2025/06/13ko prentsa-oharra
EUSKAL AE-KO INDUSTRIAREN INKESTA – ESKUALDEAK. 2023
2023an, Arabako Kantaurialdea izan zen Euskal AEko lan-produktibitate handiena izan zuen eskualdea: 95 mila euro langileko
Manufaktura eta erauzketa industriako enplegua 20 eskualdeetatik 15etan hazi zen
Eustaten datuen arabera, 2023an, Arabako Kantaurialdea izan da Euskal AEko lan-produktibitate handieneko eskualdea langileko 95 mila eurorekin.
Enpresaren jardueraren eraginkortasuna neurtzen duen adierazle ekonomiko sintetiko bat itxurazko lan-produktibitatea da, hau da, langile bakoitzak sortutako balio erantsia. 2023an, hogei eskualdeen multzoak lan-produktibitate tarte zabala hartu du, batezbeste, 79 mila euro ingurukoa izanda, Enkarterriko ia 58 mila euroen eta Arabako Kantaurialdeko 95 mila euroen artekoa izan da.
Rankingaren goialdean, Arabako Kantaurialdeaz gain, eta 88 mila eurorekin, Arabako beste eskualde bat dago: Arabako Errioxa. Hirugarren postua Gipuzkoako Goierriri dagokio, 87 mila eurorekin. Bizkaiko lehenengo eskualdea bosgarren postuan dago, Bilbo Handia, 84 mila euroko produktibitatearekin.
Hurrenkera
Zeren arabera
Aldiak
2023an, Euskal AEko hogei eskualdeetatik hamabostetan urteko hazkunde-tasa positiboak izan zituen erauzketa eta manufaktura industrietako enpleguak.
Euskal AEko batezbesteko hazkundea % 1,8koa izan zen. Hazkunderik handienak Añanan (% 6,2), Araban; Plentzia-Mungian (% 5,7), Bizkaian eta Debagoienan (% 4,9), Gipuzkoan, izan ziren.
Lurraldeka, hiru lurraldeetan hazi da industriako enplegua, baina intentsitate desberdinarekin. Bizkaian % 2,2 igo da, Gipuzkoan % 1,9 eta Araban % 0,9.
Euskal AEn negozio-zifrak % 2,5eko jaitsiera izan bazuen ere, eskualde mailan, haietako batzuek igoera esanguratsuak izan zituzten. Gipuzkoan Bidasoa Behereak (% 8,0), Bizkaian Markina-Ondarroak (% 6,4) eta % 6,1eko hazkunde-tasarekin ere beste bi eskualde daude: Goierri Gipuzkoan eta Arabako Kantaurialdea Araban. Beste muturrean, adierazi behar da Bilbo Handiak izan duela bilakaerarik negatiboena, negozio-zifra % 11,0 jaitsi baita 2023 eta 2022 artean.
Balio erantsi gordinari dagokionez, aurreko urtearen aldean % 5,1 igo zen eskuragarri zegoen azken urtean. BEG ekoitzitakoaren eta erabilitako ondasunen balioaren arteko diferentzia da, sortutako aberastasuna adierazten duena.
Eskualde guztien bilakaera positiboa izan da; izan ere, EAEko hogei eskualdeetatik hemezortzik balantze positiboa izan dute eta, enpleguarekin gertatzen zen bezala, Añanak bere balio erantsia gainerakoek baino gehiago handitu du, % 33,2ko hazkundearekin.
Araba
Euskal AEko hiru lurraldeetatik, Araban islatu dira gutxien enpleguan izandako eragin positiboak (% 0,9). Hala ere, Añanak urte arteko aurrerapenik handiena izan du enpleguan (% 6,2). Igoerak izan dira beste lau eskualdetan: Arabako Kantaurialdean % 2,5, Arabako Errioxan % 0,5 eta Arabako Lautadan (eskualde horretan dago hiriburua, Gasteiz), lurraldeko enpleguaren % 63,4 hartzen duena, % 0,4; Gorbeialdean, berriz, enpleguak ez du aldaketarik izan 2022aren aldean. Aldiz, Arabako Mendialdeko enplegua % 4,7 jaitsi da 2022 eta 2023 artean.
Negozio-zifra Araban % 2,7 hazi da aurreko urtearen aldean. Joera hori Arabako Lautadak markatu du, aurreko urtean baino % 3,6 negozio-zifra handiagoa izan baitu. Eskualde horretan, Gasteiz hiriburua hartzen duena, lurraldeko negozio-zifra osoaren % 69,2 batzen da.
