2020/11/12ko prentsa-oharra
EGITURAZKO ADIERAZLEAK. EUROPA 2020
Euskal AEk Europa 2020 Estrategiaren bederatzi adierazle nagusietatik zortzitan aurrera egiten jarraitzen du 2019an
Hezkuntzari buruzkoetan sobera lortu dira helburuak, baina alde handia dago I+Gko gastuari eta pobrezia- eta bazterketa-arriskuan dauden biztanleei buruzkoetan
Eustatek landutako datuen arabera, Euskal AEk hobera egin du Europa 2020 Estrategiaren bederatzi adierazle nagusietatik zortzitan 2019an, hasierako egoerarekin, 2008koarekin, alderatuta.
Estrategia hori egungo hamarkadan Europar Batasunean hazkunde adimenduna, jasangarria eta integratzailea lehenesteko ezarri zen. Helburuak bost arlo tematikotan ezarri ziren, eta herrialde bakoitzak bere helburuak ezarri zituen bere errealitatea islatzeko eta helburu komunak lortzen laguntzeko.
Estrategiaren amaieratik urtebetera, enplegua errekorreko mailan dago, hezkuntza-helburuak soberan bete dira, eta erritmo onean egiten da aurrera klimaren eta energiaren helburuetarantz. Ez da gauza bera gertatzen I+Gko gastuarekin eta pobrezia-adierazleekin oraindik hobetzeko tartea baitago eta betetzeko zaila baita, are gehiago 2020ko pandemiaren eraginpean.
Euskal AE, batez ere, Hezkuntzari buruzko adierazleetan nabarmentzen da. Adierazle horietarako, sobera lortu dira EB-28rako eta Espainiarako ezarritako helburuak.
Enplegu-tasaren bilakaerak ere aurrerapenak izan ditu 2008tik, baina ez da iritsi Espainiako eta Europar Batasuneko helburuetara.
I+Gri buruzko adierazleak aurrerapen txikiak izan ditu, eta urrun dago EBk ezarritako helburutik (BPGren % 3), eta ez hainbeste Estatu osorako ezarritakotik (% 2).
Klimaren eta energiaren arloan, lau adierazleek erreferentziako urtean (2008) baino balio nabarmen hobeak dituzte, baina ezarritako helburuak lortu gabe.
2008. urtearekin alderatuta okerrera egin duen adierazle bakarra finkatutako pobreziarena da, pobrezia- edo bazterketa-arriskuan dagoen biztanleriarena, nahiz eta balio hobea erregistratu den (% 20,17) Espainian baino (% 25,3) eta EB-28 osoan baino (% 21,4).
Energia primarioaren kontsumoak eta hezkuntzako bi adierazleek ere balio hobeak eskaintzen dituzte Euskal AEn Europako batezbestekoan baino. Aitzitik, energia berriztagarrien kuota ehuneko 1,1 puntu handiagoa da EB-28 osoan.
Espainiarekin alderatuta, zifra hobeak erregistratu dira adierazle nagusi guztietan, energia berriztagarrien kuotan eta energiaren azken kontsumoan izan ezik, horietan Euskal AEko balioak eskasagoak baitira konparaketa eginda.
Ohar metodologikoa:
2020 Estrategia Europarra, 2010ean Europako Kontseiluak onetsia, agenda komuna da oraingo hamarraldian. Lehentasuna ematen dio hazkunde adimendun, jasangarri eta integratzaileari, Europako ekonomiaren egiturazko ahuleziak gainditzeko, lehiakortasuna eta produktibitatea hobetzeko eta gizarte-merkatuko ekonomia jasangarria sendotzeko modu gisa. Hona hemen bost helburu nagusiak:
1) 20-64 urte bitarteko biztanle europarren % 75ek enpleguren bat eduki behar lukete
2) I+Gko barne-gastuak BPGren % 3 izan beharko luke
3) Klimaren eta energiaren arloan "20/20/20" helburua lortu beharko litzateke: berotegi-efektuko gasen emisioak % 20 murriztea, energia-kontsumoan % 20 aurreztea eta energia berriztagarrien kontsumoa % 20taraino sustatzea
4) Eskola-uztearen ehunekoak % 10 baino txikiagoa izan beharko luke, eta belaunaldi gazteenaren % 40k, gutxienez, goi-mailako ikasketak amaituta izan beharko lituzke
5) EBko pobrezia-arriskuak 20 milioi pertsona gutxiago mehatxatu beharko lituzke
Jarraipena adierazle nagusi batzuen bidez egiten da, zeinak Eustatek landu eta bildu baititu Euskal AErentzat.
Enplegu-tasa adin-talde jakin batean (Europa 2020 Estrategian 20 eta 64 urte bitarteko pertsonak dira) lan egiten duten pertsonen kopurua da, adin-talde bereko biztanleria osoaren ehuneko gisa.
I+Gko barne-gastu gordinean sartuta dago Enpresen, Goi-mailako Irakaskuntzaren, Administrazio Publikoaren eta Irabazi asmorik gabeko erakunde pribatuen ikerketa- eta garapen-gastua.
Berotegi-efektuko gasek gas-multzo bat osatzen dute, eta horien artean daude karbono-dioxidoa (CO2), oxido nitrosoa (N2O) eta metanoa (CH4), berotze globalean eta klima-aldaketan laguntzen dutenak. Karbono-dioxidoaren (edo CO2) baliokide bihurtzeak aukera ematen du konparatzeko eta berotze globalerako banakako eta guztizko ekarpenak zehazteko. Adierazleak nazioarteko abiazioa eta zeharkako CO2 barne hartzen ditu, baina lurraren erabileraren isurketak, lurraren erabileraren aldaketa eta basogintza kanpo uzten ditu.
Energia-iturri berriztagarriak, Energia berriztagarriak ere deitzen direnak, modu naturalean birjartzen (edo berritzen) diren energia-iturriak dira, hala nola eguzki-energia, energia eolikoa eta mareena.
Energia primarioaren kontsumoak herrialde baten energia-eskari osoa neurtzen du. Energia-sektorearen beraren kontsumoa, eraldaketan zehar izandako galerak (adibidez, petroliotik edo gasetik elektrizitatera), energia-banaketa eta azken erabiltzaileen azken kontsumoa hartzen ditu.
Energiaren azken kontsumoa azken erabiltzaileek kontsumitutako guztizko energia da, hala nola etxeek, industriak eta nekazaritzak. Azken kontsumitzailearen atera iristen den energia da, eta energia-sektoreak berak erabiltzen duena baztertzen du.
Eskola-uzte goiztiarraren tasaren adierazlea honela definitzen da: gehienez ere, bigarren hezkuntzako heziketa duten eta inkesta egin aurreko lau asteetan ikasketarik edo formakuntzarik egin ez duten 18 eta 24 urte bitarteko biztanleen ehunekoa.
Goi-mailako hezkuntza-maila honela definitzen da: unibertsitate-hezkuntza edo honen baliokidea —goi mailako lanbide-heziketa barne— amaitu duten 30 eta 34 urte bitarteko biztanleen ehunekoa.
Pobrezia- edo bazterketa-arriskuan dauden herritarren adierazleak erreferentzia egiten die pobrezia-arriskuan dauden nahiz gabezia material larriak dituzten edo lan-intentsitate oso urria duten familia-etxean bizi diren herritarrei. Pobreziako edo gizarte-bazterketako arriskuan dauden pertsonen guztizko kopurua txikiagoa da pobreziako edo gizarte-bazterketako hiru moduetako bakoitzean dauden pertsonen kopurua baino, zeren egoera horietako bat baino gehiago aldi berean jasaten duten pertsonak behin bakarrik zenbatzen baitira.
Lan-intentsitate oso urria duten familia-etxeetan bizi diren pertsonak: Lan-intentsitatea % 20ko atalasearen azpitik duen familia-etxe bateko pertsonak dira.
Transferentzia sozialen ondoren pobrezia-arriskuan dauden pertsonak: Adierazle horretarako ezarritako pobrezia-atalasea errenta nazional erabilgarri baliokidearen medianaren % 60 da.
Gabezia material larriak dituen biztanleria: Ondoko bederatzi egoeretako lauri gutxienez aurre egin ezinik, baliabide faltaz, dauden pertsonak dira: 1) alokairua eta ohiko fakturak ordaindu, 2) etxebizitza behar bezala berotu, 3) ustekabeko gastuei aurre egin, 4) haragia, arraina edo horien adinako proteinak dituzten jakiak erregulartasunez (bi egunez behin) jan, 5) etxetik kanpo astebete pasa oporretan, 6) autoa eduki, 7) arropa-garbigailua eduki, 8) koloretako telebista eduki, 9) telefonoa eduki.
Informazio gehiagorako:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62