2023/09/22ko prentsa-oharra
KAPITAL SOZIALAREN INKESTA. 2022
Euskal herritarrek erakundeetan eta lanbideetan duten konfiantzak gora egin du 2022an, 2017. urtearekin alderatuta
Senide- eta adiskide-sareekiko konfiantzaren, hauteskundeetako parte-hartzearen eta segurtasunaren adierazleak “oso ongi” mailakoak izan dira berriz ere, aurreko edizioekin alderatuta behera egin badute ere
Eustatek landutako datuen arabera, Euskal AEko 15 urteko eta gehiagoko herritarrek pertsonengan duten konfiantzak 5,8ko puntuazioa agertu du 10etik, eta familia-sareko edo adiskide taldeko pertsonenganako konfiantzaren kasuan lortu du baliorik handiena (7,0). Erakundeekiko konfiantzak, berriz, gora egin du eta 5,0ra iritsi da, hau da, 2022an lehen aldiz iritsi da "nahiko” kalifikaziora.
Lanbideekiko konfiantzaren kasuan (5,6), aurreko edizioekin alderatuta etengabe gora egin duela ikus daiteke. Baloraziorik onena lortu dutenak medikuak izan dira (7,6), eta, haien atzetik, zientzialariak (7,3) eta irakasleak (7,0) kokatu dira. “Nahikoa” lortu dutenak honako hauek dira: poliziak (6,3), merkatariak (6,0), funtzionarioak (5,6), epaileak (5,5) eta enpresaburuak (5,1). Bestalde, politika-arloko profesionalek, aurreko puntuazioarekin alderatuta 6 hamarreneko igoera izan badute ere, notarik txarrena jaso dute berriz ere (3,0). Puntuazio txarra izan dute, halaber, apaizek (4,3) eta militarrek (4,7), eta informazioaren arloko profesionalak “nahiko” notatik hurbil geratu dira (4,9).
Adiskide- eta senide-sareak 24 pertsona inguruk osatzen dituzte
Senideek eta adiskideek osatutako sareei dagokienez, euskal herritarrek, aurreko edizioan bezala, 24 pertsona dituzte beren ingurunean batez beste. Zifra hori, nolanahi ere, erdira murrizten da ingurunerik hurbilenaren kasuan.
2022an, adiskide taldea ez da hain homogeneoa erlijio-sinesmenei, nazionalitateari, gizarte-mailari edo joera politikoari dagokienez, eta adiskide taldean homogeneotasun-maila handia dutela adierazi duten herritarrak jada ez dira gehienak (% 46,1, hau da, duela 5 urte baino 5,1 puntu gutxiago). Herritarren homogeneotasunaren adierazlea 5,4koa izan da 10etik, eta alderik handienak adinaren eta amaitutako ikasketen mailaren arabera agertu dira. Izan ere, 25-34 urteko gazteek dituzte homogeneotasun-mailarik txikieneko sareak (4,0), eta 65 urtetik gorakoek, berriz, mailarik handienekoak (7,4); ikasketa-maila kontuan hartuta, lehen mailako edo hortik beherako ikasketak dituzten pertsonek sare homogeneoagoa dute (6,5), eta unibertsitate-ikasketak dituzten herritarrek, berriz, aniztasun handiagoa agertzen dute. Alderaketa eginez gero, adierazleak behera egin du azken 5 urteetan herritar guztien kasuan (5,9 2017. urtean).
Adiskide- eta senide-sareetako pertsonen kopuruan eraginik handiena duten aldagai sozioekonomikoak familia mota eta adierazitako gizarte-klasea dira. Izan ere, seme-alabak dituzten bikoteek dute kopururik handiena (26 senide eta adiskide batez beste). Pertsona bakarreko familien kasuan, 20 kide dira, eta establezimendu kolektiboetan bizi diren pertsonen kasuan, berriz, 19. Adierazitako gizarte-klaseari dagokionez, goi-klaseko pertsonek 27 senide eta adiskide dituzte, eta behe-klasekoek, berriz, 17. 15-24 urteko gazteek ere 27 pertsonako sarea dute.