Gainerako eskualdeei dagokienez, soilik beste bik izan dituzte hazkunde nabarmenak: Añanak (% 4,9) eta, bereziki, Arabako Kantaurialdeak (% 6,1). Azken hori bigarrena da fakturazioari eta enplegu-bolumenari dagokienez, Arabako fakturazio osoaren % 12,4 eta enpleguaren % 13,8 biltzen baititu. Azkenik, hiru eskualdetan egin du behera negozio-zifrak: Arabako Errioxan % 5,5 gutxiago fakturatu da, Gorbeialdean % 4,2 jaitsi da eta Arabako Mendialdean % 3,4.
Balio erantsi gordinari dagokionez, % 5,1eko igoera izan zuen Euskal AE osoan. Eskualdeen araberako bilakaera Euskal AEko hogei eskualdeetatik soilik bitan izan da negatiboa, eta horietako bat Arabakoa izan da. Gorbeialdea da, eta balio erantsia % 1,5era jaitsi da. Lurralde horretan, oro har, balio erantsia % 7 hazi da, eta bertako eskualdeek ere bilakaera positiboa izan dute. Oso esanguratsuak dira Añana (% 33,2), Arabako Kantaurialdea (% 20,3) eta Arabako Mendialdea (% 18,1); eskualde horiei Arabako Lautada eta Arabako Errioxa gehitu behar zaizkie % 3,9ko eta % 1,5eko igoerarekin, hurrenez hurren.
Lan-produktibitateari dagokionez, lurralde hau da jardun global onena duena, sei eskualdek 84.000 euroko batezbesteko itxurazko lan-produktibitatea batzen baitute. Arabako Kantaurialdea da buru 95 mila eurorekin, ez bakarrik bere lurraldean, baizik eta multzo osoan. Ondoren, Arabako Errioxa (88 mila euro), Gorbeialdea (85 mila euro), Añana (83 mila euro) eta Arabako Lautada (82 mila euro) daude. Guztiek gainditzen dute batezbesteko orokorra eta erkidegoko eskualdeen arabera, lehenengo zortzi posizioetatik bost betetzen dituzte. Talde horretan salbuespen bakarra Arabako Mendialdea da, 60 mila eurorekin guztien artean itxurazko lan-produktibitate baxuenen artean baitago.
Bizkaia
Bizkaian enpleguak % 2,2ko igoera izan du eta zazpi eskualdeetatik batek bakarrik izan du urtetik urterako aldaketa negatiboa. Gernika-Bermeon izan da, % 0,4 enplegu gutxiago baitago. Gainerako eskualdeetan enpleguak gora egin du; kasurik esanguratsuena Plentzia-Mungian izan da, % 5,7 gehiago. Ondoren, Markina-Ondarroa (% 4,3), Enkarterriak (% 3,9), Bilbo Handia (% 2,7), Durangaldea (% 0,7) eta Arratia-Nerbioi (% 0,2) kokatu dira.
Negozio-zifraren bilakaerari dagokionez, bi eskualdek marraztu dute lurraldearen joera negatiboa, guztira % 7,9 jaitsi baita. Bilbo Handia (fakturazio osoaren % 67,4) eta Durangaldea (% 19,2) dira, eta bien artean Bizkaian erregistratutako negozio-zifra osoaren % 86,6 ekarri dute. Bietan izan da negatiboa bilakaera, % 11,0 eta % 2,4 jaitsi dira hurrenez hurren, aurreko urtearen aldean. Lehenengoak, Bilbo hartzen duenak (lurraldeko hiriburua), enpleguaren % 54,7 biltzen du eta bigarrenak % 24,5, hau da, bien artean enplegu osoaren ia % 80 batzen dute.
Gainerako hiru eskualdeetatik beste hiruk ere, aurrekoak baino aldakuntzak txikiagoak izan arren, balantze negatiboa izan dute: Enkarterriak (% 2,3), Gernika-Bermeo (% 0,4) eta Arratia-Nerbioi (% 0,3). Azkenik, 2023an, Bizkaiko bi eskualdek hobetu zuten negozio-zifra aurreko urtearen aldean: Markina-Ondarroak % 6,4 egin zuen gora eta Plentzia-Mungiak, % 3,5.
