2008/11/14ko prentsa-oharra

IKERKETA eta GARAPEN TEKNOLOGIKOKO (I+G) JARDUEREN ESTATISTIKA, 2007


Euskal AEko I+Gko gastua %20 handitu zen 2007. urtean



BPGrekiko gastu horrekin lehengo urteko %1,47tik 2007ko %1,65era pasatzen gara, horrela I+Gn tarteko ahalegina egiten duten herrialdeen artean sartzen garelarik


2007. urtean, Euskal AEn guztira 1.090 milioi euro inbertitu ziren Ikerketa Zientifiko eta Garapen Teknologikoko (I+G) jardueretan, aurreko urtean baino %20 gehiago, EUSTATek landutako datuen arabera. Gastu arruntak %14 hazi ziren, baina, batez ere kapital-gastuak (inbertsioa), aurreko urtearen aldean %57 hazi direnak, izan dira I+Gko hazkunde nabarmenari lagundu diotenak, 135 milioi eurotik 2007ko 212ra pasa direlarik.


Euskal AEko BPGrekiko, 2007an I+Gko gastua %1,65 izan zen, aurreko urtean baino hemezortzi ehunen gehiago, azken urteetan adierazle honek izandako egonkortasuna hautsirik. Horrela, 2006 Europako datu eskuragarriei erreparatuz, txikitu egin da 2007an 27-Europar Batasuneko batez bestekoarekiko (%1,84) tartea; azken hau egonkortu egin da azken urteetan. Euskal AEko gastu hori 2006ko Espainiako batez bestekoaren (%1,20) gainetik dago.


1. grafikoa: I+Gko barne-gastua, BPGrekiko (%).

Iturria: Euskal AE: EUSTAT. Espainia- Europar Batasuna: INE eta EUROSTAT

Egiaztatu egiten da erlazio positiboa dagoela biztanleko BPGren eta I+Gra bideratutako BPGren ehunekoen artean. Herrialde aberatsenek egiten dute I+Gko inbertsiorik handiena, hau da, euren BPGren %2,5 gainditzen dutenak: Suedia, Finlandia, Japonia, Suitza, Islandia, AEB, Alemania eta Austria. Tarteko ahalegina (BPGko %1,5-%2,5) egiten dutenen artean, Euskal AEz gain: Danimarka, Frantzia, Belgika, Erresuma Batua, Herbehereak, Eslovenia, Txekiar Errepublika eta Norvegia. Inbertsiorik baxuenak Luxenburgon (%1,47) Irlandan (%1,35), Espainian (%1,20), Estonian (%1,14), Italian (%1,09), Hungarian (%1,00), Kroazian (%0,87), Portugalen (%0,83), Grezian (%0,57) eta Polonian (%0,56) egiten dira.


Euskal AEn egindako I+Gko gastuaren %81,3 enpresa-sektorean egikaritu zen


Egikaritza-sektoreei dagokienez, enpresek I+Gko gastuaren %81,3 egin zuten; %15,2 unibertsitate-ikerketara bideratu zen, eta gainerako %3,5 Administrazioaren mendeko zenbait organismo publikok egikaritu zuten.


Beraz, enpresen sektoreak egiten du, Euskal AEn, konparatiboki, ikerketa ahaleginik handiena. Alde handia dago estatuko emaitzekiko: enpresek I+Gko gastuaren %55,7 egikaritu zuten, goi-mailako irakaskuntzak %27,7 eta herri-administrazioak gainerako %16,6.


Industri enpresetan zentratuz, nabarmentzekoak dira ondoko jarduera-adarrak: garraio materiala, metalezko artikuluak eta makineria, hiruren artean enpresen sektoreko barne gastuaren %18 egikaritu zutelarik. Zerbitzu-enpresen aldetik, I+Gko zerbitzuetakoak dira baliabiderik gehien bideratzen dituztenak, eta guztien artean enpresen barne gastuaren %41era iritsi ziren.


Finantzaketaren ikuspegitik, finantzaketa pribatuak, enpresen bidez, 643 milioi euro bideratu zituen ikerketara, guztizkoaren %59; finantzaketa pribatua %38ra iritsi zen, eta funtsen %3 atzerrian atzeman ziren. Euskal AE finantzaketa pribatu handieneko herrialdeen artean kokatzen da oraindik ere, Europako batezbestekoaren gainetik.


1. taula: I+Gko adierazleak

(*) DOE: dedikazio osoko baliokidetza

Iturria: Euskal AE: EUSTAT. Espainia: INE- Europar Batasuna: EUROSTAT

Euskal AEn dedikazio osoko baliokidetzan I+Gn lanean aritu ziren langileak 14.435 izan ziren, 2006an baino %10,5 gehiago. Horietatik %64, hau da, 9.220, ikertzaileak dira. Euskal AEko I+Gk biztanleria landunaren milako 14,2 hartu zuen (Estatuan milako 9,3 2006an) eta ikertzaileak aldiz, milako 9,1 izan ziren (Estatuan milako 5,7 2006an).


Emakumeen presentzia hirukoiztu egin da azken hamarkadan


I+Gko jardueretan emakumeek duten parte hartzearen ehunekorik handienak herri-administrazioetan eta goi-mailako irakaskuntzan gertatzen dira, %49 eta %45 baitira, hurrenez hurren. Enpresetan berriz, %29 dira emakumeak.




Argibide gehiago nahi izanez gero:

Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel:+34-945-01 75 00 Faxa:+34-945-01 75 01 Posta elek.: eustat@eustat.eus
Harremanetarako pertsona: Susana Rabuñal Mol
+Tlf:+34-945-01 75 48 Faxa:+34-945-01 75 01
Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.eus
Datu-bankua: www.eustat.eus/bancopx/euskara/indice.aspx

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Euskal AEko I+Gko gastua %20 handitu zen 2007. urtean

Eragiketa : 
Ikerketa zientifiko eta garapen teknologikoko jarduerei buruzko estatistika-I+G
Eragiketa kodea : 
043201
Periodikotasuna : 
Urtekoa
Denbora arloa : 
2024
Eguneratze data : 
2008/11/14
Hurrengo eguneratzea : 
Eragiketa mota : 
Zentsua
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
https://www.eustat.eus/elementos/not0004845_e.html
Metodologia : 
Metodologia-fitxa
Erakunde arduraduna : 

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali