Teknologia-eduki handi eta ertain-handiko industria-sektoreek sortutako balio erantsiak %59ko hazkunde nominala izan du 1995-2000 aldian, industria-multzoarena (%46) baino ehuneko 13 puntu altuagoa, Eustateko datuen arabera. Sektore horietan enplegatuak %27 igo dira aztertutako bosturtekoan, eta industria-multzoaren okupazioa %22koa izan da.
Bosturteko aldia industria-egituran teknologia-aldaketa handiak izateko labur samarra bada ere, konparazio-datuek azaltzen dute teknologia-eduki handi eta ertain-handiko industria-sektoreek gainerako industria-sektoreek baino bilakaera dinamikoagoa izan dutela 1995 eta 2000. urteen artean.
Teknologia-eduki handiko industria-sektoreek beren balio erantsia bikoiztu dute 1995 eta 2000. urteen artean, bere enplegua %75 gehitu da eta salmentak hirukoiztu. Euskal AEko industria-multzoarekiko pisu erlatiboa %1,8 izatetik %2,6 izatera iritsi da, balio erantsiko baliotan. Konparazio-garrantziagatik nabarmentzen direnak aeronautika--sektorea eta material elektronikoarena dira.
Teknologia-eduki handi-ertainekoek ere industriako batez bestekoak baino bilakaera handiago izan du: salmentak %74,5 igo dira, balio erantsia %56,3 hazi da eta sortutako enplegua %23,1 gehitu da aztertutako bosturteko aldian. Beren pisu erlatiboagatik edota bilakaera-tasengatik gailentzen direnak honakoak dira: makineria eta tresneria mekanikoa, motordun ibilgailuak eta makineria eta elektrikoa.
Guztira, teknologia-eduki handiko eta ertain-handiko sektoreek 2000.urtean 73.000 lagunetik gora okupatu zituzten, hau da, industria-enpleguaren %31,7. Balio erantsi industrialaren %30,7 sortu zuten eta euren salmentak euskal industriako guztizko salmenten %33,3ra heldu ziren.
Eduki ertain-txikiko segmentua euskal industriako talderik handiena da oraindik ere eta 2000. urteko balio erantsi industrialaren %53ra iritsi da, bost urtean ehuneko puntu eta erdi galdu duen arren (%54,5 1995ean). Talde honetan sektorerik adierazgarriena metalezko produktuak (makineria eta tresneria izan ezik) da, eta jarraian petrolioa fintzea eta kautxua eta plastikoa daude.
Teknologia-eduki txikiko sektoreak, non katalogatuta dauden papera, egurra eta elikagaiak, balio erantsi industrialaren %16,4ra iritsi dira, baina enpleguaren %20,8 sortu dute. Talde hau pisu erlatiboa galtzen ari da, bai balio erantsian, bai salmentetan.
Lurralde Historikoka, ezaugarri bereizgarri batzuk aipa daitezke oinarrizko egiturak antzekoak izan arren. Horrela, Araban pisu erlatibo handiagoa du teknologia-eduki handiko segmentuak (%3,1), Gipuzkoak teknologia-eduki ertain-handiko sektoreen errepresentazio erlatiboko ehuneko handiena du (%36,4), eta Bizkaian teknologia--eduki ertain-txikiko segmentuak (%62,4) autonomia-erkidegoko batez bestekoa gainditzen du, balio erantsiko baliotan eta teknologia-maila bakoitzeko pisu erlatiboan.