2024/07/19ko prentsa-oharra

UNIBERTSITATEARI BURUZKO ESTATISTIKA. 2023

Facebooken zabal ezazu Twitterren zabal ezazu Helbide elektronikoan zabal ezazu pdf Produktuen zerrenda

Euskal AEko unibertsitateetan 71.142 matrikula erregistratu ziren 2022/23 ikasturtean, aurreko urtean baino % 0,9 gehiago

Unibertsitate pribatuak matrikulen % 30era iritsi ziren, eta publikoak titulazio bikoitzen gorakadara egokitu ziren

2022/23 ikasturtean, Euskal AEko unibertsitateetan 71.142 matrikula erregistratu ziren, aurreko ikasturtean baino % 0,9 gehiago, Eustaten datuen arabera. Horrela, azken sei urteetan ikusitako goranzko joera sendotu da. Igoera graduko titulazioetako mila ikasle ingururi esker gertatu zen, eta horrek master zein doktoregoko ikasketetako matrikula-galera txikia konpentsatu zuen.

Euskal AEko unibertsitateetan matrikulatutako ikasleak, ikasketa-mailaren arabera. 2022/23

Excel csv
 GuztiraGizonakEmakumeakPublikoaPribatuaAldaketa, aurreko ikasturtearen aldean (%)
       
Guztira71.14232.58738.55549.05622.0860,9
       
Mailak59.94927.04732.90241.12718.8221,6
Graduatu ondokoak11.1935.5405.6537.9293.264-2,7
Master ofizialak6.5373.2283.3093.9042.633-4,0
Doktoretza4.6562.3122.3444.025631-0,9

Data 2024ko Uztailaren 19a

Iturria: Eustat. Unibertsitatearen estatistika

Ikasle gehienek unibertsitate publikoak aukeratu zituzten, % 69k, hain zuzen ere. Hala ere, unibertsitate publiko eta pribatuen arteko matrikulen banaketak azken horien aldeko joera erakusten du. Hogei urtetik gorako banaketa egonkorraren ondoren —% 76 publikoetara eta % 24 pribatuetara—, 2010/11 ikasturtean euskal unibertsitate-sistema publikoak goia jo zuen, bost matrikulatik lau bertan egin baitziren. Baina, une horretatik aurrera, pixkanaka-pixkanaka behera egin du, eta horrek gaur egungo mailara eraman du. Erregistroak daudenetik 2022/23 ikasturtea izan zen lehenengoa non unibertsitate publikoetan matrikulatutako ikasleak guztizkoaren % 70 baino gutxiago izan ziren.

Horren ordainetan, unibertsitate publikoa bere eskaintza titulazio bikoitzen gorakadara egokitzen ari da. Duela hamar urte gradu bikoitzak unibertsitate pribatuen eskumen esklusiboa baziren ere (publikoek ez zituzten eskaintzen), bilakaera nabarmena izan da, eta 2022/23 ikasturtean, gradu bikoitzeko hiru ikasletik batek ikastetxe publiko bat aukeratu zuen.

graf0022167_01_e.png

Graduko matrikulen erdia 12 titulaziotan kontzentratzen da

Ikastetxeak Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dituzten unibertsitateetan eskaintzen diren gradu-titulazioen aukera zabala da. 2022/23 ikasturtean, graduko ikasleak 106 titulazio desberdinetan banatu ziren. Hala ere, aipatzekoa da erdiak, ia 30.000 ikasle, hamabi gradutan kontzentratu zirela. Bestela esanda, graduko titulazioen % 11k izen-emateen % 50 hartu zuen. Gehien eskatutako ikasketak Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza, Lehen Hezkuntza, Zuzenbidea, Psikologia eta Haur Hezkuntza izan ziren. Guztiek 2.200 pertsona baino gehiago izan zituzten ikasgeletan, baina bereziki Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritzaren kasua nabarmendu zen, 5.714 matrikula jaso baitzituen, graduko guztien ia % 10.

Sexua kontuan hartuz banaketa desberdina ikasketa-eremuaren arabera

Emakumeak ikasle guztien % 54 izan ziren, eta proportzio hori ia berdin mantendu da denboran zehar. Hala ere, ikasketa batzuetan sexuen araberako banaketa oso desorekatua izan zen. Titulazioak Irakaskuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatuak (INSN) zehaztutako ikasketa-eremuen arabera multzokatzen direnean, agerian geratzen da ikasleek diziplina akademikoa aukeratzeko orduan duten lehentasunak zerikusi handia duela oraindik ere beren sexuarekin.

Hala, osasun arloko eta gizarte-zerbitzuetako ikasketak erabat feminizatuta egon ziren, ikasketak egin zituzten lau pertsonatik hiru emakumeak izan baitziren. Beste muturrean informazioaren eta komunikazioen teknologiei buruzko irakaskuntzak daude; bertan ikasleen % 80 gizonezkoak dira. Zientzia natural, kimiko, fisiko eta matematikoen sektoreak, aldiz, ez zuen genero-arrakalarik izan eta sexuaren araberako banaketa ekitatiboa izan zuen.

graf0022167_02_e.png

Emakume gehiago graduatzen dira eta gizon gehiago doktoratzen dira

14.266 pertsonak amaitu zituzten ikasketak 2023an, aurreko urtean baino % 1,5 gehiagok. Horietatik 9.932k gradu-titulua lortu zuten, 3.715ek master bat amaitu zuten eta 619k beren doktore-tesiak irakurri zituzten.

Ikasketak amaitu zituzten pertsonen sexuaren araberako banaketa aldatu egin zen lortutako maila akademikoaren arabera. Emakumeen kopuruak (5.739) nabarmen gainditu du gizonezkoena (4.193) graduatuen artean. Kopuru erlatiboetan, emakumeak % 58 izan ziren. Masterreko tituludunen artean murriztu egin zen gizonen eta emakumeen arteko aldea, baina emakumeek gehiengoa izaten jarraitu zuten, % 53. Aitzitik, doktoregoa lortu zutenen artean egoera aldatu egin zen, emakumeak % 48 izan baitziren.

12.700 pertsonak baino gehiagok gainditu zituzten unibertsitatera sartzeko probak

13.071 pertsona aurkeztu ziren Euskal Herriko Unibertsitatera sartzeko probetara 2023an. Horietatik 300ek bakarrik ez zituzten probak gainditu, % 2,3k. Emaitzek ez zuten aldaketarik izan aurreko urtekoekin alderatuta, eta proben fase orokorreko batez besteko nota (nahitaezkoa izena eman zuten guztientzat) 7 puntutan mantendu zen. Fase orokorreko nota batxilergoko batez besteko kalifikazioarekin haztatu ondoren, batez besteko nota 7,4 puntukoa izan zen.

Aldeak ikusi ziren sexuaren arabera, bai azterketetara aurkeztutako ikasleen proportzioan, bai emaitzan. Proben lehen deialdira 1.657 emakume gehiago joan ziren gizonak baino, eta guztien % 57 izan ziren. Hala ere, bigarren deialdian banaketa bestelakoa izan zen eta gizonezkoak nagusi izan ziren (% 53). Bertan, 1.189 pertsona izan ziren. Kalifikazioei dagokienez, neskek mutilek baino 0,4 puntu gehiago lortu zuten batez beste.

Unibertsitatera sartzeko probetan izena emateko orduan Biokimika eta Biologia Molekularra, Medikuntza, edo Fisika eta Ingeniaritza Elektronikoa uztartzen dituen gradu bikoitza aukeratu zutenek lortu zuten notarik altuena, 8,9 puntu.

Informazio gehiago nahi izanez gero:

Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística Donostia-San Sebastián kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz Prentsa-zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62  

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Euskal AEko unibertsitateetan 71.142 matrikula erregistratu ziren 2022/23 ikasturtean, aurreko urtean baino % 0,9 gehiago

Eragiketa : 
Unibertsitatearen estatistika
Eragiketa kodea : 
040603
Periodikotasuna : 
Urtekoa
Denbora arloa : 
2011/12-2022/23
Eguneratze data : 
2024/07/19
Hurrengo eguneratzea : 
2025/07/31
Eragiketa mota : 
Zentsua
Formatu erabilgarriak : 
Lizentzia : 
Creative Commons
Metodologia : 
Metodologia-fitxa
Erakunde arduraduna : 

Beste produktu estatistikoak

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali