2022/10/19ko prentsa-oharra
ETXERIK GABEKO PERTSONEN INKESTA (EEPI), 2022
Euskal AEn, 2022an, etxerik gabeko 4.456 pertsona daudela zenbatesten da, eta % 72,4 atzerritarrak direla
Euskal AEn etxerik gabeko pertsonaren profila honako hau da: gizon atzerritarra, gaztea, 18 eta 44 urte bitartekoa, ezkongabea, bigarren mailako ikasketaduna eta langabea
Ostatu-zentroetan eta jantoki sozialetan, 2022an, 4.456 pertsona artatu direla zenbatesten da; alegia, 1.000 pertsonatik 2k ez dute etxerik. Zentro horietan arreta jaso duten etxerik gabeko pertsonen % 72,4 atzerritarrak dira, eta, 2012an, % 60,1 ziren.
Lurralde historikoen arabera, Euskal AEko etxerik gabeko herritarren % 43,7ri Bizkaiko zentroetan ematen diete arreta, eta Bilbo da etxerik gabeko pertsona kopuru handiena duen hiriburua. Gipuzkoan, % 43 Donostian daude, eta, Araban, pertsona guztiei ematen zaie arreta hiriburuan.
Nabarmentzekoa da Gipuzkoan 2012aren eta 2022aren artean artatutako pertsona kopuruaren gorakada (% 180,4) eta Araban artatutakoarena (% 132,3), Bizkaikoarekin erkatuta (% 70,9).
% 37,5ek 3 urte baino gehiago daramatzate berezko ostaturik gabe
Ostatu motari dagokionez, inkesta bete dutenen % 23,3k ostatu kolektibo batean egiten dute lo, % 54,9k erakunde publiko batek eta GKE batek lagatako etxe edo pentsio batean eta gainerako % 21,5a bizitzeko ez diren beste toki batzuetan. % 37,5ek 3 urte baino gehiago daramatzate berezko ostaturik gabe.
% 2k diote elkarrizketa egunean ez dutela jan eta % 31,8k ez dute diru-sarrerarik. Diru-sarrerak badituztenen artean % 22,6k prestazio sozial batetik (DSBE barne) eta % 16,3k GKE baten dohaintzetatik. Elkarrizketa bete duten pertsonen ia % 60k adierazi dute gastu nagusia jatekora bideratzen dutela.
Gizonak etxerik gabeko pertsonen % 78,2 dira
Generoari dagokionez, gizonak kasuen % 78,2 dira, eta emakumeak, % 21,8. Antzera, Espainian, gizonak kasuen % 76,7 dira. Etxerik gabeko gizonen artean, % 23,3 espainiarrak dira eta gainerako % 76,7a, atzerritarra. Kolektibo horren emakumeen kasuan, ehunekoak ez dira oso desberdinak; izan ere, % 43,1 espainiarrak dira eta gainerako % 56,9, atzerritarra. Kontinenteen araberako banaketari dagokionez, atzerritarrak, nagusiki, Afrikatik datoz (% 81,2) eta, ondoren, Amerikatik (% 11,4) eta Europatik (% 5). Herrialdeen arabera, gehienak Marokotik eta Aljeriatik datoz (% 47,9 eta % 11,3, hurrenez hurren).
Adinari dagokionez, arreta jaso duten biztanleen artean, 18 eta 29 urte bitarteko gazte-taldea nabarmendu behar da, kopuru osoaren % 37,4 baita, eta, ondoren, 30 eta 44 urte bitartekoa (% 32,7), 45 eta 64 urte bitartekoa (% 27,6) eta 65 urtetik gorakoa (% 2,2). Autonomia-erkidegoetan, talderik handiena 45 eta 64 urte bitartekoena da (% 43,3).
Emigrazioa, etxerik ez izateko kausa nagusia 2022an
Bestalde, inkesta bete zuten pertsonak etxerik gabe bizitzeko kausak kontuan hartzen baditugu, 2012an eta 2022an aldeak ikusten dira motibo nagusietan; izan ere, 2022an, emigrazioa da motibo nagusia (% 47,3) eta, 2012an, enplegu-galera (% 25,6).
Etxerik gabeko pertsonen ia erdiek diote bigarren mailako ikasketak dituztela
Bildutako datuetan kontuan hartzeko beste alderdi bat inkesta bete duten pertsonek amaitutako ikasketak dira. % 48,3k bigarren mailako ikasketak dituzte; % 32,8k, lehen mailakoak, eta % 9,5ek diote unibertsitate-ikasketak egin dituztela. Etxerik gabeko pertsonen % 9,2k diote prestakuntzarik ez dutela. Jarduerarekiko harremanari dagokionez, % 4,4k baino ez diote lana dutela.
Etxerik gabeko pertsonen % 66,4k ez dute alkohola kontsumitzen
Osasunari dagokionez, nabarmendu daiteke kolektibo horretan % 27,6k gaixotasun larri edo kroniko bat dutela, % 15,5ek desgaitasun bat dutela eta % 19,6 ospitaleratu egin dituztela azken urtean. Adikzioei dagokienez, % 66,4k eta % 70,4k ez dute alkoholik eta drogarik kontsumitzen, hurrenez hurren, baina % 13k esan dute haxixa edo marihuana kontsumitzen dutela.
Osasun-arazoez gainera, segurtasunik eza ere arazo bat da; izan ere, etxerik gabeko pertsonen % 10,9 erasoen biktima izan dira, eta % 16, lapurretena. Bestalde, % 28,1 atxilotu egin dituzte noiz edo noiz. Talde horretan, % 88,5 gizonak dira eta % 11,5, emakumeak. Gizarte-zerbitzuei dagokienez, etxerik gabeko pertsonen % 84k harremana izan ditu gizarte-zerbitzuetako langileekin, eta jasotako laguntzaren balioespena aldekoa da kasuen % 59,6an.
Etxegabetasunaren bilakaera Euskal AEn: gizonak, gazteak eta atzerritarrak
Ostatu-zentroetan eta jantoki sozialetan, 2022an, 4.456 pertsona artatu direla zenbatesten da; alegia, kopurua % 113 igo da, 2012. urtetik. Nabarmentzekoa da, era berean, emakume kopuruaren igoera kolektiboaren barruan, bai eta gazteena eta atzerritarrena ere.
Euskal AEn etxerik gabeko pertsonaren profila honako hau da, ezaugarriei dagokienez: gizon atzerritarra, gaztea, 18 eta 44 urte bitartekoa, ezkongabea, bigarren mailako ikasketaduna eta langabea.
Etxerik gabeko pertsonen oinarrizko ezaugarrien bilakaera Euskal AEn. 2022
| | 2022 | 2012 | D% 2022/2012 |
| Zentroa dagoen lurraldea | | | |
| Euskal AE | 4.456 | 2.090 | 113,2 |
| Araba-Alava | 762 | 328 | 132,3 |
| Bizkaia | 1.947 | 1.139 | 70,9 |
| Gipuzkoa | 1.747 | 623 | 180,4 |
| Zentroaren udalerria | | | |
| Bilbao | 1.882 | 1.057 | 78,1 |
| Donostialdea | 749 | 393 | 90,6 |
| Vitoria-Gasteiz | 762 | 328 | 132,3 |
| Beste udalerriak | 1.063 | 311 | 241,8 |
| Sexua | | | |
| Gizonak | 3.484 | 1.701 | 104,8 |
| Emakumeak | 972 | 389 | 149,9 |
| Adina | | | |
| - 18-29 urte | 1.668 | 724 | 130,4 |
| - 30-44 urte | 1.458 | 679 | 114,7 |
| - 45-64 urte | 1.232 | 639 | 92,8 |
| 65 urte eta gehiago | 99 | 48 | 106,3 |
| Nazionalitatea | | | |
| Espainiarra | 1.231 | 833 | 47,8 |
| Atzerrikoa | 3.226 | 1.256 | 156,8 |
Data 2022ko Urriaren 19a
Iturria: Eustat. Etxerik gabeko pertsonei buruzko inkesta
Informazio-oharra: Etxerik gabeko pertsonen inkesta Eustatek egin du, Estatistikako Institutu Nazionalarekin (INE) elkarlanean.
Informazio gehiagorako:
Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62