2023/12/22ko prentsa-oharra

INFORMAZIOAREN GIZARTEAREN PANORAMA. 2023

Facebooken zabal ezazu Twitterren zabal ezazu Helbide elektronikoan zabal ezazu pdf Produktuen zerrenda

Interneten erabiltzaileen % 54,9k eta establezimenduen % 28,7k merkataritza elektronikoa egin dute Euskal AEn

Internauten % 58k sare sozialetan parte hartu dute, eta enpresen % 53,4k enpresa-helburuak lortzeko erabili ditu

Eustatek 2023ko Informazioaren Gizartearen Panoramaren inguruan landutako datuen arabera, Interneten erabiltzaileen artean aurreko 3 hiletan internet bidez ondasun edo zerbitzuren bat eskuratu dutenen ehunekoa % 54,9ra iritsi da. Enpresen kasuan, berriz, merkataritza elektronikoa egin duten establezimenduen proportzioa % 28,7ra iritsi da. Erosketen atalean, establezimenduen % 25,7k parte hartu dute, eta salmenten atalean, berriz, % 8,5ek.

Zifra horiek, neurri handian, Euskal AEko Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) ekipamenduak urtetik urtera gora egiten ari direlako lortu dira, ekipamendu guztiak modu eta intentsitate berarekin gora egiten ari ez badira ere. Ikus daitekeenez, IKTen banaketa desberdina da familiaren eta familia osatzen duten pertsonen esparruan, hainbat aldagairen arabera (hala nola adinaren eta jarduerarekiko loturaren arabera). Enpresen kasuan, desberdintasunak honako hauen araberakoak dira nagusiki: enpresak dituen enplegatuen kopurua, enpresa kokatuta dagoen Lurralde Historikoa eta enpresak jarduera garatzen duen sektore ekonomikoa.

Familiaren eta hura osatzen duten pertsonen esparrua

Azterketa familiaren eta hura osatzen duten pertsonen esparrura eramanez gero ikus daitekeenez, konektibitateari lotutako ekipamendu teknologikoak Euskal AEko familia gehienetan daude eta goranzko joera agertzen dute. Euskal AEko familien % 90,2k interneterako konexioa dute (ia guztiak banda zabalekoak dira), eta 27,3 portzentaje-puntuko igoera gertatu da 2013. urteaz geroztik. Gutxienez 16-74 urteko pertsona bat duten familien artean, interneteko konexioa dutenak % 97,8 dira.

Ordenagailua familien % 75,7k dute, hau da, 2013an baino % 8,7 gehiagok. Ordenagailu eramangarria, berriz, familien % 59,3k dute, eta, beraz, azken 10 urteetako igoera handixeagoa izan da (10 portzentaje-puntukoa). Bestalde, ia familia guztiek (% 97,6k) dute telefono mugikorren bat, hau da, duela 10 urte baino % 5,2 gehiagok.

Familia horietan bizi diren 15 urteko eta gehiagoko biztanleen ikuspuntutik, ehunekoak handixeagoak dira: % 93,9k interneterako sarbidea dute etxean (2013an baino % 22,5 gehiagok), % 82,6k dute ordenagailu bat eskuragarri (% 7,2 gehiagok), eta % 98,6k telefono mugikor bat (% 3 gehiagok).

Etxeko beste ekipamendu batzuen artean, azpimarratu beharra dago 2023an Euskal AEko biztanleen erdiek baino gehiagok (% 62,5ek) ordainpeko telebistarako sarbidea dutela. Etxeetako komunikazioari lotutako ekipamendu hori nabarmen hazten ari da, duela 10 urte biztanleen % 22,7k baino ez baitzuten.

Azken 3 hiletan Internet erabili duten 15 urteko eta gehiagoko pertsonak adin horietako euskal herritarren % 88,3 dira; ehuneko horrek 22,8 portzentaje-puntuko igoera izan du 10 urtetan (% 65,5 2013an).

Jarduera ugari egin daitezke Internet bidez. Arrazoi partikularrek eragindakoen artean, ohikoenak komunikaziora eta informazioa bilatzera bideratutakoak dira. Internet erabiltzen duten ia euskal herritar guztiak komunikatu dira WhatsApp bidez edo berehalako mezularitzako beste aplikazio batzuen bidez (% 97,3) eta, neurri txikiagoan, posta elektronikoa erabili dute (% 85,2k), albisteak, egunkariak edo aldizkariak irakurri dituzte (% 75,9k) eta ondasunei edo zerbitzuei buruzko informazioa bilatu dute (% 84k). Internet erabiltzen duten 15 urteko eta gehiagoko pertsonen % 58k sare sozialetan parte hartu dute, eta ehuneko hori % 91,2ra iritsi da 15-24 urteko pertsonen kasuan.

