2020/12/23ko prentsa-oharra
ETXEKO LANAREN KONTU SATELITEA. 2018
Ordaindu gabeko etxeko lanaren balioa Euskal AEko BPGren % 27,7 izan da 2018an
Nahiz eta azken 25 urteetan gizonen ekarpena ehuneko 12 puntu handitu den, emakumeek, 2018an, bikoiztu egiten dute oraindik guztizkoaren aldean bere gain hartzen duten ehunekoa
Eustaten datuen arabera, Euskal AEko etxeko ekoizpenaren balioa 21.296 milioi eurokoa izan zen 2018an, hau da, urte horretako Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 27,7.
EUSTATek Etxeko Lanaren Kontu Satelitearen seigarren edizioa egin du, bost urtean behin egiten dena. Horren helburu nagusia da familia-etxeek egindako ekoizpen-jardueren irudi orokorra ematea eta jarduera horiek ekarritako balio ekonomikoa zenbatestea. Balio ekonomiko horren zati handiena ez dago jasota Barne Produktu Gordinaren kalkuluetan. Ekoizpen-jarduera nagusiak honako hauek dira: ostatua, zaintza eta hezkuntza ematea; janaria ematea, eta arroparekin eta boluntariotzarekin lotutako zereginak.
Hogeita bost urte horietako datuak aztertzean, nabarmentzekoa da ordaindu gabeko etxeko lanen balioak BPGn duen partaidetza-ehunekoak behera egin duela 1993ko % 46,2tik 2018ko % 27,7ra, eta urte horretan ezarri da seriearen gutxieneko maila; beste behin ere, agerian geratu da etxeko ekoizpenaren izaera kontraziklikoa, krisialdietan gora egiten baitu, baliabideak merkatuko ekonomiatik etxekora transferitzearen ondorioz, eta oparoaldietan behera egiten baitu.
2018. urtean, funtzioen araberako banaketak ez du alde handirik izan 2013. urtearekiko, zeren guztizkotik proportzio handiena biltzen duten funtzioen garrantzi-ordenari eusten baitzaio: lehenik eta behin, Janaria (% 40,4) eta Ostatua (% 29,6) ematera bideratutako lanak daude; ondoren, Zaintzak eta hezkuntza ematea (% 22,5) eta, azkenik, Arropa eta beste batzuk (% 7,5).
Hala ere, zaintzak eta hezkuntza ematearen funtzioa gero eta pisu handiagoa hartzen ari da, 2008an % 15,5 izatetik 2018an % 22,5 izatera igaro baita, jatekoa ematearen funtzioaren kaltetan, zeina 2008an % 44,7 izatetik 2018an % 40,4 izatera igaro baita. Datu horiek erakusten dute biztanleria-piramide zahartuago bat, zeinek eskatzen dituen zaintza gehiago, familia-etxeek neurri handiagoan betetzen dituztenak.
Emakumeek egindako etxeko lana BPGren % 18,6 dateke, gizonek egindakoaren pisu ekonomikoa bikoiztuz (% 9,1)
Ordaindu gabeko etxeko lanen balioaren sexuaren araberako banaketari dagokionez, eta ordaindutako merkatuan gertatzen den bezala, etxeko lanak batez ere emakumeenak dira. Etxeko lanak etxe barruan egiten direnean, % 67,2 emakumeek egiten dituzte. Gainera, nabarmentzekoa da aztertutako jarduera guztietan emakumeek gizonek baino pisu handiagoa dutela. Funtzioen arabera, Ostatuan eta etxebizitzan (% 38,0) eta Zaintzak eta hezkuntza ematean (% 34,7) nabarmentzen da gizonek ekarpen handiagoa egin dutela 2018an; ondoren, oso hurbil, Janaria emateko funtzioa dago (% 30,9), eta hori non gutxien parte hartu duten Arropa eta bestelakoak ematea da (% 17,4).
Denbora luzeagotik begiratuta, azken 25 urteetako bilakaerak agerian uzten du ezen, gizonek etxeko lanetan duten partaidetza 12 puntu handitu bada ere, emakumeek oraindik ere bikoiztu egiten dutela, 2018an, ordaindu gabeko etxeko lan guztiarekiko hartzen duten ehunekoa.
Ordaindu gabeko etxeko lanen lurraldeen araberako banaketa bakoitzaren biztanleriaren pisuari lotua dago: Arabak etxeko produkzioaren % 15,4 sortzen du, Bizkaiak % 52,6 eta Gipuzkoak gainerako % 32,0a.
Era berean, etxeko lanak sexuaren arabera banatzeari dagokionez, antzekoa da hiru lurraldeetan; izan ere, hiru lurraldeetan gizonek ordaindu gabeko etxeko jardueretan duten partaidetzaren % 33 inguru ekartzen dute.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62