2024/12/16ko prentsa-oharra
BIZTANLERIAREN ETA ETXEBIZITZEN ERROLDA. BIZTANLERIAREN EGITURA. 2024/01/01
2024an 217.489 atzerritar bizi dira Euskal AEn, guztizkoaren % 9,9
Atzerrian jaiotako biztanleak 298.422 dira, duela urtebete baino % 9,6 gehiago
2024ko urtarrilaren 1ean, Euskal AEn atzerriko nazionalitatea duten pertsonak 217.489 ziren, biztanleria osoaren % 9,9. Zifra hori 2023ko urtarrilaren 1ekoa baino 9 hamarren gehiago da, Eustatek landutako datuen arabera. Espainiako ehunekoa % 13,4 zen, eta Euskal AE hiru autonomia-erkidego hauen artean kokatzen zen: Andaluzia (baita ere % 9,9rekin) eta Kantabria eta Gaztela eta Leon (biak % 7,7rekin).
Data berean, atzerrian jaiotako 298.422 pertsona bizi ziren Euskal AEn, biztanleria osoaren % 13,5. Ehuneko hori duela urtebetekoa (% 12,4) baino handiagoa da, baina Estatu osokoa (% 18,1) baino txikiagoa.
Atzerriko nazionalitatea duen biztanleriaren ehunekoa pixka bat aldatzen da lurralde historiko batetik bestera: Araba da proportziorik handiena duena, % 11,2rekin (2023an baino 9 hamarren gehiago), ondoren Gipuzkoa, % 9,9rekin (8 hamarren gehiago), eta, azkenik, Bizkaia, % 9,5ekin (9 hamarren gehiago).
Atzerritarren nazionalitate-kontinentea kontuan hartzen badugu, Amerikako herrialdeetakoak (100.715 pertsona) atzerriko nazionalitatea duten pertsonen % 46,3 dira (2023an baino 2,5 puntu gehiago). Kolonbia, Nikaragua, Venezuela, Honduras eta Paraguai dira jende gehien ekartzen dituzten herrialdeak; izan ere, atzerriko nazionalitatea duten pertsona guztien % 31,6 dira, eta nazionalitate amerikarra dutenen % 68,2. Sexuaren arabera, atzerriko nazionalitatea duten pertsonen % 49,8 eta Amerikako nazionalitatea dutenen % 57,8 emakumeak dira.
Euskal AEn bizi diren afrikar nazionalitateko pertsonak (53.596 pertsona) atzerritar guztien % 24,6 dira, 2023an baino 0,6 puntu gutxiago, eta horien erdiak baino gehiago Marokokoak dira (% 54,6). Ondoren, Aljeria, Senegal eta Nigeria datoz, % 14,1, % 10,2 eta % 7,5ekin, hurrenez hurren. Lau nazionalitate horiek afrikarren % 86 baino gehiago dira, eta atzerritar guztien % 21 baino gehiago. Sexuaren araberako banaketa kontuan hartuta, gizonak dira nagusi, guztizkoaren % 63,1.
Europako herrialdeak Euskal AEko atzerritarren % 21,3 dira (46.287 pertsona), 2023an baino 1,7 puntu gutxiago. Talde horretan Errumania nabarmentzen da, atzerritar guztien % 8,4 eta Europakoen % 39,6. Bigarren tokian, nahiko urrun bada ere, Portugal dago, Euskal AEn europar nazionalitatea duten pertsonen % 13,4rekin. Eta hirugarren postuan Ukraina, % 10,2rekin. Kolektibo horretan, bi sexuek antzeko pisua dute, eta gizonen ehunekoa zertxobait handiagoa da.
Azken tokian daude Asiako eta Ozeaniako nazionalitateren bat duten pertsonak (16.891 pertsona), atzerriko egoiliarren % 7,8, eta azpimarratzekoa da taldearen % 73 bi herrialdetakoak baino ez direla: Pakistan (% 39,4) eta Txina (% 33,5). Talde horretan, gizonak guztizkoaren % 55,4 dira.
Nazionalitate amerikarra duten pertsonak gehiengoa dira oraindik hiru lurraldeetan, baina alde nabarmenak daude haien artean
Bizkaian, nazionalitate amerikarra duten pertsonak dira atzerritarren kolektibo nagusia, guztizkoaren % 50,5; atzetik datoz afrikarrak (% 23,1) eta europarrak (% 19,0).
Gipuzkoan ere nazionalitate amerikarra duten pertsonak dira nagusi argi eta garbi, guztizkoaren % 43,6 osatzen baitute, ondoren europarrak (% 26,5) eta afrikarrak (% 21,8).
Araban ere gailentzen da nazionalitate amerikarreko pertsonen ehunekoa, nahiz eta oraindik ere amerikarren eta afrikarren presentzia antzekoagoa den (% 39,2 eta % 34,6, hurrenez hurren); atzetik, urrun daude europarrak (% 17,9) eta asiarrak (% 8,3).
