2026/01/27ko prentsa-oharra

OSASUNAREN PANORAMA. 2025

Linkedinen zabal ezazu Facebooken zabal ezazu Twitterren zabal ezazu BlueSkyen zabal ezazu Helbide elektronikoan zabal ezazu pdf Atzera

2025eko osasunaren panorama Euskal AEn


Bizi-itxaropenak gora eta osasun onaren pertzepzioak behera egin du Euskal Autonomia Erkidegoan azken 5 urteetan


Eustatek Osasunaren Panorama —osasunaren arloko estatistika-informazio garrantzitsuenaren sintesia— laugarren edizioa argitaratu du —2025ekoa—.Edukia sei arlo tematikotan banatzen da: osasun-egoera, osasunarekin lotutako jokabideak, prebentzio-praktikak, laguntza-baliabideak, osasun-arazoen arreta eta osasun-gastua.


Gizonen artean bizi-itxaropenak gora egiteak genero-arrakala murrizten laguntzen du


Jaiotzako bizi-itxaropena 81,7 urtekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko gizonetan, eta 87 urtekoa emakumeetan, 2024an. Balio horiek Europar Batasuneko (EB-27) batez bestekoaren gainetik daude, 2,5 urteko aldearekin gizonen kasuan eta 2,6 urtekoa emakumeen kasuan. Espainiako batez bestekoa ere zertxobait gainditzen dute, kontuan hartuz Espainia Europan bizitza luzeenetakoa duen herrialdea dela, 0,3 eta 0,5 urteko aldeekin, hurrenez hurren. Euskal Autonomia Erkidegoan, emakumeen aldeko aldea 5,8 urtekoa zen 2019an, eta 5,3 urtekoa 2024an; beraz, genero-arrakala urte erdian murriztu da.


65 urterekin, bizi-itxaropena 19,9 urte gehiagokoa da gizonentzat, eta 24 urte gehiagokoa emakumeentzat, 2024an. Horrek esan nahi du 65 urte dituen emakume batek, batez beste, 89 urte arte bizitzea espero dezakeela, eta adin bereko gizon batek, berriz, 84,9 urte arte. Bien arteko diferentzia 4,1 urtekoa da, emakumeen alde.



Desgaitasunik gabe egongo diren urteen bizi-itxaropena ere handiagoa da emakumeen artean (81,9 urte) gizonen artean baino (77,3 urte), eta genero-aldea txikixeagoa da jaiotzako bizi-itxaropenaren kasuan baino (4,6 urte).


Gizonek modu positiboagoan baloratzen dute beren osasuna. Gizonen % 82k beren osasuna ona edo oso ona dela uste dute; emakumeen kasuan, berriz, ehuneko hori % 78,1era iristen da, 2023ko Osasun Inkestaren arabera. Hala ere, pertzepzio hori ehuneko 4,2 puntu jaitsi da gizonen artean eta 4,4 emakumeen artean azken 5 urteetan.


2023an, osasun mentaleko arazoen prebalentzia handiagoa da emakumeetan (% 26,5) gizonetan baino (% 17,7). 2018ko datuekin alderatuta, bi taldeek ehuneko 10,1 eta 8,1 puntuko igoera izan dute, hurrenez hurren. Antsietate- eta depresio-sintomak ohikoagoak dira 75 urtetik gorako herritarren artean.


2024an, suizidioaren eta norberak eragindako lesioen ondorioz hildakoen % 68,4 gizonak izan ziren, eta % 31,6, emakumeak, Heriotzen estatistikaren arabera.


Gaixotasun kronikoei dagokienez, hauen prebalentziak behera egin du, eta pixka bat altuagoa da emakumeetan (% 42,3) gizonetan baino (% 41,4). Hipertentsioa izan da kausarik ohikoena, eta, ondoren, kolesterol altua eta bizkarreko mina.


Emakumeek tabakismoan, arrisku handiko alkohol-kontsumoan eta obesitatean igoera txiki bat izan dute, baina jarduera fisikoan hobera egin dute


2023. urtean, tabakismoak behera egin du gizonen artean, eta pixka bat igo da emakumeen artean, 2018. urtearekin alderatuta. Hala ere, intzidentziak handiagoa izaten jarraitzen du gizonetan (% 17,2) emakumeetan baino (% 13,8), eta, beraz, genero-arrakala 3,4 puntura murriztu da. 2018an ez bezala, 15-24 urteko eta 65-74 urteko taldeetan, emakumeek gizonek baino tabako gehiago kontsumitzen dute.


Epe luzera arrisku handiko alkohola kontsumitzea, osasun-arazoak izateko arrisku handiagoarekin lotuta, ohikoagoa da gizonen artean (% 16,6) emakumeen artean baino (% 11,1). Hala ere, 15 eta 24 urte bitarteko gazteen artean, mota horretako kontsumoa emakumeen artean % 14,8koa da, eta gizonen artean % 10,7koa.


Obesitateak gora egin du 2023an, 2018ko datuekin alderatuta, emakumeen artean gehiago (% 2) gizonen artean baino (% 0,3), nahiz eta arazo horrek handiagoa izaten jarraitzen duen gizonen artean (% 14,2) emakumeen artean (% 13,2) baino.


Oro har, emakumeek (% 45,7) gizonek baino (% 41,5) joera handiagoa dute dieta mediterraneoa jarraitzeko. Adinaren arabera, 65 eta 74 urte bitarteko pertsonak dira atxikimendu handiena erakusten dutenak (emakumeen % 59,8 eta gizonen % 54,7), eta gazteenak dira (15 eta 24 urte bitartekoak) txikiena erakusten dutenak (emakumeen % 33,7 eta gizonen % 23,6).


