2025/05/30eko prentsa-oharra
ZERBITZUEN INKESTA. ASKOTARIKO ZERBITZUAK. 2023
Nabarmen hobetu dira Euskal AEko Askotariko zerbitzuen sektoreko adierazle ekonomikoak, eta nabarmentzekoa da ekitaldiko emaitza, % 23ko hazkundearekin
Fakturazioan hazkunde handiena izan dutenak Ordenagailuen eta beste artikulu batzuen konponketak (% 26,8) eta Ikus-entzunezkoak, zinema, irratia eta telebista (% 23,3) izan dira
Eustaten datuen arabera, Askotariko zerbitzuen sektoreak emaitza bikainak lortu ditu Euskal AEko 2023ko adierazle ekonomiko nagusietan. 2022aren aldean, ekitaldiko emaitza % 23 hazi da; faktoreen kostuko balio erantsi gordina % 7,8; negozio-zifra % 6,1 – balio nominaletan neurtuta – eta establezimendu-kopurua eta lan-produktibitatea % 4,2 igo dira bi kasuetan; azkenik, enplegua % 3,4 igo da.
Hasteko, 2022an ekitaldiko emaitza 938 milioi eurokoa izan zen eta 2023an, aldiz, 1.154 milioi eurokoa izan da. Hala, % 23ko hazkundea izan da azken urtean, eta 2013koa baino % 183,9 handiagoa izan da. Nabarmentzekoa da, halaber, 2020tik aurrerako susperraldi handia, urte horretan beherakada nabarmena izan baitzen COVID-19aren pandemiaren ondorioz.
Aldi berean, Askotariko zerbitzuen sektoreko establezimenduen negozio-zifra 2023an 10.640 milioi eurokoa izan zen balio nominaletan; hau da, aurreko urtean (2022) baino % 6,1 handiagoa (2022an % 10,1eko hazkundea izan zen kontzeptu horretan). Zifra hori hamar urte lehenago (2013) lortutakoarekin alderatuz gero, hazkundea % 47,3koa da, serieko baliorik handiena eta aztertutako ia aldagai guztien batez bestekoa baino askoz handiagoa. 2023ko gehieneko hori, gainera, sektorean sartutako jarduera guztiek partekatzen dute.
Aldiak
Era berean, establezimendu-kopuruak % 4,2 egin zuen gora 25.013 izatera iritsi arte eta enplegatu-kopuruak ere % 3,4 egin zuen gora, 87.623 pertsona okupatuz (aurreko urtean 84.716ean izan ziren).
2013. urtearen aldean, establezimendu-kopuruan metatutako igoera % 17,9ra iritsi da, eta horrek hamarkadan zehar goranzko joera izan dela erakusten du, progresio nahiko konstantea izan baitu eta ez baitu izan atzerakada esanguratsurik.
Bestalde, enpleguaren hazkundea are nabarmenagoa da kontuan hartzen bada aurreko urtean ere, 2022an, % 3,1eko hazkundea izan zuela. 2013. urtearen aldean (hamar urte lehenago), % 23,3ko gorakada izan da. Bilakaera horrek joera sendoa erakusten du, eta nolabaiteko azelerazioarekin azken bi urteetan.
Bi kasuetan, hots, establezimenduetan eta enpleguan, 2023an jaso dira seriearen barruan magnitude handieneko erregistroak, eta aipatutako % 17,9ko eta % 23,3ko igoerak izan dira, hurrenez hurren, aurreko hamarkadako datuen aldean.
Aldiak
Askotariko zerbitzuetako establezimenduek faktoreen kostuan sortutako balio erantsi gordinari dagokionez – sortutako aberastasuna adierazten du eta ekoizpen gordinaren baliokidea da, dirulaguntza eta zeharkako zergen bidezko doikuntzaren osteko tarteko kontsumoak kenduta –, 5.115 milioi eurora iritsi zen eta goranzko joera finkatzen du % 7,8ko hazkundea izan baitu 2023an. 2013. urtearen aldean, hazkunde metatua % 36,2koa izan da, eta progresio iraunkorra izan du.