Azkenik, sare hurbilaren tamainak (harreman hurbileko senideak eta adiskideak) beherakada txiki bat izan du, eta 13 pertsonatik 12ra jaitsi da 2017tik 2022ra bitartean. Sare horren tamaina handiagoa da goi-klasekoak direla adierazi duten pertsonen eta zuzendaritzako langileen artean atzerritarren eta behe-klasekoak direla adierazi duten pertsonen artean baino (14 pertsona eta 9 pertsona, hurrenez hurren).
Emandako eta jasotako laguntzaren adierazleek berdin jarraitu dute, baina finantza-laguntza lortzeko aukeraren adierazleak behera egin du
Adiskide- eta senide-sareekin lotuta, azken sei hiletan emandako eta jasotako laguntzaren eta laguntza hori (finantza-laguntza, osasun-laguntza eta laguntza emozionala) lortzeko aukeraren adierazleak daude. Ildo horretan, emandako laguntzak 3,2ko puntuazioa lortu du batez beste, eta jasotako laguntzak, berriz, 2,0koa baino ez. Balio horiek aurreko edizioetan lortutakoen antzekoak dira. Aldeak nabarmenagoak dira adinean gora egin ahala. Izan ere, 15-24 urteko pertsonek 4,4ko indizea agertu dute emandako laguntzaren kasuan, eta 3,7koa jasotako laguntzaren kasuan, eta 65 urteko eta gehiagoko pertsonek, berriz, 1,7ko indizea agertu dute emandako laguntzaren kasuan, eta 1,2koa jasotako laguntzaren kasuan.
Finantza-laguntza lortzeko aukeraren adierazleari dagokionez, lehen aldia da “nahikora” iristen ez dena; zehazki, 4,9koa izan da, eta, beraz, hiru hamarreneko beherakada izan du 2017. urtearekin alderatuta. Alderik handiena goi-klasekoak direla adierazi duten pertsonen eta behe-klasekoak direla adierazi dutenen artean agertu da (5,5eko eta 3,4ko balioak, batez beste). Nolanahi ere, bi adierazleek beherakada nabarmenak izan dituzte (6 eta 7 hamarrenekoak, hurrenez hurren).
Alde hori osasun-arazoei lotutako laguntza lortzeko aukeran ere islatu da. Izan ere, goi-klasekoak direla adierazi dutenen kasuan, adierazlearen balioa 6,4 izan da, eta behe-klasekoen kasuan, berriz, 4,8. Era berean, laguntza emozionala lortzeko aukeran, balioak 6 eta 4,4 izan dira, hurrenez hurren.
Hauteskundeetako parte-hartzea parte-hartze sozialik garrantzitsuena izan da berriz ere, eta elkarte-jardueretako parte-hartzea oso txikia izan da
Euskal herritarren parte-hartze sozial nagusia hauteskundeetako parte-hartzea izan da, eta elkarteetan, berriz, parte-hartzea oso txikia izan da (0,6). Ildo horretan, euskal herritarrek hauteskundeetan izan duten parte-hartzea handia izan da berriz ere (7,0), baina batez besteko balioak bost hamarreneko beherakada izan du 2017. urtearekin alderatuta. Kasu horretan ere, gizarte-klaseak eragin handia du parte-hartze horretan, eta handiagoa izan da goi-klasekoak eta erdiko klasekoak direla adierazi duten pertsonen kasuan (7,4ko balioarekin) beren burua behe-klasekotzat duten pertsonen kasuan baino. Izan ere, azken horien balioa 4,9 izan da, eta 1,4 puntuko beherakada izan du aurreko edizioarekin alderatuta. Gainera, adierazlearen baliorik handiena erretiratuek eta 65 urteko eta gehiagoko herritarrek agertu dute (8,6 eta 8,2, hurrenez hurren).
