2021/11/18ko prentsa-oharra
2030 AGENDAKO GARAPEN JASANGARRIAREN ADIERAZLEAK. 2021
Gora egin du emakumeen ehunekoak Euskal AEko enpresa-kolektiboan, 2015aren eta 2020aren artean
Eustatek jarraitzen du adierazle berriak barne hartzen, Garapen Jasangarrirako 2030eko Agendaren helburuak eta helmugak lortzeko bidean aurrera egiteari buruzko informazioa emateko
Eustatek jarraitzen du Euskal AEn Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako 2030eko Agendan jasotzen diren 169 helmuga eta garapenerako lankidetzako 17 helburuen betetze-maila kalkulatu ahal izateko estatistika-adierazleak etengabe areagotzeko eta bereizteko duen konpromisoarekin.
Oraingoan, guztira, 42 estatistika-adierazle berri jaso dira Eustaten Euskal AEko Garapen Jasangarrirako 2030eko Agendaren adierazleen zabalkunderako plataforman. Adierazle horietako gehienak, 38, guztira, gainerako autonomia-erkidegoekin erabat bateratutako metodologia baten bidez prestatu dira. Sartu diren beste 4 adierazleak Euskal AErako zehaztu dira, Nazio Batuen gidalerroei jarraikiz, haien garrantzia eta interesa aintzat hartuta.
Adierazle horien bidez, Euskal AErako orain arte adierazlerik lortu ez zen garapen jasangarrirako hiru helbururen berri emango da, zati batean, behintzat:
6. helburua: Uraren erabilgarritasuna eta kudeaketa jasangarria eta guztiontzako saneamendua bermatzea. 3 estatistika-adierazle jasotzen dira.
7. helburua: Energia eskuragarria, fidagarria, jasangarria eta modernoa bermatzea guztiontzat. 4 estatistika-adierazle jasotzen dira.
15. helburua: Lehorreko bizitza babestea, lehengoratzea eta modu jasangarrian erabili dadila sustatzea, basoak modu jasangarrian kudeatzea, basamortutzearen aurka borrokatzea, lurren degradazioa inbertitzea eta biodibertsitatearen galera gelditzea. 3 estatistika-adierazle jasotzen dira.
Eustaten plataforman jasotzen diren adierazleen artean –horien bidez, osatu egiten dira Euskal AEn dagoeneko monitorizatutako Nazio Batuen helburu, helmuga eta adierazleak–, Emakume enpresaburuen proportzioa dago. Hala, ikuspegi osagarria ematen da Zuzendaritza-karguetan dauden emakumeen proportzioari buruzko Nazio Batuen adierazlearen berri emateko.
Euskal AEko enpresa-kolektiboan, emakumeen proportzioa % 34,4koa izan da 2020an; oraindik asko falta da parekidetasunerako. Erreferentziazko urteko ehunekoa, 2015ekoa, baino handiagoa da –orduan % 33,7koa izan zen–, baina aurreko bi urteetakoa baino baxuagoa.
Joera ez da berdina lurralde historikoetan. Hala, Araban etengabeko beherakada ikusi da 2015-2020 aldian emakumeen proportzioan enpresa-kolektiboan; ia ehuneko sei puntu egin du behera, 2015aren eta 2020aren artean. Bizkaian, joera alderantzizkoa da; ehuneko ia hiru puntuko igoera izan du, erreferentziazko urtearen eta aztertutako azken urtearen artean. Gipuzkoan, bestalde, proportzioa antzekoa da 2015ean eta 2020an, nahiz eta beherakada esanguratsua egon den 2020an, 2019aren aldean; izan ere, 2019an % 35,6koa izan zen eta, 2020an, % 33,4koa.
Eustaten plataforman orain arte kuantifikatu ez diren garapen jasangarrirako helburuei buruzko informazioa emateko sartu diren estatistika-adierazleen artean, honako hau dago, esaterako: Energia berriztagarrien proportzioa energia elektrikoaren ekoizpenean. Hura 7. helburuaren barruan sartzen den Nazio Batuen Energia berriztagarriaren proportzioa energiaren amaierako kontsumo osoan adierazlean sartzen da.
Egiaztatu da, 2019an beherakada handia egon bada ere, energia elektrikoaren ekoizpenean energia berriztagarriaren proportzioak joera positiboa izan duela 2015aren eta 2020aren artean. Energia berriztagarrien proportzioa guztizkoaren % 18,08 izan zen 2015ean eta % 19,81, 2020an.
Bestalde, Eustaten zabalkunde-plataforman estatistika-adierazle horiek sartzean, lehen aldiz ematen da garapen jasangarrirako 15. helburuari buruzko informazioa. Helburu horretan, hiru estatistika-adierazle jaso dira, besteak beste: Indarrean dauden kudeaketa jasangarriko tresnak dituen baso-azaleraren proportzioa, Nazio Batuen Basoaren kudeaketa jasangarrirako aurrerapena adierazlean sartzen dena.
Estatistika-adierazle horrek etengabeko bilakaera positiboa izan du 2015-2019 aldian; indarrean dauden kudeaketa jasangarriko tresnak dituen baso-azalera % 15,90ekoa zen 2015ean eta % 19,34koa, 2019an.
Informazio-oharra: Jarraitzen da Euskal AEko Garapen Jasangarrirako 2030eko Agendaren adierazleak zabaltzeko plataforman adierazle berriak etengabe sartzeko lanean, batetik, dagoeneko argitaratutako estatistika-adierazleen bereizketak eskaintzeko, eta, bestetik, egun arte bete ez diren helmugen eta adierazleen gaineko informazioa ematen duten adierazle berriak sartzeko.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tel.: 945 01 75 62