Enpresaren jardueraren eraginkortasuna neurtzen duen adierazle ekonomiko sintetiko bat itxurazko lan-produktibitatea da, hau da, langile bakoitzak sortutako balio erantsia. Askotariko zerbitzuetan sartutako sektore guztietarako, itxurazko lan-produktibitatea 58,4 mila eurokoa izan zen, 2022koa baino % 4,2 handiagoa. 2013. urtearen aldean, igoera % 10,5ekoa izan da, eta gainerako aldagaiekin alderatuta txikiagoa bada ere, egiturazko mugak direla-eta, epe luzerako joera positiboa berresten du.
Dibisioen araberako azterketa
Ordenagailuen eta beste artikulu batzuen konponketa (% 26,8) eta Ikus-entzunezkoak, zinema, irratia eta telebista (% 23,3) dira fakturazioan hazkunde handiena izan dutenak
Askotariko zerbitzuen sektorea jarduera-talde oso heterogeneo batek osatzen du. Beren garrantziagatik, Garraioari lotutako jarduerak eta Informatika nabarmentzen dira.
Lehenengoak, 3.911 milioi euroko fakturazioa du, sektore horren fakturazio osoaren % 36,8 eta, bigarrenak, 2.035 milioi eurokoa, fakturazio osoaren % 19,1. Bien artean, negozio-zifra osoaren % 55,9 hartzen dute, enpleguaren % 35,2 eta Askotariko Zerbitzuen sektoreko establezimendu guztien % 13,5.
Garraioari lotutako jarduerek 12.077 pertsonari ematen diete lana 1.052 establezimendutan, eta Informatikan diharduten 2.313 establezimenduek 18.776 pertsonari. Bi dibisio horiek aurreko urteko salmenta-kopurua hobetu dute: % 1,3 Garraioari lotutako jarduerek eta % 14 Informatikak. Azken horrek enplegua eta establezimendu-kopurua ere hobetu egin ditu, % 5 eta % 5,2; Garraioari lotutako jardueretan, bestalde, enplegua % 2,2 hazi da eta establezimendu kopurua % 3,6.
Horien atzetik, negozio-zifran, Kultura-jardueren dibisioa ageri da, 1.112 milioi euroko fakturazioarekin, aurreko urtean baino % 3,9 gehiago. Kultura-jarduerek 7.945 pertsonari eman zieten lana 3.191 establezimendutan; enplegua % 2,4 hazi zen aurreko urtearen aldean eta establezimendu-kopurua % 8,4.
Negozio-zifrari dagokionez, hurrengo dibisioa Kirol, aisialdi eta entretenitzeko jarduerena da: 870 milioiko fakturazioarekin, 11.649 pertsonari eman die lana 1.954 establezimendutan. Azken urtean, negozio-zifra % 2,5 hazi da, enplegua % 3,7 eta establezimendu-kopurua % 2.
758 milioi euroko negozio-zifrarekin aurrekotik gertu dagoen dibisioa Higiezinen jarduerena da; baina ez da hala gertatzen enpleguari dagokionez, erdia inguru baita (5.242 pertsona), ezta establezimenduei dagokienez ere (3.012). Azken urte honetan, hazi egin dira negozio-zifra (% 10,3), enplegua (% 4,5) eta establezimendu-kopurua (% 3,3).
Beste zerbitzu pertsonal batzuk epigrafean hainbat motatako jarduerak sartzen dira, hala nola, Ile-apainketa eta beste edertasun-tratamendu batzuk, Jantzien garbiketa eta ikusketa edo Mantentze fisikoko jarduerak, besteak beste. Jarduera multzo honen negozio-zifra % 5,8 igo da (520 milioi euro), enplegua % 0,8 eta establezimendu kopurua ere % 0,8 igo da.
Antzeko portaera izan du Finantza-laguntzaileak izeneko dibisioak, portaera positiboa izan baitu fakturazioan % 7,8 hazita, enpleguan % 2,4 hazita eta baita establezimendu-kopuruan ere, %3,4ko igoerarekin.
Euskal AEko askotariko zerbitzuen sektoreetako aldagai nagusiak, jarduera-taldearen arabera (mila euro). 2023
| Establezimenduak | Landun-kopurua | Negozio kopurua | Pertsonal gastuak |
| Balioa | Urteko aldakuntza (%) 2023-2022 | Balioa | Urteko aldakuntza (%) 2023-2022 | Balioa | Urteko aldakuntza (%) 2023-2022 | Balioa | Urteko aldakuntza (%) 2023-2022 |
Garraioarekin uztartutako jarduerak | 1.052 | 3,6 | 12.077 | 2,2 | 3.910.580 | 1,3 | 650.032 | 9,7 |
Posta zerbitzuak | 1.442 | 19,7 | 5.144 | 7,4 | 284.477 | 6,3 | 124.440 | 10,8 |
Argitalpenak | 318 | -2,8 | 1.658 | -3,4 | 201.950 | 5,4 | 70.665 | 6,7 |
Ikusentzunezkoak, zinea, irratia, telebista | 920 | 12,1 | 3.883 | 8,6 | 245.926 | 23,3 | 175.917 | 18,2 |
Informatika | 2.313 | 5,2 | 18.776 | 5,0 | 2.035.063 | 14,0 | 908.296 | 11,7 |
Finantza-laguntzaileak | 2.626 | 3,4 | 4.912 | 2,4 | 511.694 | 7,8 | 194.950 | 10,9 |
Higiezinen jarduerak | 3.012 | 3,3 | 5.242 | 4,5 | 758.092 | 10,3 | 177.850 | 9,5 |
Kultur jarduerak | 3.191 | 8,4 | 7.945 | 2,4 | 1.112.347 | 3,9 | 245.497 | 3,8 |
Kirol eta aisialdi jarduerak | 1.954 | 2,0 | 11.649 | 3,7 | 869.838 | 2,5 | 495.810 | -2,2 |
Ordenagailuen eta beste artikuluen konponketa | 1.023 | 1,4 | 2.186 | 4,1 | 190.579 | 26,8 | 51.813 | 6,5 |
Beste zerbitzu pertsonal batzuk | 7.162 | 0,8 | 14.151 | 0,8 | 519.520 | 5,8 | 195.813 | 8,5 |
Data 2025eko Maiatzaren 30a
Iturria: Eustat. Zerbitzuen inkesta
Ondoren, Posta-jarduerak ageri dira. Jarduera horien establezimendu-kopuruak aurrerapen sendoa izan dute (% 19,7) eta, horrekin batera, enplegua (% 7,4) eta negozio-zifra (% 6,3) ere hazi egin dira 2023an.
Bestalde, Edizio-jardueren fakturazioa % 5,4 igo da, baina jaitsi egin dira bai enplegua (-% 3,4), bai establezimendu-kopurua (-% 2,8).
Azkenik, Ordenagailuen eta beste artikulu batzuen konponketa jardueretan, fakturazio txikiagoarekin, % 26,8 hazi da negozio-zifra, eta landunen kopurua (% 4,1) eta establezimendu-kopurua D % 1,4) ere hazi egin dira.
Lurraldeen araberako analisia
Askotariko zerbitzuen sektoreko negozio-zifrak gora egin du Araban (% 6,5), Gipuzkoan (% 6,3) eta Bizkaian (6%)
Lurraldeka eta establezimendu-kopuruari erreparatuta, erdiak baino gehiago (13.599) Bizkaian daude, 8.140 Gipuzkoan eta 3.274 Araban. Kopuru erlatiboetan, hurrenkera berean, % 54,4, % 32,5 eta % 13,1 dira, hurrenez hurren.
Jarduera guztien artean, hiru lurralde historikoetan hazi da establezimendu-kopurua: Bizkaian % 4,5, Gipuzkoan % 4 eta Araban % 3,9.
Hiru lurraldeetan, kuantitatiboki jarduera ugariena Bestelako zerbitzu pertsonalena da: 3.896 establezimendu Bizkaian (% 29,1), 2.335 Gipuzkoan (% 29,5) eta 931 Araban (% 28,4).
Enplegua aztertuz gero, lurralde-banaketak Askotariko zerbitzuen sektoreko enplegu guztiaren % 56,8 esleitzen dio Bizkaiari, % 28,7 Gipuzkoari eta % 14,5 Arabari; bestela esanda, sektore horretan 49.771 langile daude Bizkaian, 25.113 Gipuzkoan eta 12.739 Araban.
Kasu horretan, lurralde bakoitzeko jarduera esanguratsuenak honako hauek dira: Bizkaian Informatika (lurraldeko enplegu guztiaren % 25,3), Gipuzkoan Bestelako zerbitzu pertsonalak (% 17,3) eta Araban Garraioari lotutako jarduerak (% 19,2). Enplegu-bolumenari dagokionez, nabarmentzekoak dira Informatika Araban (% 17,9) eta Gipuzkoan (% 15,6) eta Beste zerbitzu pertsonal batzuk Bizkaian (% 15,9).
Informazioa dugun azken urtean, enpleguaren bilakaera positiboa izan da hiru lurralde historikoetan. Horrela, Bizkaian % 4,4 hazi da enplegua, Gipuzkoan % 2,2ko hazkundea izan du eta Araban % 1,9koa.
Bestalde, negozio-zifrak ere bilakaera positiboa izan du hiru lurraldeetan. Araban % 6,5 hazi da, Gipuzkoan % 6,3 eta Bizkaian % 6.
Langile-gastuek ere igoerak izan dituzte. Hala, Bizkaian % 9,9 igo da, Gipuzkoan % 6,3 eta Araban % 4.
Euskal AEko askotariko zerbitzuen sektoreko aldagai nagusiak, lurralde historikoaren arabera (milaka euro). 2023
| Euskal AE | Gehikuntza % 2023-2022 | Araba/Álava | Gehikuntza % 2023-2022 | Bizkaia | Gehikuntza % 2023-2022 | Gipuzkoa | Gehikuntza % 2023-2022 |
Establezimenduak NU | 25.013 | 4,2 | 3.274 | 3,9 | 13.599 | 4,5 | 8.140 | 4,0 |
Landunkopurua NU | 87.623 | 3,4 | 12.739 | 1,9 | 49.771 | 4,4 | 25.113 | 2,2 |
Negozio kopurua | 10.640.066 | 6,1 | 1.487.038 | 6,5 | 6.272.154 | 6,0 | 2.880.874 | 6,3 |
Hornidurak | 3.875.583 | -0,7 | 618.548 | 14,8 | 2.239.049 | -4,3 | 1.017.986 | -0,6 |
Pertsonal gastuak | 3.291.083 | 8,1 | 439.324 | 4,0 | 1.937.643 | 9,9 | 914.116 | 6,3 |
Data 2025eko Maiatzaren 30a
Iturria: Eustat. Zerbitzuen inkesta
Laburbilduz, Euskal AEko Askotariko Zerbitzuen sektoreak hazkunde nabarmena izan zuen 2023an adierazle ekonomiko guztietan: negozio-zifra 10.640 milioi eurora iritsi zen, 2022an baino % 6,1 gehiago eta 2013an baino % 47,3 gehiago. Bereziki nabarmentzen dira Informatika (+%14), Higiezinen jarduerak (+%10,3) eta Finantza-laguntzaileak (+%7,8). Kultura-jarduerak (+%3,9), kirol- eta jolas-jarduerak (+%2,5) eta garraioari lotutako jarduerak (+%1,3) ere gehitu ziren. Lurraldeka, negozio-zifra igo egin zen Araban (+%6,5), Gipuzkoan (+%6,3) eta Bizkaian (+%6), eta bilakaera positiboa izan zuen erkidego osoan.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel: 945 01 75 62