Bestalde, gai soziopolitikoekiko interesak berdin jarraitu du (5,9), eta parte-hartze sozial eta politiko txikiak ere aldaketarik gabe jarraitu du azken 10 urteetan (1,2).
Gai publikoei buruzko informazioari dagokionez, euskal herritarrek uste dute erdizka informatuta daudela (5,6), lurralde-esparru desberdineko askotariko informazio-iturriak gorabehera (6,5 batez beste). Edonola ere, komunikabideetara jotzeko maiztasunak (5,9) 6 hamarreneko beherakada izan du 2017. urtearekin alderatuta, eta alderik handienak amaitutako ikasketen mailaren arabera agertu dira. Izan ere, unibertsitate-ikasketak dituzten pertsonek lehen mailako edo hortik beherako ikasketak dituztenek baino maiztasun handiagoarekin jotzen dute komunikabideetara (6,6ko eta 5,1eko balioak, hurrenez hurren).
Ikus daitekeenez, herritarrek uste dute informatuago daudela hurbilak zaizkien gaien inguruan, batez ere beren auzokoen edo udalerrikoen inguruan (informazio-maila handia dutela uste dutenak % 41,4 eta % 41,5 dira, hurrenez hurren) eta Autonomia Erkidegokoen inguruan (% 39,5). Espainiako gaien inguruan, berriz, neurri txikiagoan daude informatuta (% 34k uste dute informazio-maila handia dutela), Europako gaien inguruan bezala (% 31,1ek informazio asko dute).
Interneten eta sare sozialen erabilera txikia da oraindik, eta horren adierazlearen balioa 2,4ra iritsi da batez beste, aurreko edizioarekin alderatuta bi hamarreneko igoera izan badu ere. Bestalde, foroetako parte-hartzea eta harreman pertsonal berriak ezartzeko Interneten erabilera urriak izan dira. Erabileran agertu diren alde nagusiak adinari lotutakoak dira. Izan ere, 15-24 urteko gazteen adierazlea 3,4ko baliora iritsi da, eta 65 urteko edo gehiagoko pertsonen adierazlearena, berriz, 1,2ra baino ez. Aurrekoari lotuta, adierazlerik handiena ikasleen taldeak agertu du (3,5), eta, jarduerarekin jarraituz, langabeek pentsiodunek baino neurri handiagoan erabiltzen dituzte Internet eta sare sozialak (3,0 eta 1,3, hurrenez hurren).
Kapital sozialeko zenbait adierazle dimentsioen arabera. Batez besteko balioak eta zerotik hamarrerako eskalan dauden aldeak. 2012-2022
| 2022 | 2017 | 2012 | 2022 - 2017 | 2022 - 2012 |
Konfiantza eta elkarrekikotasuna | | | | | |
Konfiantza orokorra | 5,8 | 6,0 | 5,8 | -0,2 | 0,0 |
Konfiantza senideen eta lagunen sareetan | 7,0 | 7,2 | 7,1 | -0,2 | -0,1 |
Instituzioekiko konfiantza | 5,0 | 4,8 | 4,5 | 0,2 | 0,5 |
Konfiantza lanbideetan | 5,6 | 5,5 | 5,2 | 0,1 | 0,4 |
Sare sozialak | | | | | |
Sare zabalaren tamaina (Kopurua) | 23,7 | 23,8 | 22,2 | -0,1 | 1,5 |
Sare hurbilaren tamaina (Kopurua) | 12,0 | 13,0 | 10,6 | -1,0 | 1,4 |
Emandako laguntza | 3,2 | 3,3 | 3,3 | -0,1 | -0,1 |
Jasotako laguntza | 2,0 | 2,0 | 2,0 | 0,0 | 0,0 |
Finantza laguntza jasotzeko aukera | 4,9 | 5,2 | 5,0 | -0,3 | -0,1 |
