2012/07/23ko prentsa-oharra
Ospitaleko egonaldien kopurua gutxitu egin da 2010ean
Kirurgia eta amaetxeak izan dira jardueran hazkundea izan duten asistentzia-arloak
EAEko 44 ospitaleetan sorturiko egonaldi kopurua (2.257.414) % 3,3 jaitsi zen 2010. urtean, Eustaten datuen arabera. Egonaldien % 72 sare publikoko ospitaleetan izan ziren eta, ospitale horien kasuan, jaitsiera % 2,6koa izan zen.
2010. urtean EAEn 44 ospitale zeuden eta horietan guztira 7.921 ohe (2009an 7.916 ziren); hau da, 1.000 biztanle bakoitzeko batez beste 3,6 ohe zeuden. % 69,3 sektore publikoari dagozkio eta gainerako % 30,7a sektore pribatuari. Asistentzia-helburua kontuan hartuta, oheen % 70,4 gaixo akutuen ospitaleetan zegoen, % 21,7 psikiatrikoetan eta % 7,9 egonaldi ertain-luzeko ospitaleetan.
Asistentzia-esparruak aztertuz gero, kirurgian eta amaetxean handitu da jarduera-bolumena. Jarduera kirurgikoa % 1,9 igo zen 2010ean, ospitaleetako operazio-geletan (200 baino gehiago dira) egindako 247.441 ebakuntza kirurgikoak kontuan izanik. % 66 ospitale publikoetan egin ziren eta % 34 pribatuetan. Ospitaleetako ebakuntzen % 53 kirurgia anbulatorioari zegozkion eta jardueraren hazkundean eragin handia izan zuen arlo horrek; horrek esan nahi du arreta kirurgikoa arian-arian gero eta anbulatorioago bihurtzen ari dela.
Amaetxeak ere gora egin zuen 2010ean. Guztira, 21.188 erditze izan ziren, hau da, aurreko urtean baino % 1,5 gehiago. Erditzeen % 87,7 ospitale publikoetan izan ziren eta % 12,3 pribatuetan. Zesarea kopuruak ere gora egin zuen % 4,5; horrek esan nahi du zesarea-tasa % 14,8 dela (2009an % 14,4). Dena dela, zesarea-tasa txikieneko Autonomia Erkidegoen buru da EAE (Espainiako batez bestekoa % 25,3 izan zen 2009an).
Bestalde, ospitaleetan artatutako larrialdi kopurua milioi batetik gora izan zen arren, aurreko urteko datuen aldean ia % 3 jaitsi zen; baita ospitaleratzea behar izan zuten larrialdiak ere (% -1).
Batez besteko egonaldiaren kasuan ere jaitsiera izan zen; 2010. urtean 6,9 egun zen batez besteko egonaldia (4,7 egun akutuen ospitaleetan) eta, horren ondorioz, ohe bakoitzeko artatutako pazienteen kopuruak gora egin zuen (38,5etik 41,1era 2010ean).
Ospitaleko osasun-asistentziak 2.318 milioi euroko gastua eragin zuen 2010. urtean, 2009. urtean baino % 3,2 gehiago eta EAEn BPGak izandako % 1,9ko hazkundea ere gainditu zuen. Ospitaleko jarduerak EAEko BPGaren % 3,5 osatu zuen 2010ean eta biztanle bakoitzeko batez besteko gastua 1.062 € izan zen, aurreko urtean baino % 2,7 gehiago. Gastu osotik 2.189 milioi gastu arruntak izan ziren eta 129 milioi inbertsioak.
Guztira 28.996 pertsonak lan egin zuen ospitaleen sektorean 2010ean; horien artetik % 77 osasun-arloko langileak izan ziren eta gainerako % 23a osasun-arlokoak ez zirenak. Ospitaleetako langileen % 89,2k gaixo akutuen ospitaleetan egin zuen lan, % 6,2k psikiatrikoetan eta % 4,5ek egonaldi ertain-luzeko ospitaleetan.
Argibide gehiago:
Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.: +34-945-01 75 00 Faxa: +34-945-01 75 01 Helb. elek.: eustat@eustat.es
Harremanetan jartzeko pertsona: Marta de la Torre Fernández
Tel.: +34-945-01 75 48 Faxa: +34-945-01 75 01.
Euskal AEko Ospitale estatistikari buruzko prentsa-ohar gehiago
Euskal AEko Ospitale estatistikari buruzko datu-bankua