Era berean, Internet bidez egindako eragiketa asko kontsumora eta etxeko ekonomiara bideratutakoak izan dira. Interneten erabiltzaileen % 71,3k erabili dute bide hori banku-eragiketak egiteko. Etxetik kanpo aisiari eta kulturari lotuta egindako jarduerei dagokienez, erabiltzaileen % 36,8k turismoari lotutako ostatu- edo bidaia-erreserbak egin dituzte, hau da, 2022. urtean baino % 4,6 gehiagok.

Administrazio elektronikoak administrazioarekin izapideak bide telematikoz egiteko aukera ematen du. Esparru horretan, Interneten erabiltzaileen % 58,7k inprimakiak beteta bidali dituzte administraziora Internet bidez, % 57,8k informazioa bildu dute, eta % 47,9k inprimaki ofizialak lortu dituzte bide horretatik.

Azkenik, merkataritza elektronikoari dagokionez, azken 3 hiletan Internet bidez ondasun edo zerbitzuren bat eskuratu duten erabiltzaileen ehunekoa % 54,9koa izan da (917.000 pertsona). Zifra hori 15 urteko eta gehiagoko Euskal AEko biztanle guztien % 48,4 da; hau da, erosketak Internet bidez egin dituzten pertsonen kopurua ia bikoiztu egin da duela 10 urteko kopuruarekin alderatuta (1,9 aldiz handiagoa), eta 2018koa (duela bost urtekoa) baino % 39,7 handiagoa izan da. Kolektibo horrek arropa, oinetakoak eta osagarriak, etxerako ondasunak, ostatuak, kultura-ekitaldietarako sarrerak, zainketa pertsonalak eta higiene-zainketak, garraioa eta kirol-materiala erosi ditu nagusiki.

Enpresa-esparrua

Euskal AEko enpresen kasuan, garapen-erritmo positibo nabarmena ikus daiteke 2013-2023 aldian ekipamendu teknologiko guztietan. Gaur egun, Interneterako sarbide-maila % 94,7koa da, eta Euskal AEko enpresen % 54,4k dute webgunea. Beraz, konparazioa eginez gero, enpresak goiko postuetan daude EB-27ko herrialdeen testuinguruan.

Aipatzekoa da, halaber, ekipamendu teknologikoaren maila antzekoa dela enpresa handietan eta enpresa txikietan. Joera bikoitz baten ondorioz gertatzen da hori: alde batetik, enpresa handiak ekipamendu-maila maximora iristen ari dira teknologia nagusietan, eta, bestetik, langile gutxiago dituzten enpresen ekipamendu teknologikoaren maila gero eta handiagoa da.

Era berean, enpresetan ekipamendu teknologikoak erabiltzen dituzten enplegatuen proportzioak ere gora egin du pixkanaka. 2013-2023 aldian, enpresan ordenagailua dutenen ehunekoa % 66,7tik % 75,7ra igo da; beraz, 9 portzentaje-puntuko igoera gertatu da. Bestalde, Interneterako sarbidea zuten enplegatuen ehunekoa % 58,8koa zen 2013an, eta % 73,2ra iritsi da 2023an. Beraz, 14,4 portzentaje-puntuko igoera gertatu da.

Hala ere, ekipamenduen kasuaz bestela, teknologia horiek erabiltzen dituzten enplegatuen ehunekoek ez dute alde handirik agertzen enpresaren tamaina kontuan hartzen denean.

Administrazio Publikoari dagokionez, adierazi beharra dago Euskal AEko ia establezimendu publiko guztiek dituztela IKT ekipamenduak 2023. urtean; %99,9k ordenagailua eta Interneterako konexioa dute.

Informazioaren gizartearen alderdi garrantzitsu bat enpresek administrazioarekin duten harremana da. Izan ere, Interneterako sarbidea duten Euskal AEko enpresen % 98,0k izapide elektronikoak egin dituzte administrazio publikoarekin 2023. urtean. Esparru horretan gertatu den igoera ukaezina da. Izan ere, 2013. urtean establezimenduen % 63,8k zuten Interneterako sarbidea, eta, beraz, 30 portzentaje-puntutik gorako aldea izan da hamar urtetan. Nolanahi ere, aldea txikiagoa da 10 langileko edo gehiagoko enpresak baino kontuan hartzen ez badira. Izan ere, ehunekoa % 98,5ekoa izan da tamaina horretako enpresetan 2023an, eta % 91,3koa izan zen 2013an. Beraz, 7,2 portzentaje-puntuko igoera gertatu da.