Era berean, Bizkaia da balio erantsian jaitsiera izan duen lurralde bakarra, % 0,8. Joera negatibo hori, hein batean, balio negatiboa izan duen eskualde bakarrak eraginda dago. Bilbo Handia da, % 5,0ko jaitsiera izan du eta, gainera, lurraldeko balio erantsiaren erdia baino gehiago biltzen du (% 58,1). Gainerako eskualdeek joera positiboak izan dituzte, bereziki Enkarterriek, % 25,5eko hazkundearekin. Ondoren, Markina-Ondarroa (% 15,7), Arratia-Nerbioi (% 13,8), Plentzia-Mungia (% 9,4), Gernika-Bermeo (% 7,6) eta, azkenik, Durangaldea (% 1,3) kokatu dira.
Lan-produktibitatearen atalean, zazpi eskualderekin eta, batez beste, 78 mila eurorekin, errendimendu apalagoa izan du Bizkaiak. Bilbo Handia nabarmentzen da 84.000 eurorekin eta lurralde horretako bakarra da batezbesteko orokorra modu argian gainditzen. Haren atzetik, eta tarteko posizio batean, Durangaldea dago, 79 mila eurorekin. Maila baxuagoetan daude Arratia-Nerbioi eta Plentzia-Mungia, biak 70 mila euro ingururekin. Posizio okerragoetan kokatzen dira Markina-Ondarroa (64 mila), Gernika-Bermeo (63 mila) eta Enkarterriak (58 mila); azken horrek erregistratu du produktibitaterik txikiena.
Gipuzkoa
Erauzketa eta manufaktura industrietako enplegua % 1,9 igo zen Gipuzkoako eskualde guztietan, eta eskualde horietako bostek aurreko urteko zifra hobetu zuten. Debagoienan izan zuen aldakuntza positiborik handiena enpleguak (% 4,9) eta, ondoren, Donostialdean (% 3,3). Bien artean lurraldeko enplegu osoaren % 44 osatzen dute. Bi eskualde horien atzetik daude Goierri enplegatu kopuruan % 1,2ko igoerarekin, eta Debabarrena eta Bidasoa Beherea (biek % 0,8 enplegu gehiago). Tolosaldeko eta Urola Kostako enpleguak bilakaera negatiboa izan du; eskualde horietan enplegua % 0,1 eta % 0,7 jaitsi da, hurrenez hurren.
Negozio-zifraren bilakaera konparatiboak, enpleguarekin gertatzen zen bezala, Gipuzkoa Euskal AEko lurraldeen erdian kokatzen du. Negozio-zifraren % 1,6ko hazkundearekin, Arabako % 2,7aren azpitik dago, eta Bizkaiko -%7,9aren oso gainetik. Eskualdeek lurralde osoan duten pisu portzentuala Bidasoa Behereko % 4,3tik Donostialdeko % 25,2ra bitartekoa da. Azken horren partaidetzatik gertu daude Goierri (% 21,6) eta Debagoiena (% 16,9).
Eskualde-mailan, lurralde horretako zazpi eskualdeetatik bostek 2022an baino fakturazio handiagoa dute 2023an. Bidasoa Beherea da hazkunde nabarmenena izan duena, % 8,0 gehiago fakturatu baitu. Ondoren, Goierri (% 6,1) eta Debagoiena (% 3,1) daude eta, azkenik, Donostialdea eta Debabarrena % 1,1eko eta % 0,9ko hazkundearekin, hurrenez hurren. Donostialdean dago hiriburua eta Gipuzkoako negozio-zifra osoan duen pisua enpleguaren tamainaren oso antzekoa da. Hala, Donostialdeak negozio-zifraren % 25,2 eta lurraldeko enpleguaren % 25,9 hartzen du, bi kasuetan hiriburua kokatzen den lurraldeetako beste eskualdeek ordezkatzen dituztenak baino zifra txikiagoak. Gainerako eskualdeetan, Urola Kostan eta Tolosaldean, negozio-zifra berdin jaitsi da (-% 3,6).
Aurreko urtearen aldean sortutako aberastasunari dagokionez, balio erantsia, Gipuzkoan hazi da gehien (% 10,3 gehiago) eta Arabaren (% 7,0) eta Bizkaiaren (-% 0,8) gainetik kokatu da. Eskualde guztietan izan da positiboa bilakaera. Horien artean, balio erantsiaren hazkunderik handiena Bidasoa Beherean izan da, aurreko urtean baino % 14,2 handiagoa; ondoren, Goierrin (% 12,2 gehiago), Debagoienan eta Urola Kostan (% 10,0 bakoitza), Donostialdean (% 9,9), Debabarrenan (% 9,0) eta, azkenik, Tolosaldean (% 8,8).
