2004ko lehenengo hiruhilekoan, Euskal AEn 4.926 lagun hil ziren, iazko aldi berean baino %1,2 gehiago, EUSTATen datuen arabera. Lurralde historikoka, Araban 588 lagun hil ziren (%6,3), Bizkaian 2.748 (%1,6) eta Gipuzkoan 1.590 (%-1,2).
Normalean, urteko lehenengo hiruhilekoan izaten da heriotza gehien eta arnas aparatuko gaixotasunak izaten dira heriotza-kopuruan gehikuntza handiena izaten dutenak. Baina aurten, gehikuntza handiena zirkulazio-aparatuko gaixotasunek eragindako heriotzetan izan da, gehikuntza %14,1ekoa izan baita, aurreko hiruhilekoaren aldean. Gaixotasun horiengatik 1.599 lagun hil ziren, heriotza-kausa nagusia izan ziren eta heriotzen herena eragin zuten.
Bigarren heriotza-kausa tumoreak izan ziren eta 1.309 heriotza (%26,6) eragin zituzten. Hirugarren, askoz urrunago kokatu ziren arnas aparatuko gaixotasunak, neguko hilotan 542 heriotza eragin baitzituzten.
Heriotzen kausak ez ziren berdinak izan sexu batean eta bestean: gizonezkoen artean, tumoreak hilgarriago gertatu ziren zirkulazio-aparatuko gaixotasunak baino; emakumezkoen artean, berriz, heriotza-kausa nagusia gaixotasun kardiobaskularrak izan ziren, eta tumoreak bigarren. Arnas aparatuko gaixotasunak hirugarren heriotza--kausa dira, oraindik ere, sexu bietan.
2004ko lehenengo hiruhilekoan izandako heriotzen artean, 10 heriotza urtebetetik beherako umeei egokitu zitzaizkien: 8 mutikori eta 2 neskatori.
2004ko lehenengo hiruhilekoko hazkunde begetatiboa negatiboa izan zen eta 372 biztanle galdu ziren. Herrialdeka, saldo negatiboak izan ziren Bizkaian eta Gipuzkoan, 398 eta 22 biztanle galdu baitzituzten, hurrenez hurren. Araban, ostera, ohiko den legez, jaiotzak gehiago izan ziren heriotzak baino (+48).
Argibide gehiagorako:
Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística Donostia-San Sebastian kalea, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz Tel.: +34-945 01 75 00 Faxa: +34-945 01 75 01 E-maila: eustat@eustat.es Harremanetarako pertsona: Martín González Hernández Tel.: +34-945 01 75 49. Faxa: +34-945 01 75 01 Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.es