Facebooken zabal ezazu Twitterren zabal ezazu Helbide elektronikoan zabal ezazu pdf Produktuen zerrenda

Euskal AEko etxeak Ingurumen Adierazlearen oso nota onetik hurbil daude 2020an

Biztanleen mugikortasunak garraio pribatuan oinarritzen jarraitzen du (% 39,4), 2015ean (% 35,4) baino ehuneko handiagoarekin

Euskal AEko familiek 10etik 6,7 puntu lortu dituzte beraien sentsibilizazio-mailan eta ingurumenean eragina duten ohituretan, Eustatek prestatutako datuen arabera. Puntuazio hori Ingurumen Adierazlean lortu da, eta duela bost urteko emaitzekin alderatuta pixka bat gora egin du (+0,1).

Adierazle hori Familientzako Ingurumenari buruzko 2020ko Inkestan egindako 75 galderen laburpenaren bidez lortzen da, eta sentsibilizazio-mailaren eta ingurumenean eragina duten ohituren arabera Euskal AEko gizarte osoa 0 eta 10 puntu arteko eskalan jartzea ahalbidetzen du.

graf0018840_01_e.png

Ingurumen-adierazlea osatzen duten 7 dimentsioen adierazle partzialei dagokienez, Ohiko hondakinen tratamendua (9,1) da emaitzarik onenak lortu dituena, eta baita 2015arekin alderatuta portaera onena izan duena ere (+0,2). Ondoren, Noizbehinkako hondakinen tratamenduari (7,9), Energiaren aurrezpenari (6,9) eta Ingurumen-jarrerari (6,4) buruzko adierazleak datoz, eta guztiek bilakaera positiboa izan dute (10etik 0,1 eta 0,2 puntu artean). Talde hori ixteko, Uraren aurrezpenari buruzko adierazleak (6,4) duela 5 urteko puntuazioari eusten dio.

Emaitzarik txarrenak Garraioaren eta Mugikortasunaren adierazleetan eta Kontsumo-jarraibideen adierazleetan lortu dira. Lehenbizikoek, bilakaera negatiboa izan arren (-0,1), nahikoa gainditzea lortzen dute (5,3), baina bigarrenak ez dira nahikora heltzen (10etik 4,4 puntu), 2015ean baino hamarren bat gehiago izan arren.

Familien puntuazioak beren ezaugarri sozio-demografikoen arabera aldatzen dira. Hala, Ingurumen Adierazleko puntuaziorik handiena (6,8) 4 pertsonaz osatutako familietan edo 10.000 eta 20.000 biztanle arteko udalerrietan bizi diren familietan lortzen da. Aitzitik, puntuaziorik txikiena, etxebizitzaren erreferentziako pertsonaren ikasketa-maila txikiena denean lortzen da.

Lurraldeka, aldeak ez dira handiak. Gipuzkoa da globalean puntuaziorik onena lortu duena (6,8), eta Araba bigarren tokian dago (6,7); Bizkaia da puntuaziorik txarrena lortu duen lurraldea (6,6), 2015eko datuekin alderatuta hobera egin duen arren (+0,1). Lurraldeen arteko alderik handienak Ohiko hondakinen tratamenduaren adierazle partzialean daude. Gipuzkoa da puntuaziorik altuena lortu (9,5) eta bilakaera hobea izan duena (+0,3), ondoren Araba (9,2) eta, azkenik, Bizkaia (8,8).

Ezaugarri soziodemografikoen arabera, ikasketa eta diru-sarrera mailek gora egiten dutenean adierazle partzialek puntuazioa hobetzen dute, Garraioaren eta mugikortasunaren adierazle partzialak izan ezik, horrek diru-sarrera txikienak dituzten familien artean lortzen baitu puntuaziorik onena (6,5).

Kontsumo-jarraibideen adierazle partzialak nahikora heldu gabe jarraitzen du

Hauek dira Kontsumo-jarraibideen adierazlearen emaitza baxuak (4,4) azaltzen dituzten ohiturak: Euskal AEko etxeen erdietan baino pixka bat gehiagotan (% 56,3) maiz erabiltzen dira erabili eta botatzeko produktuak; aldiz, ontzi itzulgarrien (% 25,2), berriro kargatu daitezkeen bateria edo pilen (% 23,7) eta paper birziklatuaren (% 20,7) ohiko erabilera gutxiengoa da Euskal AEko etxeen artean. Erosteko orduan, garrantzi handiagoa ematen zaio prezioari (% 86,5) beste faktore batzuei baino.

