2001. urtean, Euskal Autonomia Erkidegoan, guztira, 619 milioi
euro inbertitu ziren ikerketa zientifiko eta garapen teknologikoko (I+Gko) jardueretan,
aurreko urtean baino %4,2 gehiago, Eustatek landu dituen datuen arabera. Kopuru
horrek BPGaren %1,49 hartzen du, eta, beraz, estatuko batez bestekoaren gainetik
dago (2000. urtean %0,94), baina Europar Batasuneko batez bestekoaren azpitik
(%1,94). Hala ere, 2000n baino bi ehunen gutxiago dira, aurten BPGa gehiago
hazi baita (%5,4) I+G gastua baino.
Egiaztatzen da erlazio positiboa dagoela biztanleko BPGaren
eta I+Gra bideratutako BPGaren ehunekoaren artean. Herrialde aberatsenek egiten
dute I+Gko inbertsiorik handiena, hau da, euren BPGaren %2,5 gainditzen dutenak,
eta Suedia, Japonia, Finlandia eta AEB dira. Bitarteko ahalegina, BPGaren %1,5en
eta %2,5en artekoa, egiten dutenen artean, Alemania, Frantzia, Danimarka, Erresuma
Batua, Norvegia, Austria, Islandia eta Kanada daude. Inbertsio baxuak, azkenik,
Italia, Polonia, Hungaria, Espainia eta Portugalen izaten dira.
Autonomia-erkidegoka, Euskal AEk bigarren tokian jarraitzen
du I+Gko ahaleginaren rankingean, eta Madrilgo Erkidegoa baino ez dago aurretik
(2000. urtean %1,67ko gastua BPGaren aldean), I+Gan diharduten zentro publiko
asko han biltzen direlako. Horiek horrela, ezein autonomia-erkidegok ez du gainditzen
Europar Batasuna-15eko batez bestekoa.
Egikaritze-sektoreei dagokienez, enpresek I+Gko gastuaren %80
kontsumitu zuten; %17 unibertsitate-ikerketara bideratu zen, eta gainerako %3a
Administrazioaren mendeko zenbait organismo publikoetara. Arlo horretan ere
diferentzial handia dago Espainiar Estatuko emaitzen aldean, non 2000. urtean,
enpresek I+Gko gastuaren %54 besterik ez baitute egikaritu.
I+Gn GASTUA EGIKARITZE-SEKTOREAREN ARABERA (milioi €)
Gastu handiena burutzen duen eta langile-kopuru handiena erabiltzen
duen zientzia-diziplina ingeniaritza eta teknologia da, diziplina horretara
bideratzen baitira baliabideen %79 eta han lan egiten dute I+Gn dedikazio osoko
baliokidetzan (DOB) diharduten langileen %75ek.
Industria-enpresei dagokienez, aipatzekoak dira garrantzi handieneko
produktu ikertu gisa makineria eta tresneria mekanikoa, eta aireontzi eta espazio-ontzien
eraikuntza. Bi sektoreen artean, enpresek I+Grako bideratzen dituzten gastu
arrunt guztien %27 (2000. urtearekiko %-2) kontsumitzen dute.
Zerbitzu-enpresen aldetik, telekomunikazioak, softwarea eta
I+Gko zerbitzuak dira baliabide gehien jasotzen duten produktuak, eta guztien
artean I+Gra bideratutako gastu arrunten %17ra (2000. urtearekiko %+1) iristen
dira.
Finantzaketaren ikuspegitik, finantzaketa pribatuak, enpresen
bidez, 411 milioi euro bideratu zituen ikerketara, guztizkoaren %66; finantzaketa
publikoak %27 iritsi zuen, eta funtsen %7 atzerrian atzeman ziren. Euskal AE
finantzaketa pribatu handieneko herrialdeen artean kokatzen da, AEB, Suitza
eta Suediaren mailan.
Euskal AEn I+Gko jardueretan diharduen guztizko langile-kopurua
10.621 lagunera iristen da, biztanleria landunaren milako 12,28; eta kopuru
horretatik, 5.809 ikertzaileak dira, milako 6,71.