Berdintasuna eta Lankidetza | | | | | |
Hauteskundeetako partaidetza | 7,0 | 7,5 | 7,2 | -0,5 | -0,2 |
Gizarte eta politikan parte hartzea | 1,2 | 1,2 | 1,2 | 0,0 | 0,0 |
Elkarteetan parte hartzea | 0,6 | 0,6 | 0,4 | 0,0 | 0,2 |
Informazioa eta komunikazioa | | | | | |
Gizarte eta politika gaietako interesa | 5,9 | 5,9 | 5,5 | 0,0 | 0,4 |
Gizarte eta politika gaietako informazioa | 5,6 | 5,6 | 5,3 | 0,0 | 0,3 |
Interneten eta sare birtualen erabilera | 2,4 | 2,2 | 1,9 | 0,2 | 0,5 |
Komunikabideetarako sarbidea | 5,9 | 6,5 | 6,7 | -0,6 | -0,8 |
Informazioiturri mota | 6,5 | 6,5 | 7,2 | 0,0 | -0,7 |
Kohesioa eta barne egote soziala | | | | | |
Segurtasuna | 7,9 | 8,0 | 8,1 | -0,1 | -0,2 |
Ustelkeria | 6,1 | 6,4 | 6,3 | -0,3 | -0,2 |
Zoriontasuna eta osasuna | 7,1 | 7,1 | 7,2 | 0,0 | -0,1 |
Data 2023ko Irailaren 22a
Iturria: Eustat. Kapital sozialaren inkesta
Zoriontasunaren eta osasunaren adierazleak egonkor jarraitu du, pandemia gorabehera
Zoriontasunaren eta osasunaren batez besteko balorazioa 7,1ekoa izan da. Adierazle horrek bizitzarekiko, osasunarekiko eta diru-sarrera ekonomikoekiko gogobetetzeari buruzko informazioa ematen du, eta ia ez da aldatu aurreko edizioekin alderatuta. Nolanahi ere, alderik handienak adierazitako gizarte-klasearekin lotuta daude (7,8ko balioa goi-klaseko pertsonen kasuan, eta 6,2koa behe-klasekoen kasuan). Era berean, adinean gora egin ahala adierazleak behera egiten duela ikus daiteke. Izan ere, batez besteko balioa 7,3 izan da 15-34 urteko pertsonen kasuan, eta 6,7 65 urteko edo gehiagoko pertsonen kasuan.
Ustelkeriaren pertzepzioak maila handietan jarraitu du (6,1 puntu 10etik), aurreko edizioan baino hiru hamarren txikiagoa izan bada ere. Alderdi horri baloraziorik negatiboena eman diotenak 25-49 urteko pertsonak, unibertsitate-ikasketak dituztenak eta landunak izan dira (6,4 kasu guztietan). 65 urteko edo gehiagoko pertsonek eta atzerritarrek, berriz, bestelako datuak agertu dituzte (5,6 eta 5,3, hurrenez hurren).
Bestalde, herritarren segurtasun-sentsazioak “oso ongi” notaren mailetan jarraitu du (7,9). Nolanahi ere, 65 urtetik gorako pertsonak 15-24 urteko gazteak baino seguruago sentitzen dira (8,4 eta 7,4, hurrenez hurren).
Emakumeen eta gizonen arteko alde nagusiak honako alderdi hauetan ikus daitezke: emandako laguntzaren kasuan, emakumeen adierazlea gizonena baino handiagoa izan da (3,3 eta 3,0, hurrenez hurren); jasotako laguntzaren kasuan, emakumeek gizonek baino laguntza handiagoa jaso dutela adierazi dute (2,2 eta 1,8, hurrenez hurren); eta sare birtualen erabileraren kasuan, gizonak emakumeak baino aktiboagoak dira (2,6 eta 2,3, hurrenez hurren). Gainerako adierazleek ez dute alde esanguratsurik agertu.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.es Tel.: 945 01 75 62