Informazioaren gizarteari dagokionez, errealitatea desberdina da lehen sektorean. Eskuragarri dauden azkenak diren 2022ko datuen arabera, IKTen ezarpen-maila gainerako sektoreena baino txikiagoa da, batez ere sektore horren atomizazioagatik (establezimenduen % 97,4k 9 enplegatu edo gutxiago dituzte) eta jardueraren beraren berezitasunagatik. Talde horretan, arrantza-jarduerako establezimenduek baino ez dituzte lortu askoz ehuneko handiagoak ekipamenduetan. Hala ere, datu horrek ez du eragin handirik sektorearen guztizkoan, nekazaritza-enpresak lehen sektoreko establezimendu guztien % 96,0 baitira.

Enpresen sektorera itzuliz eta merkataritza elektronikoari dagokionez, Euskal AEko berezitasunik garrantzitsuena sistema horren bidezko erosketen eta salmenten banaketa desberdina da.

2022ko abenduaren 31n, merkataritza elektronikoa egin duten establezimenduen proportzioa % 28,7koa izan da. Erosketen atalean, establezimenduen % 25,7k parte hartu dute, eta salmenten atalean, berriz, % 8,5ek. Ehuneko horiek hamar urte lehenagokoak (2012koak) baino handiagoak dira. Urte horretan, establezimenduen % 19,7k egin zuten merkataritza elektronikoa (% 18,0k erosketak egin zituzten, eta % 4,6k salmentak). Tamaina kontuan hartuz gero, 10 langile eta gehiagoko enpresetan merkataritza elektronikoa % 27,7tik % 39,0ra igo da 2012-2022 aldian.

Euskal AEn mugitutako zenbateko ekonomikoen bilakaerari dagokionez, aztertutako aldian (2012-2022) merkataritza elektroniko bidezko erosketen zenbatekoa 7.207,6 milioi eurotik 19.673,1 milioi eurora igo da 2012tik 2022ra bitarte. Salmenten kasuan, 2012ko zenbatekoa 10.699,2 milioi eurokoa zen, eta 26.608,4 milioi eurora iritsi zen 2022an. Beraz, erosketa elektronikoak egin dituzten enpresen ehunekoa salmenta elektronikoak egin dituztenena baino handiagoa bada ere, transferitutako zenbateko ekonomikoak handiagoak izan dira salmenta elektronikoen kasuan.

Azkenik, enpresen eraldaketa digitalari lotutako 4.0 industria izenekoan aztertutako bederatzi adierazleen artean, honako hauek nabarmendu dira:

Sare sozialen erabilera enpresa-helburuak lortzeko: establezimenduen % 53,4.

Zerbitzu informatikoak hodeian (Cloud Computing): establezimenduen % 31,0.

Zibersegurtasun-jarduerak: establezimenduen % 22,7.

Haien atzetik, % 10-20ko ehunekoekin, bezeroentzako aplikazio mugikorrak, Gauzen Internet (IoT) eta Big Data analisia daude. Azkenik, establezimenduen % 6tik beherako ehunekoekin, adimen artifiziala, robotika eta 3D inprimagailuak kokatu dira.

Oharra: Informazioaren Gizartearen Panoramaren egitura 6 bloke handitan zehazten da: IKT ekipamenduak, ordenagailuaren erabilerak, Interneten erabilerak, administrazio elektronikoa (e-administrazioa), merkataritza elektronikoa eta 4.0 industria. Bloke horiek familien, herritarren, enpresen, administrazioaren eta landa-munduaren ikuspuntutik aztertzen dira. Gainera, lurralde historikoen, adinen, pertsonen jardueraren edo tamainaren arteko aldeak aztertzen dira, enplegatu kopuruaren arabera eta, halaber, Euskal AE nazioarteko testuinguruan kokatuta.

https://es.eustat.eus/panoramadelasociedaddelainformacion/2023/inicio.html

Informazio gehiago:

Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística Donostia kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz Prentsa Zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Interneten erabiltzaileen % 54,9k eta establezimenduen % 28,7k merkataritza elektronikoa egin dute Euskal AEn

Eragiketa : 
Informazioaren gizartearen panorama
Eragiketa kodea : 
220126
Periodikotasuna : 
Urtekoa
Denbora arloa : 
Eguneratze data : 
2023/12/22
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Bilduma
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
https://www.eustat.eus/elementos/not0021677_e.html
Erakunde arduraduna : 

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali