2019/12/23ko prentsa-oharra
HEZKUNTZAREN PANORAMA. 2019
Euskal AEn, biztanleen % 88k Bigarren Hezkuntza osa dezakete bizi diren udalerrian
Euskal AEko hezkuntzako gastua Europako herrialde nagusietakoen antzeko balioetan dago.
Euskal AEko eskola-azpiegiturari esker, biztanleen % 98 gutxienez Lehen Hezkuntzako ikastetxe bat duen udalerri batean bizi da, eta % 88, berriz, Bigarren Hezkuntza (Batxilergoa edo Lanbide Heziketa) beste leku batera joan beharrik gabe osa daitekeen udalerri batean, Eustatek landutako datuen arabera.
Hezkuntzara bideratutako baliabideek eskola-azpiegitura zabala mantentzeko balio dute. 1.427 ikastetxek osatzen dute sarea, eta horietan 44.000 irakaslek egiten dute lan. Irakasleen % 69 emakumeak dira, eta 480.000 ikasle baino gehiago daude.
Euskal AEk 3.949 milioi euro bideratu zituen hezkuntzara 2018an (bere BPGren % 5,1). Biztanleko, gastua 1.808 eurokoa izan zen. Unibertsitatez kanpoko irakaskuntzari dagokionez, baliabide-bolumen horri esker, Euskal AEk ikasle bakoitzeko gastu-mailak Europako beste herrialde batzuetakoen antzekoak izan ziren, eta biztanle bakoitzeko errentarekin bat etorri ziren. 2016 erreferentzia gisa hartuta (gure inguruko herrialdeetarako eskuragarri dagoen azkena), adierazle horrek Alemania eta Suedia bezalako herrialdeetatik oso hurbil dauden balioak hartzen ditu Euskal AErako.
Eskolatzeak gora egin du Euskal AEn Derrigorrezko Hezkuntzaren aurreko eta ondoko mailetan
Euskal AEko 3 eta 16 urte bitarteko neska-mutil ia guztiak eskolatuta daude. Gainerako adin-taldeei dagokienez, eskolatze-tasa garbiek goranzko joera izan dute joan den hamarkadaren erdialdetik.
Igoera hori handiagoa da nahitaezko eskolatze-adina jadanik gainditu duten gazteen artean. Esaterako, 16 eta 17 urte bitarteko taldean, eskolatutako biztanleriaren portzentajea % 87 zen 2004/05 ikasturtean, eta % 98, berriz, 2016/17 ikasturtean. Denboraldi berean, 18 eta 21 urte bitarteko taldea % 65etik % 82ra pasatu da.
Atzerriko ikasleen presentziak ere gora egin du euskal ikastetxeetan azken bi hamarkadetan. 2017/18 ikasturtean, erregimen orokorreko irakaskuntzetako ehun ikasletik bederatzi atzerritarrak ziren. Eragina handiagoa izan zen titulartasun publikoko ikastetxeetan. Horietan, ehun ikasletik 12,5 atzerritarrak ziren. Ikastetxe pribatuetan eragina txikiagoa izan zen (ehun ikasletik 5).
Irakaskuntza arautuan emaitza akademikoak hobeak dira Euskal AEn Espainia osoan baino
Unibertsitatez kanpoko erregimen orokorreko irakaskuntzan, Euskal AEko ikasleen emaitza akademikoak Estatuko batez bestekoak baino hobeak dira. 2015/16 ikasturtean, ehun ikasletik 5,9k soilik errepikatu zuten ikasturtea Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan; Espainian, berriz, 10,1ek. Horren ondorioz, Euskal AEk hirugarren egokitasun-tasarik onena du (adinagatik dagokien ikasturtean matrikulatutako ikasleen ehunekoa) 15 urteko adin-taldean, Kataluniaren eta Nafarroaren atzetik soilik.
Graduazio-tasei dagokienez, Euskal AE hirugarren lekuan egon zen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako mailan, eta lehen postuan Batxilergoan eta Goi-mailako Lanbide Heziketan.
Hezkuntzak aukerak hobetzen ditu lan-merkatuan eta egoera ekonomikoan
Ebidentziak erakusten du hezkuntzak areagotu egiten dituela pertsonen aukerak lan-merkatuan, eta handitu egiten dituela haien diru-sarrerak. Goi-mailako titulazioa duten 25 eta 65 urte bitarteko pertsonek, adibidez, % 7,3ko langabezia-tasa dute. Ikasketarik ez dutenek edo soilik Lehen Hezkuntza amaitu dutenek askoz tasa langabezia-handiagoa dute (% 16,3). Familiaren diru-sarrerak 1.000 eurotik beherakoak izateko probabilitatea ere handiagoa da erreferentziazko pertsona Lehen Hezkuntzatik harago iritsi ez den familien artean.
Emakumeek gizonek baino emaitza akademiko hobeak lortzen dituzte unibertsitate aurreko irakaskuntzan, baina presentzia txikiagoa dute Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematikako ikasketetan
Emakumeek unibertsitate aurreko irakaskuntzan duten jardun akademikoa gizonena baino hobea da. Gizonen gainditutakoen tasen gainetik daude, eta egokitasun-tasa hobeak dituzte 9 eta 17 urte bitarteko adin-talde guztietan.
Unibertsitate-mailari dagokionez, gizonen eta emakumeen arteko alderik handiena ikasketa mota hautatzearekin lotuta dago. Gizonek gehiago aukeratzen dituzte Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematikako (ZTIM) irakaskuntzak. irakaskuntza horietan, % 68 gizonak dira, eta % 32 emakumeak. Aldiz, emakumeek nahiago dituzte Hezkuntza, Osasuna, Ongizatea eta Giza Zientziak (HOOGZ) arloekin lotutako irakaskuntzak (horietan % 70 dira). Joera hori gutxi aldatu da joan den mendearen amaieratik, euskal unibertsitateetako matrikula datuak ikusita.
Oharra: Datu horiek eta beste batzuk “Euskal AEko Hezkuntzaren Panorama, 2019” txostenean ikus ditzakegu. Sintesi-eragiketa estatistiko baten ondoriozko txosten soziala da, estatistika-iturri ofizialetan oinarritua eta Eustatek egina.
Informazio gehiagorako:
Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia kalea, 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62