Zentzu positiboan, azpimarratu behar da etxetresna elektrikoen kasuan energia-eraginkortasunari garrantzia ematea etxeen % 80,5era iristen dela. Azken 5 urteetan, gainera, tokiko produktuari (garrantzitsua familien % 79,1entzat) eta etiketa ekologikoa duten elikagaiei (% 67,2) ematen zaien balioak nabarmen egin du gora (+% 12,9).

Ura aurrezteko eta hondakinak tratatzeko ohiturak oso hedatuta daude familien artean

Euskal AEko familien % 98,6k ur-kontsumoa murrizteko ohituraren bat du. Ohikoenak dira “janaria aldez aurretik desizoztea, txorrotaren azpian egitea saihesteko” (% 89,5) eta “garbigailua edo ontzi-garbigailua bete arte itxarotea” (% 84,3). Beste muturrean, ura birziklatzeko ohitura Euskal AEko familien % 13,8k baino ez dute (+ % 1,9 puntu).

Berokuntzaren erabilerari dagokionez, familien % 79,5ek termostato bidez erregulatzen du, eta, kasu horietan, aukeratutako batez besteko tenperatura 20,2 gradukoa da.

Etxean sortutako hondakin motei emandako tratamenduaren arabera, Euskal AEko ia familia guztiek behar bezala tratatzen dituzte papera eta kartoia (% 97,0), plastikoak eta metalak (% 96,3) eta beira (% 96,2). Oro har, familia gehienek behar bezala tratatzen dituzte etxeko hondakinak: ehungintza eta oinetakoak (% 82,8), tresna elektrikoak (% 80,5), sendagaiak (% 79,4) edo hondakin organikoak (% 74,5), besteak beste.

Telefono mugikorretarako tratamendu egokia (% 60,6) da azken 5 urteetan gora gehien egin duena (+15,6 puntu). Azkenik, Euskal AEko familien erdiek baino gutxiagok (% 43,4) behar bezala tratatzen dituzte etxean sortutako produktu kimikoen eta garbiketa-produktuen hondarrak, azken 5 urteetan ehuneko 7,2 puntu igo den arren.

Ia etxebizitza guztiek dute berokuntza-sistemaren bat eta isolamendu-motaren bat

Okupatutako etxebizitza guztiek dute energia elektrikoa, eta kontsumo txikiko bonbillen erabilera orokorra (% 95,1) eta gero eta handiagoa (+% 6,7) da. Bestalde, argi fluoreszenteen erabileran atzerakada handia gertatu da (ehuneko -19,2 puntu), eta horren ondorioz, gehiengoa izateari utzi diote (% 50,4).

Etxeen % 95,8k berokuntza-sistemaren bat du, eta gas-berokuntza da sistema ohikoena (% 65,6). Hain zuzen ere, etxebizitzen erdiek banakako gasa dute (% 54,0), eta horrek beste sistema batzuek baino askoz presentzia handiagoa du: berokuntza elektrikoa (% 20,1) edo gasolioa (% 9,2).

Etxebizitzen % 84,9k ura aurrezteko gailuren bat du. Aginte bakarreko txorrota edo txorrota termostatikoa da ohikoena (% 79,1), eta zisternako deskarga-mugatzaileak 5,9 puntu egin du gora, eta etxebizitzen % 45,7k dauka.

Gainera, % 99,4k isolamendu motaren bat du; pertsianak etxebizitza gehienetan daude (% 96,3), eta kristal bikoitza ere oso hedatuta dago (% 78,4), 2015eko datuetan baino 6,8 puntu gehiago.

Euskal AEko familien % 20,1ek zaratak jasaten ditu eta % 14,3k usain txarrak

Bost familiatik batek zaratak jasaten ditu, 2015ean baino 3,1 puntu gutxiago. Zarata-iturri nagusiak bizilagunak (% 9,4), lurreko trafikoa (% 8,3) eta jatorri mekanikoa duten zaratak (% 5,9) dira.

Familien % 14,3k usain txarrak jasaten ditu etxean, duela 5 urteko balioen oso datu antzekoak (-0,9 puntu). Usain txarren jatorri ohikoena hodietan eta saneamenduan (% 6,7) eta industria-jardueretan (% 3,4) dago. Arazo horien larritasuna bat edo beste izanik, eragindako 3 familiatik batek horren aurreko neurriak hartzen ditu. Neurri horiek sortzaileari aurkeztutako kexa batean gauzatu ohi da, eta, gutxitan, salaketa bat aurkeztean.

