ETXEGUNEETAN KONEXIOAK GEHITU ARREN, INTERNETEKO ERABILTZAILEEN KOPURUA EGONKORTU DA.
EUSTATek 2002ko 4. hiruhilekoari buruz lortutako datuen arabera, etxegunean Interneterako sarbidea eskuratu dute 15 urte eta gehiagoko 38.300 pertsonak. Pertsona horien artean, bostetik bik (16.200 bat pertsona) 45 eta 54 urte bitarte dituzte, 15 eta 24 urte bitartekoen aurretik, 11.000 gehiago baitira, ia % 11. Sarbide berrietatik % 71 emakumezkoenak dira.
Beste alde batetik, 2. hiruhilekoan baino 17.800 pertsona gehiagok dute etxegunean ordenagailu pertsonala erabiltzeko aukera. Bostetik lau emakumeak dira. Emaitza horiekin, esan daiteke Euskal AEko biztanleen erdiek dagoeneko badutela PCa etxegunean.
2002. urtearen bigarren erdian, telefono mugikorra erabiltzea daukaten pertsonak 26.300 gehitu dira, ia % 2; bostetik lau pertsonak dute hornikuntza hori. Hiru erabiltzaile berritatik bi bakarrik bizi dira; beste herena seme-alabarik gabeko bikoteak dira. Mugikorra eskuratu berri duten 15.500 pertsonak 55 urte edo gehiago dituzte.

Beste alde batetik, Gipuzkoak, 4. hiruhilekoan, etxeguneetako konexio-tasa handiena du: bere biztanleetatik % 33,3k dute Interneteko sarbidea. Araban, % 31,5ek dute; eta Bizkaian, % 29,3k. Autonomia Erkidegoko batez bestekoa, horrenbestez, % 31koa da.
Arabak du PCa erabiltzeko aukeraren tasarik gorena, % 52, eta apenas aldatu den 2. hiruhilekoaren aldean. Beste bi lurraldeak, berriz, Euskal AEko batez bestekotik (% 50) oso hurbil dabiltza, Gipuzkoan % 4 eta Bizkaian % 1,4 hazita.
2002ko maiatza eta ekaina bitarteko Eurobarometroaren datuek diote etxegunean Interneteko sarbidea biztanleen % 40k zutela Europar Batasuneko 15 herrialdeetan, hau da, zifra horretatik 9 ehuneko-puntura gaude oraindik. Espainiak % 29ko tasa du, Euskal AEkotik bi puntu beherago. Grezia dago konexio-tasaren azkeneko tokian. Danimarkak, Herbeherek eta Suediak tasa garaiagoak dituzte, % 65 ingurukoak.
Internet-erabiltzaileen ehunekoa 15 urte edo gehiagoko biztanleen % 30 inguruan egonkortu da
2002ko 2. hiruhilekoaren aldean, Internet-erabiltzaileen kopurua 6.600 pertsonatan urritu da, azken urteotako hazkunde etengabearen joera hautsita. Galera txiki hori batik bat Araban gertatu da (hantxe izan ziren erabiltzaile-gehikuntzarik handienak lehen seihilekoan), eta erabiltzaile-gehikuntza txikiak izan dira Bizkai-Gipuzkoetan.
Pisua galdu dute, konexio-toki gisa, ikastetxeek (2. hiruhilekoan baino 6.400 pertsona gutxiago), lantokiek (12.800 gutxiago) eta, batez ere, ziberkafeek, liburutegiek, eta abarrek (23.300 gutxiago). Beharbada, etxegunera (non sarbidea hautakorragoa dela dirudien) aldatu dira (16.400 erabiltzaile gehiago). Aldaketa horiek guztiak izango ziren, beharbada, Internet-erabiltzaileen zentsua egonkortu izanaren eragile.
Konexioa etxegunean zentralizatzeko joera hori erabilera handitzearekin batera doa: Interneteko azken sarraldiak, batez beste, ia 9 minutu gehiago iraun du; % 11 jaitsi da hilean behin konektatzen diren erabiltzaileen taldea; gehitu egin dira jaiegunetako konexioak, bai eta azken konexioan posta elektronikoa erabili dutenen kopurua ere (% 11,5).
Ez da aldatu Internetez erosten duten internauten kopurua
Sei internautatik batek baino gehixeagok —98.000 inguruk— egin du erosketaren bat sarearen bidez. Sei hilabete lehenago neurtutako ia kopuru bera da. Beste alde batetik, beherakada handia nabari da erosteko informazioa jasotzeko interesean: 2. hiruhilekoan baino % 43 gutxiago.