Errendimenduaren tarteko talde horretan zazpi eskualde sartzen dira, batezbeste 79 mila eurorekin. Nabarmenena Goierri da 87 mila eurorekin eta, ondoren, Tolosaldea (84 mila eurorekin). Erkidegoko batezbestekoaren azpitik daude gainerako eskualdeak: Donostialdea (78 mila eurorekin), Debagoiena (75 mila eurorekin) eta 73 mila eurorekin Debabarrena eta Urola Kosta. Gipuzkoako Bidasoa Beherea izan da, 65 mila euroko lan-produktibitatearekin, emaitzarik txikiena izan duen eskualdea.
Euskal AEko erauzketa- eta manufaktura-industriaren langile okupatuak, negozio-zifra, balio erantsia faktore-kostutan eta itxurazko produktibitatea, lurralde historikoaren eta eskualdearen arabera. 2023
| Langile okupatuak (kopurua) | Negozio-zifra (milaka euro) | Balio erantsia faktore-kostutan (mila eurotan) | Itxurazko produktibitatea (mila eurotan) |
| 2022 | 2023 | 2023/2022 (%) | 2022 | 2023 | 2023/2022 (%) | 2022 | 2023 | 2023/2022 (%) | 2022 | 2023 | 2023/2022 (%) |
| | | | | | | | | | | | |
Euskal AE | 195.068 | 198.667 | 1,8 | 64.694.540 | 63.087.075 | -2,5 | 15.025.244 | 15.784.932 | 5,1 | 77.026 | 79.454 | 3,2 |
| | | | | | | | | | | | |
Araba/Álava | 40.415 | 40.790 | 0,9 | 15.229.377 | 15.639.454 | 2,7 | 3.211.877 | 3.435.206 | 7,0 | 79.472 | 84.217 | 6,0 |
Añana | 2.291 | 2.433 | 6,2 | 694.894 | 728.713 | 4,9 | 151.009 | 201.197 | 33,2 | 65.914 | 82.695 | 25,5 |
Arabako Lautada / Llanada Alavesa | 25.764 | 25.856 | 0,4 | 10.457.313 | 10.829.500 | 3,6 | 2.036.500 | 2.114.995 | 3,9 | 79.044 | 81.799 | 3,5 |
Arabako Mendialdea / Montaña Alavesa | 343 | 327 | -4,7 | 56.765 | 54.859 | -3,4 | 16.553 | 19.542 | 18,1 | 48.259 | 59.761 | 23,8 |
Arabako Errioxa / Rioja Alavesa | 3.822 | 3.841 | 0,5 | 1.027.922 | 970.891 | -5,5 | 331.358 | 336.482 | 1,5 | 86.698 | 87.603 | 1,0 |
Gorbeialdea / Estribaciones del Gorbea | 2.696 | 2.696 | 0,0 | 1.164.945 | 1.115.825 | -4,2 | 233.143 | 229.553 | -1,5 | 86.477 | 85.146 | -1,5 |
Arabako Kantaurialdea / Cantábrica Alavesa | 5.499 | 5.637 | 2,5 | 1.827.538 | 1.939.666 | 6,1 | 443.314 | 533.437 | 20,3 | 80.617 | 94.631 | 17,4 |
| | | | | | | | | | | | |
Bizkaia | 75.681 | 77.377 | 2,2 | 29.533.494 | 27.203.860 | -7,9 | 6.146.139 | 6.095.964 | -0,8 | 81.211 | 78.783 | -3,0 |
Arratia-Nerbioi / Arratia-Nervión | 3.538 | 3.545 | 0,2 | 964.972 | 962.376 | -0,3 | 217.427 | 247.510 | 13,8 | 61.455 | 69.819 | 13,6 |
Bilbo Handia / Gran Bilbao | 41.224 | 42.334 | 2,7 | 20.600.709 | 18.335.808 | -11,0 | 3.728.278 | 3.540.505 | -5,0 | 90.440 | 83.633 | -7,5 |
Durangaldea / Duranguesado | 18.802 | 18.942 | 0,7 | 5.346.153 | 5.219.832 | -2,4 | 1.471.774 | 1.491.628 | 1,3 | 78.278 | 78.747 | 0,6 |
Enkartazioak / Encartaciones | 1.398 | 1.453 | 3,9 | 292.625 | 285.920 | -2,3 | 66.826 | 83.864 | 25,5 | 47.801 | 57.718 | 20,7 |
