OHAR BIOGRAFIKOAK 1990
GAD NATHAN
Estatistika irakaslea eta Estatistika Sailaren buru da Gad Nathan, Hebrear Unibertsitatean
(Jerusalem). Aurretik Israelgo Estatistika Erakunde Nagusiko Ikerketa eta Garapen zuzendari
izan da, eta bisitari modura lan egin izan du munduko hainbat unibertsitate eta estatu mailako
estatistika erakundetan. Nathan doktoreak Estatistika masterra eskuratu zuen Hebrear
Unibertsitatean, 1960 urtean, eta Eragiketen Ikerketako doktoretza Case Teknologia Erakundean,
1964an.
Ikerketagai izan ditu laginketa metodologia eta laginketaz kanpoko akatsak; laginketa
konplexuetatik eginiko inferentzia; erantzun-akatsen ereduen luzapenak; anizkoitasunekin
egindako inkestak; eta inkesta metodologiaren alderdi kognitiboak. Australia, Kanada,
Ingalaterra, Frantzia eta Estatu Batuetako taldeekin hainbat ikerketa proiektutan esku hartu du.
Nathan doktoreak 50 bat argitalpen plazaratu ditu: zientzia aldizkarietako artikuluak, liburuak
eta prozedurak.
Nathan doktorea lehendakariorde izan da Nazioarteko Estatistika Erakundean, eta Inkesten arloko
Estatistikarien Nazioarteko Elkarteko kontseilukide da. Israelgo Estatistika Kontseilu
Publikoaren buru izendatu berri dute.
ILDEFONSO VILLAN CRIADO
Ildefonso Villan Criadok Matematikako lizentziatura eskuratua du Madrilgo Complutense
Unibertsitatean. Bere argitalpenen artetik, aipatzekoak dira «Desarrollo de un Sistema de
Detección e Imputación Automática basado en la Metodología de Fellegi y Holt ampliada»,
«On the routing structure editing rules», «DIA SYSTEM: Software for the automatic imputation
of qualitative data» eta «METODO ABC». Egun, alboko zuzendariorde da Espainiako Estatistika
Erakundean, Informatika Metodologiaren arloan.
MARIA SOLEDAD BRAVO CABRIA
Maria Soledad Bravo Cabriak Ekonomiako lizentziatura eskuratu zuen Madrilgo Complutense
Unibertsitatean, eta ikastetxe horretako irakasle elkartua da. Bi master ditu: Administrazio
Publikoaren arlokoa bata, Harvard-eko KSGan eskuratua; eta Ekonomia Kuantitatibokoa bestea,
Espainiako Bankuak emana. Bekadun lanetan jardun zuen Estatu Batuetako Errolda Bulegoaren
Estatistika Ikerketarako Sailean, eta Statistics Canada erakundean. Espainiako Estatistika
Erakundeko Informatika Metodologiaren Arloko buru da gaur egun.
ESTELLE BEE DAGUM
Estelle Bee Dagum doktorea Statistics Canada erakundeko Denbora Serieen Ikerketarako eta
Analisirako Sailaren zuzendari da, eta Mendebaldeko Ontarioko Unibertsitateko Estatistika eta
Zientzia Aktuarialen Saileko ohorezko irakasle.
Dagum doktorea XllARIMA delakoaren egilea da. Denboraldien arabera doitzeko metodo hori metodo
ofizialtzat hartu dute munduko estatistika erakunde gehienek, eta banku zentralek, finantza
erakundeek eta unibertsitateek ere badarabilte. Dagoeneko argitaratuak ditu hainbat liburu eta
laurogei lan baino gehiago, zientzia aldizkarietan, ingelesez, frantsesez, gaztelaniaz, alemanez
eta japonieraz.
Dagum doktoreak aholkulari nagusi lanak egin ditu zenbait gobernurentzat eta atzerriko hainbat
erakunde pribaturentzat, Estatu Batuetan, Australian, Frantzian, Argentinan, Mexikon eta
Portugalen. Analisten Nazioarteko Erakundeko lehendakari izan da, eta Erreserba Federalaren
Kontseiluko hizlari gonbidatua. Amerikako Estatistika Elkarteko kide da, Nazioarteko Estatistika
Erakundeko kide hautatua, Julius Shiskin sariaren lehen hartzailea eta Errenta eta Ondasunen
arloko Ikerketari buruzko Nazioarteko Elkartearen kide hautatua. "International Journal of
Forecasting, Canadian Journal of Statistics eta Journal of Survey Methodology" aldizkarietako
editore lanetan dihardu.