
2002/09/20ko prentsa-oharra
INFORMAZIOAREN GIZARTEARI BURUZKO INKESTA (IGI FAMILIAK) 2002ko 2. hiruhilekoa
2002.EKO LEHEN SEIHILEKOAN, ETXEGUNETAKO INTERNETERAKO KONEXIOAK % 8 GEHITU ZIREN
2001 URTEAREN ALDEAN MOTELDU EGIN DA, ORDEA, INTERNETEN HAZKUNDEA,
BAI ETA ETXEKO ORDENAGAILU PERTSONALENA ERE
Urtearen lehenengo erdian, EUSTATek 2002ko bigarren hiruhilekoari
buruz lortutako datuen arabera, etxeetako Interneterako sarbidea eskuratu dute
15 urte eta gehiagoko 37.000 pertsonak (% 8). 2001ean (hazkunde nabarmeneko
urtea), seihilekoko hazkunde-abiadura 6 ehuneko-puntukoa baino gehiagokoa zen;
2002ko lehen hiruhilekoan, berriz, gutxitu egin da, 2 puntukoa izateraino. Bestalde,
12.000 pertsonak baino gutxixeagok, lehendik izan gabe, ordenagailu pertsonala
instalatu zuten etxean. Horrek esan nahi du, Interneterako konexioen bilakaerarekin
erkatuta, ekipo berriak erosi zituzten gehienek zaharrak ordezkatu edo osatzeko
asmoz erosi zituztela.

Iturria: Eustat.
Seme-alabekiko familietan bizi diren pertsonen % 91k telefono
mugikorra dute.
Bost lagunetik ia lauk —% 77,2k— badu telefono mugikorra. Horrenbestez, 2 ehuneko-puntuko gehikuntza gertatu da, 2001eko 4. hiruhilekoaren aldean. Hor ere moteldu egin da hazkundea. Izan ere, 2001ean hiruhilekoko bost ehuneko-puntukoa zen hazkundea. Ekipamendu horren bilakaera egonkortu egin da seme-alabekiko familietako pertsonen artean, % 91ko sartze-tasarekin. Bakarrik edo gunerik gabeko familietan bizi direnen artean, aldiz, % 16 hazi da azken seihilekoan (% 35eko tasa); eta % 18 hazi da etxean seme-alabarik ez duten bikoteen artean (% 59,5eko sartze-tasa).
Interneterako sarbidea duten etxeetako pertsonen kopuruari dagokionez, Euskal AE (% 29rekin) Espainiako (% 23) eta are Frantziako (% 26) tasen gainetik dago. Hala ere, oraindik ere Europako batez bestekotik (% 36,1) 7 ehuneko-puntu beherago dago, eta hemengo tasaren bikoitza dute Suedian (% 64), Herbeheretan nahiz Danimarkan (% 59).
Beste alde batetik, etxean Interneterako sarbidea dute 15 urte eta gehiagoko arabarren % 31k, gipuzkoarren % 29k eta bizkaitarren % 28k. Zifra horiek adierazten dute azken seihilekoko hazkundea % 13koa izan zela Araban, % 11koa Gipuzkoan eta % 4koa Bizkaian.
Ordenagailu pertsonalei eta telefono mugikorrei dagokienez, arabarrek dituzte tasarik handienak: % 52koa lehenengo kasuan, eta % 79koa bigarrenean, bietan ere % 5 inguru hazita. Ordenagailu pertsonalak erabiltzeko aukerari dagokionez, beste bi lurraldeek elkarren oso antzeko tasak dituzte (% 48 ingurukoak). Telefono mugikorretan, ostera, bizkaitarrak arabarrengandik gertu dabiltza, % 78ko tasarekin, baina gipuzkoarrak urrun jarraitzen dute, % 75ekoarekin. Gipuzkoan % 2 inguru hazi da etxean ordenagailu pertsonala erabiltzen duten pertsonen kopurua, eta apenas aldatzen den bizkaitarren kopurua. Bizkaitarrek, hala ere, familiako parkearen berritze- edo handitze-tasarik altuena dute.
2002ko lehen seihilekoan, % 4,4 gehitu dira Internet-erabiltzaileak.
Etxean ordenagailu pertsonalak eta Internet erabiltzeko aukera izatearen abiadura moteltzearekin batera, moteldu egin da, orobat, internauta-kopuruaren hazkundea: % 4,4koa izan da, eta 2001eko bigarren seihilekoan % 19koa izan zen, eta lehenengoan % 26koa.
Erabiltzaileak, noizbehinka (hilean behin edo gehiago) konektatzen direnak alde batera utzita, % 28,5 dira, EGMak eskainitako azken datua —2001eko urritik 2002ko maiatza bitarteko batez bestekoa— baino zortzi hamarren gutxiago. Azken datu horren arabera, internauta-rankinaren buru zen Euskadi, Espainiaren baitan.
% 10,4 gehitu dira Internetez erosten duten internautak
Salerosketa elektronikoei buruzko argibideak jaso dituzten Internet-erabiltzaileak zertxobait gutxitu diren arren (% -3), azkenean erosten dutenak % 10,4 gehitu dira, eta, horrenbestez, guztira 100.000 internauta inguru izan dira.

Familiei egindako Informazioaren Gizarteari buruzko Inkestako datuak, betiere, hiruhilekoko 3.750 familiako eta 4.800 gizabanakoko lagina erabiltzeak eragindako laginketa-erroreen menpe daude. Laginketa-erroreak Eustaten daude, interesa dutenen eskuragarri.
Argibide gehiagorako:

|
Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián kalea, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.:+34-945 017 500. Faxa: +34-945 017 501. E-maila: eustat@eustat.eus
Harremanetarako pertsona: Jesús Rodríguez Marcos
Tel.: +34-945 017 531. Faxa: +34-945 017 501.
Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.eus |
Informazio gehiago