Gernika-Bermeo | 3.025 | 3.014 | -0,4 | 713.026 | 710.129 | -0,4 | 175.471 | 188.732 | 7,6 | 58.007 | 62.618 | 7,9 |
Markina-Ondarroa | 3.181 | 3.318 | 4,3 | 585.552 | 623.116 | 6,4 | 182.666 | 211.431 | 15,7 | 57.424 | 63.722 | 11,0 |
Plentzia-Mungia | 4.513 | 4.771 | 5,7 | 1.030.457 | 1.066.678 | 3,5 | 303.696 | 332.294 | 9,4 | 67.294 | 69.649 | 3,5 |
| | | | | | | | | | | | |
Gipuzkoa | 78.972 | 80.500 | 1,9 | 19.931.669 | 20.243.761 | 1,6 | 5.667.228 | 6.253.762 | 10,3 | 71.762 | 77.686 | 8,3 |
Bidasoa Behea / Bajo Bidasoa | 4.405 | 4.439 | 0,8 | 804.131 | 868.198 | 8,0 | 253.518 | 289.573 | 14,2 | 57.552 | 65.234 | 13,3 |
Debabarrena / Bajo Deba | 8.119 | 8.184 | 0,8 | 1.703.453 | 1.718.380 | 0,9 | 547.551 | 596.844 | 9,0 | 67.441 | 72.928 | 8,1 |
Debagoiena / Alto Deba | 14.231 | 14.923 | 4,9 | 3.312.721 | 3.416.620 | 3,1 | 1.020.917 | 1.123.263 | 10,0 | 71.739 | 75.271 | 4,9 |
Donostialdea | 20.166 | 20.830 | 3,3 | 5.044.854 | 5.100.981 | 1,1 | 1.481.596 | 1.628.887 | 9,9 | 73.470 | 78.199 | 6,4 |
Goierri | 13.277 | 13.437 | 1,2 | 4.125.961 | 4.376.920 | 6,1 | 1.041.494 | 1.168.333 | 12,2 | 78.443 | 86.949 | 10,8 |
Tolosaldea | 8.171 | 8.159 | -0,1 | 2.292.673 | 2.209.455 | -3,6 | 626.401 | 681.564 | 8,8 | 76.661 | 83.535 | 9,0 |
Urola Kosta | 10.603 | 10.528 | -0,7 | 2.647.876 | 2.553.206 | -3,6 | 695.751 | 765.298 | 10,0 | 65.618 | 72.692 | 10,8 |
Data 2025eko Ekainaren 13a
Iturria: Eustat. Industriaren inkesta
Laburbilduz, Euskal AEn 79 mila euroko batezbestekorako, Arabako Kantaurialdea da lan-produktibitatean buru (95 mila euro langileko) eta, ondoren, Arabako Errioxa (88 mila) eta Goierri (87 mila) daude.
Erkidego osoan negozio-zifra % 2,5 jaitsi bazen ere, zenbait eskualdetan hazkundeak izan ziren, hala nola, Bidasoa Beherean (% 8,0), Markina-Ondarroan (% 6,4) eta Arabako Kantaurialdean (% 6,1). Bilbo Handia Bizkaiko eskualde produktiboena izan arren (84 mila euro), negozio-zifraren beherakada handiena izan duena da (-% 11,0).
20 eskualdeetatik 15etan hazi zen industriako enplegua eta bereziki nabarmendu ziren Añana (% 6,2), Plentzia-Mungia (% 5,7) eta Debagoiena (% 4,9). Lurraldeka, erauzketa eta manufaktura industrietako enpleguak gora egin zuen Bizkaian (% 2,2), Gipuzkoan (% 1,9) eta Araban (% 0,9).
Balio erantsi gordina % 5,1 hazi zen Euskadin, eta Añana nabarmendu zen, % 33,2ko hazkundearekin.
Ohar metodologikoa:
Erabilitako sektorizazioa Jarduera Ekonomikoen Sailkapen Nazionala (JESN-2009) da, eta eskualdeen araberako desagregazio horretan B (erauzketa-industriak) eta C (manufaktura-industria) sekzioak bakarrik sartzen dira.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tel: 945 01 75 62