Atzerrian jaiotakoak 298.000 baino gehiago dira
2024ko urtarrilaren 1ean, atzerrian jaiotako 298.422 pertsona bizi ziren Euskal AEn, hau da, biztanleria osoaren % 13,5. Espainian zegoen proportzioa % 18,1ekoa zen; beraz, puntu horretan, Euskal AE Gaztela-Mantxaren eta Andaluziaren artean dago (% 14 eta % 12,4, hurrenez hurren).
Lurralde historikoen arabera, Bizkaian eta Gipuzkoan atzerrian jaiotako biztanleen ehunekoak antzekoak dira (% 13 eta % 13,4, hurrenez hurren); Araban, berriz, gehixeago (% 15,7).
Hiriburuei dagokienez, atzerrian jaiotako biztanleen ehunekoak Euskal Autonomia Erkidego osokoak baino handiagoak dira, eta Vitoria-Gasteiz da proportziorik handiena duena, % 17,1; Bilbok % 16,4 du, eta Donostiak % 14,5.
Alde nabarmenak daude eskualdeen artean: eskualde batzuetan atzerrian jaiotako pertsonen ehunekoak % 15etik gorakoak dira (Arabako Lautada, Bidasoa Beherea eta Arabako Errioxa), eta beste batzuetan ez dira % 10era iristen (Arabako Mendialdea, Aiaraldea eta Plentzia-Mungia).
Euskal AEko udalerrien erdietan baino gehiagotan, atzerrian jaiotakoen proportzioa % 10etik beherakoa da. 59 udalerritan, proportzioa Euskal AE osokoa baino handiagoa da, eta horietatik 17k bakarrik dituzte 10.000 biztanle baino gehiago. Navaridasek, Mañuek (biak Araban) eta Ordiziak (Gipuzkoan) dituzte ehunekorik handienak: % 23,8, % 20,8 eta % 20,6, hurrenez hurren. Bost udalerri ez dira % 4ra iristen: Beizama eta Albiztur Gipuzkoan, Zalduondo Araban eta Ajangiz eta Meñaka Bizkaian.
Atzerrian jaiotako 97.669 egoiliarrek Espainiako nazionalitatea dute
2024ko urtarrilaren 1ean, Euskal Autonomia Erkidegoko 97.669 egoiliarrek Espainiako nazionalitatea eskuratu dute, jatorriz zuten familia-arrazoiengatik edo beste arrazoi batzuengatik. Kopuru horretatik, % 67,2 kontinente amerikarretik datoz. Horien artean, hiru herrialdek hartzen dute egoera horretan dauden pertsonen % 45 baino gehiago: Kolonbiak (% 21,9), Boliviak (% 12,2) eta Ekuadorrek (% 11).
Ondoren, Afrikako herrialdeetan jaiotakoak daude, guztizkoaren % 15,3. Horietatik erdiak baino gehiago Marokon jaio ziren (% 55,2), eta, bigarrenik baina oso urrun, Aljerian jaiotakoak (% 13,8).
Europako beste herrialde batzuetatik datoz Espainiako nazionalitatea eskuratu duten pertsonen % 13,6. Horietatik ia heren bat Frantzian jaiotakoak dira (% 30), % 13,8 Portugalen jaiotakoak eta, hirugarren tokian, Alemanian jaiotakoak (% 10,9). Ondoren, Errusian jaiotakoak, europarren % 8,5.
Azkenik, Asia eta Ozeaniako herrialdeetan jaiotakoak Espainiako nazionalitatea eskuratu duten pertsona guztien % 3,9 dira. Horien artean, Pakistanen (% 30,6), Txinan (% 28,8) eta Filipinetan (% 13,4) jaiotakoak nabarmentzen dira.
Euskal AEn bizi diren atzerritarrak Espainiako nazionalitatea dutenak baino gazteagoak dira
Atzerriko nazionalitatea duten pertsonen batez besteko adina 33,7 urtekoa da Euskal AEn, Espainiako nazionalitatea duten egoiliarren batez besteko adina baino askoz txikiagoa (47,2 urte). EAEko biztanleriaren batez besteko adina, oro har, 45,9 urtekoa da.
Bestalde, naziotasunaren ordez jaioterriari erreparatzen badiogu, adinaren batez bestekoan ere alde handiak aurki dizakegu Euskal AEren, Estatuko gainerako autonomia-erkidegoen eta atzerriaren artean. Biztanleria zahartuena Estatuko gainerako erkidegoetan jaiotakoa da (65,8 urteko batez-bestekoa); ondoren, Euskal AEn jaiotakoak daude (42,8); eta azkenik, atzerrian jaiotakoak (38,1).
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
C/ Donostia-San Sebastián, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tlf: 945 01 75 62