2003an, 19.305 lagun hil ziren Euskal Autonomia Erkidegoan, 10.050 gizonezko eta 9.255 emakumezko. EUSTATen datuen arabera, aurreko urtean baino 686 hildako gehiago izan ziren, hots, % 3,7 gehitu ziren 2002. urtearen aldean.
Jaiotzak baino 38 heriotza gehiago izan ziren. Ondorioz, 1990etik gertatu den bezala, autonomia-erkidegoko hazkunde begetatiboa negatiboa izan zen, zenbaki absolutuetan aurreko urtekoa baino txikiagoa izan zen arren. Lurraldeka, saldo positiboak gertatu ziren Araban eta Gipuzkoan, 337 eta 503 pertsona irabazi baitzituzten, hurrenez hurren. Bizkaian, ostera, heriotzak gehiago izan ziren jaiotzak baino (-878).
Hildakoen batez besteko adina 76,2 urtekoa izan zen; 1990ean, aldiz, 71 urtekoa izan zen, beraz, 5,2 urte luzatu da. Sexuaren arabera, gizonezkoak batez beste 72,2 urterekin hil ziren eta emakumeak, berriz, 80,5 urterekin.
Haurren heriotza-tasari dagokionez, mila jaiotako bakoitzeko, urtebetetik beherako 3,2 hil ziren. Bizitzako lehenengo 28 egunetan gertatzen den jaioberrien heriotzak 41 heriotza eragin zituen eta horietatik 13 lehenengo 24 orduetan gertatu ziren. Urtebetetik beherakoen artean, gizonezkoen heriotzak (33) emakumezkoenak (29) baino gehiago izan ziren.
Zirkulazio-aparatuko gaixotasunek eragin zituzten 2003an izandako heriotzen % 30,5, hots, 5.891 hildako; tumoreek % 28,7 (5.548 hildako), eta hirugarren tokian, urrunago bada ere, arnas aparatuko gaixotasunek % 10,7 (2.066).
Heriotza-kausak aldatu egin ziren sexuaren arabera; izan ere, gizonezkoen artean, tumoreak zirkulazio-aparatuko gaixotasunen gainetik izan ziren; emakumezkoen artean, lehen arrazoia gaixotasun kardiobaskularrak izan ziren, eta bigarren tokian, tumoreak.
Halaber, adinaren arabera ere izan ziren aldeak heriotza-kausetan. Urtebetetik beherakoen artean, heriotza ohikoenak sortzetiko anomaliek eta jaiotza inguruko aldian sortutako gaixotasunek eragiten zituzten; 34 urte arte, heriotza-kausa nagusiak kanpokoak izan ziren; 35 urtetik 74 urtera, tumoreak, eta 75 urtetik aurrera, zirkulazio-aparatuko gaixotasunak.
Kanpo-arrazoiek eragindako heriotzen artean, zirkulazio-istripuak (260 hildako) eta suizidioak (161) aipatu behar dira. Bi kasu horietan, hil ziren gizonezkoak gehiago izan ziren emakumezkoak baino: 184 gizonezko eta 76 emakumezko trafiko-istripuetan, eta 121 gizonezko eta 40 emakumezko suizidioetan.
Argibide gehiagorako:
Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística Donostia-San Sebastian kalea, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz Tel.: +34-945 01 75 00 Faxa: +34-945 01 75 01 E-maila: eustat@eustat.eus Harremanetarako pertsona: Martín González Hernández Tel.: 49-945 01 75 49. Faxa: +34-945 01 75 01 Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.es Datu-bankua: www.eustat.eus/bancopx/euskara/indice.aspx