2023an, gizonen % 84,3k eta emakumeen % 80k jarduera fisiko edo ariketa fisiko osasungarria egiten dute; horrek esan nahi du azken 5 urteetan igoera handiagoa izan dela emakumeen artean (ehuneko 6,1 puntu) gizonen artean baino (4,6 puntu). Bilakaera positibo horrek genero-arrakala 4,3 punturaino murriztu du (5,8koa zen 2018an).



Prebentzio-praktiken estaldura zabala 2024an


Prebentzio-praktikei dagokienez, 2024an, gripearen aurkako txertoaren estaldura % 82,2koa izan da 74 urtetik gorakoen artean, gomendatutako % 75 gaindituz. Bularreko minbiziaren (% 79,4) eta kolon-ondesteko minbiziaren (% 71) baheketetan izandako parte-hartzea ere gomendatutako balioetatik gora dago.


Ama-haurren osasuna prebenitzeko programen atxikimendua (orpoaren eta gorreriaren proba) % 99tik gorakoa izan da. Haurren Hortzak Zaintzeko Programak (PADI), azkenik, parte-hartzea hobetu egin du 2024an (% 65,2) aurreko urtearekin alderatuta (2023an % 61), baina pandemiaren aurreko mailetara iritsi gabe jarraitzen du (2019an % 68,2).



Osasun-jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoko enplegu guztiaren % 7,1 izan dira 2024an


Osasun-jardueretan lan egiten duten langileak 67.315 dira 2024an, hau da, enplegu guztiaren % 7,1. Enplegu hori % 8,4 hazi da 2020koarekin alderatuta, eta gehienak ospitale-jardueretara bideratu dira (% 55,4). Osasun-laguntzako giza baliabideei dagokienez, emakumeak dira nagusi osasun-arloko lanbideetan (% 76,3).


Feminizazio hori Osasun Zientzietako unibertsitate-ikasketen esparrura ere hedatzen da, non graduatutako ikasleen % 79 emakumeak baitira, titulazio guztietan gehiengoa izanik (medikuntza, erizaintza, fisioterapia, farmazia, giza nutrizioa eta dietetika, odontologia eta psikologia). Joera hori osasun-prestakuntza espezializatuan mantentzen da: Barneko Medikuntza Egoiliarrean (BAME) % 71 emakumeak dira eta Barneko Erizaintza Egoiliarrean (BAE) % 94,7.


Erkatuz gero, Euskal AE da jardunean dauden mediku kolegiatuen (1.000 biztanleko 5,7) eta erizaintzako langileen (1.000 biztanleko 8,1) artean tasarik altuena duen autonomia-erkidegoa.


Emakumeak maizago joaten dira lehen mailako arretako kontsultetara, eta gizonak, berriz, maizago ospitaleratzen dituzte


Emakumeek sarriago erabiltzen dute lehen mailako arreta: urtean 5,7 kontsulta mediko izaten dituzte; gizonek, aldiz, 4,4; halaber, erizaintzako 3,1 kontsulta dituzte emakumeek, eta 2,9 gizonek. Adin aurreratuenetan (85 urte eta gehiago), aldiz, joera hori alderantzizkoa da eta gizonak dira erabiltzaile nagusiak. Kontsultaren arrazoi ohikoenak lokomozio-aparatuko arazoek eta larruazaleko eta faneretako afekzioek eragiten dituzte.



Akutuen ospitaleetako ospitalizazioen % 51,3 gizonezkoak izan ziren 2024an (% 48,7 emakumezkoak). Ospitaleratutako pertsonen % 52,3k 65 urte edo gehiago ditu. Ospitaleratzeko hiru arrazoi nagusiak digestio-, zirkulazio- eta arnas-aparatuko gaixotasunak dira, eta, oro har, ospitaleratze guztien % 38,5 dira.


Hiru horiek dira, eta ordena horretan, ospitaleratzearen kausa ohikoenak gizonen artean. Hala ere, emakumeen kasuan, arnasketa-kausak dira nagusi, eta, ondoren, digestio-kausak. Azken horiek, gainera, haurdunaldiagatiko, erditzeagatiko eta puerperioagatiko arreten maila berean daude.


Osasun-gastuaren % 69,5 sektore publikoak finantzatzen du


2022. urtearekin alderatuz, Euskal AEko osasun-gastu arrunta % 6 hazi da 2023an, Osasunaren Kontuaren arabera, eta 8.554 milioi eurora iritsi da. Gastu horren % 69,5 sektore publikoak finantzatu du, eta gainerako % 30,5a pribatuak. Gastu hori 2023. urteko BPGaren % 9,2 da, eta per capita gastua, erosteko ahalmenaren parekotasuna (EAP) dagokionez, 4.262koa da biztanleko, EB27ko batezbestekoa (3.835 EAP) baino handiagoa. Gastuaren zenbatekorik handiena Sendaketarako osasun-arretari (ospitalekoa eta anbulatoriokoa) dagokio, zeina 2023an gastu arruntaren % 56,9 izan baita (2022an baino % 6,5 handiagoa).



Txostena ikusteko: [web]


Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

2025eko osasunaren panorama Euskal AEn. Prentsa-oharra

Eragiketa : 
Osasunaren panorama
Eragiketa kodea : 
030506
Periodikotasuna : 
Lau urtekoa
Denbora arloa : 
Eguneratze data : 
2026/01/27
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Bilduma
Formatu erabilgarriak : 
Lizentzia : 
Creative Commons
Metodologia : 
Metodologia-fitxa
Erakunde arduraduna : 

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali