 0,29 kilogramo CO2 baliokidetik 0,26ra igaro da 2018an). Hondamendiekin zuzenean erlazionatuta hildako pertsona kopuruaren adierazlea, 1. eta 11. helburuetan ere sartzen da, eta egonkor jarraitzen du, zerotik oso gertu dauden balioekin.

graf0021105_11_e.png

Oraindik ez dago ozeanoak, itsasoak eta itsas baliabideak garapen jasangarrirako kontserbatzeko eta modu iraunkorrean erabiltzeko helburuaren jarraipena kuantifikatzeko adierazlerik.

Oraindik ez dago basoak modu iraunkorrean kudeatzeko, basamortutzearen aurka borrokatzeko, lurren degradazioa gelditzeko eta lehengoratzeko eta biodibertsitatearen galera geldiarazteko helburuaren jarraipena kuantifikatzeko adierazlerik.

Garapen jasangarrirako gizarte baketsuak eta inklusiboak sustatzeko, guztientzat justiziarako sarbidea errazteko eta euren jardueraren berri ematen duten erakunde eraginkorrak eta inklusiboak maila guztietan eraikitzeko helburuaren barruan sartzen den adierazle bakarrak joera negatiboa erakusten du (beren bizilekuan bakarrik ibiltzean seguru sentitzen diren 16 urteko eta gehiagoko pertsonen ehunekoa, 2014ko % 76.38tik 2019ko % 69,47ra jaitsi ondoren).

graf0021105_12_e.png

Azken helburua Garapen Jasangarrirako Mundu mailako Aliantza ezartzeko eta biziberritzeko bitartekoak indartzea da. Helburu horretan sartutako adierazleek joera positiboa erakusten dute 2015eko erreferentziazko urtearekin alderatuta. Izan ere, azken hiru hilabeteetan Internet erabili duten 16 eta 74 urte bitarteko pertsonen ehunekoa 2015eko % 80,17tik 2020ko % 91,68ra igo da, eta Autonomia Erkidegoko eta tokiko administrazio publikoen guztizko diru-sarrerak, BPGaren proportzioan, 2015eko % 24,27tik 2018ko % 25,44ra igo dira.

graf0021105_13_e.png

Covid-19aren pandemiak bat-batean eta ustekabean utzi ditu agerian Garapen Jasangarriaren 2030 Agendan lantzen diren desberdintasun eta gabezia sakonak. Adierazleen multzoari esker, ohiz kanpoko egoera horrek maila guztietan dituen ondorioak modu orokorrean kuantifikatu ahal izango dira.

Informazio-oharra: Eustatek, Autonomia Erkidegoetako estatistika-organo ofizialekin lankidetzan aritu ondoren aurkeztu du lehenengo adierazle-multzo hau. Munduko adierazleen definizioetatik abiatuta, irizpide metodologikoak adostu dituzte, zuzenean aldera daitezkeen eta gure eremu geografikora egokituta dauden adierazleak lortzeko. Gainera, adierazleak kalkulatzeko, Eustat eta Eusko Jaurlaritzako sailetako estatistika-organoak elkarlanean aritu dira.

Eustatek prentsa-ohar bat argitaratuko du adierazleen plataforma nabarmen garatzen den bakoitzean, eta baita EAEn garapen jasangarriaren helburuen lorpen-mailarekin erlazionatutako informazioa emateko ere.

Informazio gehiagorako:

Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística Donostia kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tlf: 945 01 75 62

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Eustatek Euskal AEko Garapen Jasangarriaren 2030 Agendako helburu eta xedeetarako aurrerapena kuantifikatu du

Eragiketa : 
Garapen Jasangarrirako 2030 Agendaren adierazleak
Eragiketa kodea : 
099901
Periodikotasuna : 
Etengabea
Denbora arloa : 
Eguneratze data : 
2020/12/17
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Sintesia
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
https://www.eustat.eus/elementos/not0021105_e.html
Metodologia : 
Metodologia-fitxa
Erakunde arduraduna : 

Beste produktu estatistikoak

Datuak

Estatistika taulak

Grafiko interaktiboak

Datu Bankua

Txostenak

Mikrodatuak

Metadatuak

Metodologia eta Kalitatea

Definizioak

Kode eta izendegiak

Galdesortak

Informazio gehigarria

Egutegia

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali