OHAR BIOGRAFIKOAK 1991
CAMILO DAGUM
Camilo Dagum Ekonomia Zientzietako lizentziadun egin zen Cordobako (Argentina) Unibertsitate
Nazionalean, eta doktore, honoris causa, Bolognako Unibertsitatean (Italia) eta Cordobako
Unibertsitate Nazionalean. Frantziako Eskolako domina jaso du.
Ekonometriaren, ekonomiaren, ekonomia estatistikaren eta diru-sarreren banaketaren inguruko
liburuen egile da, eta dagoeneko idatziak ditu 100 artikulu baino gehiago. Hainbat hizkuntzatan
argitaratu dira, "Metron" edo "Journal of Econometrics" bezalako aldizkari berezituetan.
Irakasle titular izan da Cordoba, Iowa, Mexiko, Paris eta Ottawako unibertsitateetan, irakasle
ikerlaria Erromako Unibertsitatean, Londresko Ekonomia Eskolan eta Frantziako Eskolan, eta
irakasle titular gonbidatua Milango Unibertsitatean.
Zenbait ekarpen egin du aberastasunaren banaketari buruzko teoriaren eta ereduen arloan,
ezberdintasuna neurtzearen arloan, eta abarretan.
Nazioarteko biltzar askotan parte hartu du, txostengiletzat, Europa, Asia, Australia eta Ipar
nahiz Hego Ameriketako unibertsitateek gonbidatuta.
Nazioarteko, estatu mailako eta enpresa arloko erakundeen aholkulari da, eta Nazioarteko
Estatistika Erakundeko zein Nazioarteko Soziologia Erakundeko kide arrunta.
VICENTE ANTON VALERO
Vicente Anton Valerok Ekonomia Zientzietako (Ekonomia Kuantitatiboa) lizentziatura eskuratua du
Madrilgo Unibertsitate Autonomoan, eta Estatistika diplomatura Madrilgo Complutense
Unibertsitatean. Espainiako Estatistika Erakundearen (INE) eskumeneko estatistikari titulua
(Estatu mailako Kontularitza) dauka.
Ekonomiaren, ekonomia estatistikaren, estatu nahiz eskualde mailako kontularitzaren,
input-output taulen eta abarren inguruko artikuluak argitaratuak ditu hainbat hizkuntzatan.
Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Ekonomia Fakultateko HISPAI-Model ekonometria ereduaren
lanetan esku hartu du. Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Ekonomia Fakultate horretako Ekonometria
eta Estatistika Sailean eta Ikerketa Operatiboko Sailean irakasle izan da.
Egun, "Estatu mailako Kontularitza. Sarrera" izeneko ikastaroa ematen ari da, Kanpo Arazoetarako
Ministerioaren Nazioarteko Lankidetza Teknikoaren Zuzendaritza Nagusiko lankidetza teknikoko
programen barruan.
1991ko maiatzean, Estatu mailako Kontuen zuzendariorde nagusi zela, INEa utzi zuen, Ekonomia eta
Ogasun Ministerioan sartzeko.
Orain, Sektore Plangintzako zuzendariorde nagusi da, Ekonomia eta Ogasun Ministerioaren
Plangintzako Zuzendaritza Nagusian.
1990 urtean, EUROSTATeko PNGaren Kudeaketa Batzordeko kide iraunkor izan zen.
LEOPOLD GRANQUIST
Leopold Granquist, Suediako Estatistikak delako erakundean dihardu 1964ko abuztuaz geroztik,
Ikerketa eta Garapen Saileko Estatistika Metodoen Unitatean. 1983tik 1989ra bitartean, Ekonomia
Estatistiken Saileko Estatistika Metodoen Taldeko buruorde. 1989ko abuztuaz geroztik,
estatistikari nagusi Ikerketa eta Garapen Saileko Estatistika Metodoen Unitatean, eta
proiektuburu Datuak Editatzeko Proiektuan. 1990 urtetik aurrera, Estatistika Metodoen Unitateko
buruorde. Ikerketa eta garapen lanik gehienak datuak editatzearen inguruko gaiei buruz egin ditu.
Hizlari edo irakasle gonbidatu izan da honako hauetan: Estatistika Konputazioko Proiektuaren
gainean Nazio Batuen Erakundeak antolatutako lantegia (Budapest, 1984); Datuak Editatzeari buruz
IBGEak Latinoamerikarako antolatutako lantegia (Rio de Janeiro, 1990eko otsaila); Statistics
Canada Symposium 90, Datuen Kalitatea Neurtu eta Hobetzeari buruzko sinposiuma.