Euskal AEn. 2002an, 18.619 lagun hil ziren, 9.875 gizonezko eta 8.744 emakumezko; aurreko urtean baino 532 heriotza gehiago. Zifra horretan, %2,9ko gehitzea gertatu zen, 2000. urtearen aldean, EUSTATen datuen arabera.
Jaiotzak baino 486 heriotza gehiago gertatu ziren. Horrenbestez, 1990etik gertatu den bezala, Autonomia Erkidegoko hazkunde begetatiboa negatiboa izan zen. Lurraldeka, saldo positiboak gertatu ziren Araban eta Gipuzkoan, 325 eta 247 pertsona irabazi baitzituzten, hurrenez hurren. Bizkaian, berriz, heriotza-kopurua jaiotzena baino nabarmen handiagoa izan zen (-1.058).
Hilen batez besteko adina 75,6 urtekoa izan zen; 1990ean, aldiz, 71 urtekoa zen, hots, 4,6 urteko gehikuntza jazo da. Sexuka, gizonezkoak batez beste 71,9 urterekin hil ziren, eta emakumezkoak 79,9rekin.
Haurren heriotza-tasari dagokionez, urtebeteko 3,4 adingabe hil ziren, mila jaioko. Jaioberritako heriotzak, hots, bizitzako lehendabiziko 28 egunetan gertatzen direnak, 40 izan ziren. Horietatik 27, jaioberritako heriotza goiztiarrak —aurreneko astean gertatuak—; eta azken horietatik 14, lehenengo 24 orduetan. Urtebetez beherakoen artean, gizonezko hilak (33) emakumezkoak (28) baino gehiago izan ziren.
2002an jazotako heriotza gehien, %31,6 (5.891 heriotza), zirkulazio-aparatuko gaixotasunek eragin zuten; ondoren, tumoreek, %29,4 (5.467 heriotza); eta hirugarren, askoz atzerago, arnas aparatuko gaixotasunek, %10,44 (1.944).
Heriotzen kausak ez ziren berdinak izan sexu batean eta bestean: gizonezkoen artean, tumoreak hilgarriago gertatu ziren zirkulazio-aparatuko gaixotasunak baino; emakumezkoen artean, berriz, heriotza-kausa nagusia gaixotasun kardiobaskularrak izan ziren, eta tumoreak bigarren.
Era berean, heriotzaren kausa ez zen berdina izan adin guztietan. Urtebetez beherakoen artean, heriotza gehien jaiotza-inguruko aldian sortutako gaixotasunek eta sortzeko anomaliek eragin zuten; 34 urte bitartean, kanpoko kausek; 35 eta 74 urte bitartean, tumoreek; eta 75 urtetatik aurrera, zirkulazio-aparatuko gaixotasunek.
Kanpoko kausek eragindako heriotzen artean, nabarmen ageri dira zirkulazioko istripuak (269 heriotza) eta suizidioak (187). Bi talde horietan, emakumezkoak baino gizonezko gehiago hil ziren: 185 gizonezko eta 84 emakumezko zirkulazio-istripuengatik, eta 130 gizonezko eta 57 emakumezko suizidioengatik.
Argibide gehiagorako:
Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística Donostia-San Sebastian kalea, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz Tel.: +34-945 017 500 Faxa: +34-945 017 501 E-maila: eustat@eustat.eus Harremanetarako pertsona: Martín González Hernández Tel.: 49-945 017 534. Faxa: +34-945 017 501 Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.es