2025/03/07ko prentsa-oharra
EMAKUMEEN NAZIOARTEKO EGUNA. 2025
Emakumeen okupazio-tasa bikoitza baino gehiago hazi da lau hamarkadatan
Euskal Estatistika Erakundeak interesa duten guztien eskura argitaratu du bere webgunean Emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko lehen Estatistika-Panela. Ekimen honek Eustaten Euskal AEko emakumearen egoerari buruzko datu nagusiak biltzen ditu eta modu grafiko, interaktibo eta ulergarrian aurkezten ditu
Euskal AE zortzigarren tokian dago Europar Batasuneko 27 herrialdeen artean, Genero Berdintasunaren Indizeari dagokionez. Era berean, gure autonomia-erkidegoan emakumeen jarduera-tasa ehuneko 20 puntu baino gehiago igo da azken berrogei urteetan, eta okupazio-tasa % 22,1etik % 48,1era igo da, bi generoen arteko aldea murriztuz. Gainera, emakumeek duela hogeita hamar urteko maila berean jarraitzen dute janaria prestatzen (partaidetza-tasa % 85,3koa da), nahiz eta zeregin horretan parte hartzen duten gizonen ehunekoa % 33tik (1993) % 76,6ra (2023) igo den.
Horiek dira Eustat-Euskal Estatistika Erakundeak, bihar, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, argitaratu berri duen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Panel berrian aurki daitezkeen datu ugarietako batzuk. Horrela, erakunde publikoak orrialde bakar batean eta modu grafiko eta intuitiboan jaso ditu Euskal AEko emakumearen egoera irudikatzen duten parametro nagusiak.
Webguneak erakunde publikoaren estatistika-eragiketetatik datozen datuen katalogo zabala bilduko du: batetik, bederatzi atal nagusiren bidez (biztanleria, etxeko lana, ordaindutako lana, osasuna, dirua, hezkuntza eta euskara, gizarte-ohiturak, denboraren erabilera eta genero-indarkeria) eta, bestetik, datu nagusiak laburbiltzen dituen bloke baten bidez. Horri esker, Euskal Autonomia Erkidegoko emakumeak gaur egun bizi duen egoera ikusi ahal izango da, baita urteetan zehar berdintasunaren arloan egindako aurrerapenak edo euskal gizarteak dituen erronkak egiaztatu ere.
Panel honek berdintasunarekin lotutako informazio garrantzitsuena jasotzen badu ere, Eustatek emakumeen eta gizonen berdintasunarekin lotutako eragiketa guztiak biltzen eta eguneratzen jarraitzen du. Eragiketa horiek Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna atalean jasotzen dira.
Publiko guztientzako irisgarritasunaren aldeko apustua
Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren panela Euskal Estatistika Erakundeak ezaugarri horiek dituen bigarren proiektua da. Produktu hauen bidez, Eustatek ikerketa-eremu bateko informazio nagusia biltzen du eta formatu ulergarriagoan aurkezten du estatistika-ingurunera ohituta ez dauden pertsonentzat. Erakundeak egiten dituen ohiko datu-bankuak ordeztu beharrean, panel horiek osagarriak izaten saiatzen dira, sarbidea eta interpretazioa errazteko.
Ekimena 2022an hasi zen, udal informazioari eskainitako panela sortuaz batera. Bertan, hainbat datu modu grafiko eta ulergarrian erakusten dira, hala nola Euskal AEko udalerrien datuak biltzen dituen bilatzailea. Eustatek etorkizun hurbilean panel berriak argitaratzeko asmoa du.
Sar zaitez Euskal AEko Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunaren Panel Estatistikora.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
C/ Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62