Ingurumenarekiko kezka areagotu egin da biztanleen artean

Ingurumenarekiko kezkak gora egin du biztanleen artean (+4,3 puntu); 16 urte eta gehiagoko pertsonen % 97,2k adierazi du kezkatuta dagoela, eta % 83,0k adierazi du oso kezkatuta dagoela, duela 5 urte baino ehuneko 11,3 puntu gehiago. Era berean, handitu egin da ingurumen-kanpainen berri duen biztanleria (+12,7 puntu); hala, 2020an, biztanleriaren % 61,7k adierazi du baduela ura eta energia aurrezteari edo birziklatzeari buruzko sentsibilizazio-kanpainen berri.

Biztanleriaren laurdenak (% 25,5) dio 2020an ingurumenarekin erlazionatutako jardueraren batean parte hartu duela, eta horien artean egoera kaltegarrien aurkako sinadura nabarmentzen da (% 18,1).

Euskal AEko biztanleen % 27,3k ingurumen-arazoak antzeman ditu ingurunean, hau da, datu hori ehuneko 7,5 puntu igo da bost urtean.

Ia herritar guztiek (% 91,7) babesten dute ingurumenaren aldeko neurriak hartzea, hala nola trafikoaren zarata murriztea (% 78,0), uraren gehiegizko kontsumoa murriztea (% 66,0) edo erregai kutsagarrienei ingurumen-zergaren bat ezartzea (% 60,5).

Biztanleen mugikortasunak garraio pribatuan oinarritzen jarraitzen du (% 39,4), 2015ean baino ehuneko handiagoarekin (% 35,4)

Familien % 71,3k gutxienez ibilgailu bat du bere erabilera pertsonalerako. Ibilgailuen presentzia udalerriaren tamainari lotuta dago, eta ohikoagoa da udalerria zenbat eta txikiagoa izan, eta zenbat eta diru-sarrera gehiago izan, orduan eta handiagoa da. Batez beste, 1,4 ibilgailu daude familia-unitate bakoitzeko; kopuru hori 1,1 eta 1,9 artekoa da, udalerriaren tamainaren, familia-tamainaren edo familia-errentaren mailaren arabera.

16 urte eta gehiagoko biztanleen artean, garraio pribatua (% 39,2) eta, batez ere, autoa (% 38,4) dira ohikotasunez mugitzeko gehien erabiltzen direnak. Oinez edo bizikletaz egindako joan-etorriak (% 37,6) dira mugitzeko bigarren modua. Garraio publikoa da herritarren artean gutxien erabiltzen dena (% 22,9), eta 5,8 puntu jaitsi da.

Lurraldeka, Gipuzkoan garraio pribatua da nagusi (% 44,0) eta Araban oinez edo bizikletaz egiten diren joan-etorriak (% 44,6). Bizkaian, oinez edo bizikletaz egindako joan-etorriak (% 34,8) eta garraio pribatua (% 36,3) orekatuago daude garraio publikoaren aurrean (% 28,9). Hiru hiriburuak dira pertsonak oinez edo bizikletaz gehien mugitzen diren lekuak (% 45,1), eta udalerri txikiak dira garraio pribatua gehien erabiltzen den tokiak (% 56,9).

Pertsonen generoaren arabera, alde handiak daude joan-etorrietan. Horrela, garraio pribatua da gizonek gehien erabiltzen duten baliabidea (% 48,5), eta emakumeek (% 31,0) baino askoz proportzio handiagoan (+17,5 puntu) erabiltzen dute. Emakumeak, berriz, oinez edo bizikletaz mugitzen dira gehienbat (% 41,7), 8,4 puntuko aldearekin, gizonekin alderatuta. Garraio publikoa da gutxien erabiltzen dena, generoa edozein dela ere, baina emakumeek gehiago erabiltzen dute (+9,1).

Informazio-oharra: Litekeena da COVID-19ak eragindako munduko pandemia-egoerak zenbait ohitura eta baloraziotan eragina izatea, garraioarekin eta mugikortasunarekin erlazionatutakoetan, batez ere.

Informazio gehiagorako:

Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Euskal AEko etxeak Ingurumen Adierazlearen oso nota onetik hurbil daude 2020an

Eragiketa : 
Ingurumenaren inkesta - Familiak
Eragiketa kodea : 
090001
Periodikotasuna : 
Bost urtekoa
Denbora arloa : 
2020
Eguneratze data : 
2021/06/23
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Laginketa bidezko inkesta
Formatu erabilgarriak : 
Lizentzia : 
Creative Commons
Metodologia : 
Metodologia-fitxa
Erakunde arduraduna : 

Beste produktu estatistikoak

Datuak

Grafiko interaktiboak

Metadatuak

Kode eta izendegiak

Informazio gehigarria

Egutegia

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali