Eustatek landutako datuen arabera, 2004ko bigarren hiruhilekoan 4.331 heriotza izan ziren, hau da, aurreko urteko aldi berean baino %5,5 gutxiago. Lurraldez lurralde, Araban 552 lagun hil ziren, Bizkaian 2.410, eta Gipuzkoan 1.369.
Heriotzen kausa nagusia zirkulazio-aparatuko gaixotasunak izan ziren: 1.302 lagun hil ziren gaixotasun horiengatik (%30,1); ia-ia parean, tumoreak izan ziren bigarren heriotza-kausa eta 1.298 heriotza eragin zituzten (%30). Hirugarren, arnas eritasunak izan genituen eta hauek 413 heriotza eragin zituzten hiru hileotan (%9,5).
Heriotzen kausak ez ziren berdinak izan sexu batean eta bestean: gizonezkoen artean, tumoreak hilgarriago gertatu ziren zirkulazio-aparatuko gaixotasunak baino; emakumezkoen artean, berriz, heriotza-kausa nagusia gaixotasun kardiobaskularrak izan ziren, eta tumoreak bigarren.
2004ko bigarren hiruhilekoan izandako heriotzen artean, 18 heriotza urtebetetik beheragoko umeei egokitu zitzaizkien: 10 neskatori eta 8 mutikori.
2004ko bigarren hiruhilekoko hazkunde begetatiboa positiboa izan zen eta 577 biztanle irabazi ziren. Saldoak positiboak izan ziren hiru lurraldeetan: Araban 172koa, Bizkaian 138koa eta Gipuzkoan 267koa.
Argibide gehiagorako:
Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística Donostia-San Sebastian kalea, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz Tel.: +34-945 01 75 00 Faxa: +34-945 01 75 01 E-maila: eustat@eustat.es Harremanetarako pertsona: Martín González Hernández Tel.: +34-945 01 75 49. Faxa: +34-945 01 75 01 Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.es