2009-03-30eko prentsa-oharra

Berrikuntza adierazleen panela (EIS), 2008

Europako berrikuntza indize berriak (EIS) 2008. urtean Euskal AEn izan duen balioa Europako batezbestekotik gorakoa izan da

Goi-mailako berrikuntza duten EB-27ko herrialdeen artean Euskal AE 11. postuan dago.

Eustaten datuen arabera, Europako Berrikuntza Indize berriak (EIS) 0,49ko balioa izan du Euskal AEn 2008. urtean; horrela, Europar Batasuneko 27 kideen artean EAE 11. postuan dago, Batasuneko batezbestekoa (0,48) baino gorago.

Puntuazioa kontuan hartuta, EB-27ko herrialdeak lau kategoriatan sailka daitezke. Lehenengo kategorian berrikuntzan aitzindariak diren herrialdeak sartzen dira: Suedia (0,64), Finlandia (0,61), Alemania (0,58), Danimarka (0,57) eta Erresuma Batua (0,55). Baina berrikuntzaren esparruan denen artean aitzindariena den Europako herrialdea Suitza da (0,68), nahiz eta Europar Batasunean ez egon.

Bigarren kategorian goi-mailako berrikuntza duten herrialdeak sartzen dira: Euskal AE, Austria, Irlanda, Luxemburg, Belgika, Frantzia eta Herbehereak. Herrialde horiek guztiek Europako batezbestekotik gorako puntuazioa dute: 0,49 eta 0,53 puntu bitartean.

Eta hirugarren kategorian neurrizko berrikuntza duten herrialdeak daude: Zipre, Estonia, Eslovenia, Txekiar Errepublika, Espainia, Portugal, Grezia eta Italia. Azkenik, laugarren kategorian berrikuntza txikiko herrialdeak daude: Malta, Hungaria, Eslovakia, Polonia, Lituania, Errumania, Letonia eta Bulgaria.

1. grafikoa. Europako Berrikuntza Indizea (EIS) 2008. Euskal AE eta EB-27

graf0005044_01_e.png

Iturria: Eustat eta PRO INNO Europe: INNO-Metrics. Europako Batzordea

Giza baliabideak, Loturak eta enpresa-ekimenak eta Eragin ekonomikoak dira EAEko berrikuntzaren funtsezko hiru dimentsioak

Europako Berrikuntza Indizearen bidez neurtu nahi da herrialdeetako ekonomiek zein mailatan eduki eta gara ditzaketen berrikuntzari lotutako jarduerak. Indizeak zazpi dimentsio ditu eta guztira 29 adierazle.

1. taula. Europako Berrikuntza Indizea (EIS) 2008 eta dimentsioen indizeak

graf0005044_02_e.png

Iturria: Eustat eta PRO INNO Europe: INNO-Metrics. Europako Batzordea

Europako batezbestekoaren aldean, Euskal AE hiru dimentsiotan da nagusi: Giza baliabideak, Loturak eta enpresa-ekimenak eta Eragin ekonomikoak. Gainerako dimentsioetan Europar Batasunean baino puntuazio txikiagoa lortu du Erkidegoak.

Giza baliabideak: dimentsio honek prestakuntza eta hezkuntza maila handiko pertsonak edukitzeko aukera hartzen du berrikuntzarako funtsezko datu gisa. Euskal AEn, giza baliabideak honako adierazleetan nabarmentzen dira:

- 20 eta 29 urte arteko gazteen milako 47,9 zientzietan eta ingeniaritzetan, gizarte zientzietan eta humanitateetan lizentziatu da. Europan, aldiz, tasa hori milako 40,3 da.

- Goi-mailako hezkuntza duten (unibertsitatekoa edo goi-mailako lanbide heziketa) 25 eta 64 urte arteko biztanleen ehunekoa % 42,5 da, ia bi aldiz Batasuneko batezbestekoa (% 23,5).

- 25 eta 64 urte arteko biztanleen % 13,2ak etengabeko prestakuntzari lotutako jardueretan parte hartu du; Europan % 9,7ak.

- Gutxienez bigarren hezkuntza amaitu duten 20 eta 24 urte arteko biztanleen ehunekoa (% 79,7) Europako batezbestekoa (% 78,1) baino pixka bat altuagoa izan da.

Loturak eta enpresa-ekimenak: dimentsio honetan enpresen lankidetzarako ahaleginak eta lankidetzaren garrantzia azpimarratzen dira, enpresa berritzaileetan nahiz sektore publikoan. Enpresak berritzeko ehunekoa (% 12,4) nabarmendu behar da EAEn, baina Europan % 5,1ekoa izan da. Berrikuntzan laguntzen duten ETEen ehunekoa, aldiz, pixka bat txikiagoa izan da EAEn (% 8,2) Europako batezbestekoaren aldean (% 9,4).

Eragin ekonomikoak: dimentsio honek berrikuntzari lotutako jarduerek enpleguan, esportazioetan eta salmentetan duten arrakasta ekonomikoa hartzen du. Honakoak azpimarratu behar dira:

- Ezagutza-maila handiko zerbitzuen sektoreetan langile guztien % 19,3ak lan egiten du, eta Europan % 14,5ak.

- Erdi- eta goi-mailako eta goi-mailako teknologiaren manufaktura sektoreetan langile guztien % 8,8ak lan egiten du, eta Batasunean, batez beste, % 6,7ak.

- Esportazio guztiekin alderatuta, erdi- eta goi-mailako teknologien esportazioak % 53,6 izan dira, hau da, Europar Batasunean baino (% 48,1) ehuneko 5,5 puntu altuagoa.

- Produktuen berrikuntzek negozioen kopuruan eragin ekonomikoa izan dute, EAEn % 15,4koa eta Europan, batez beste, % 14,9koa.

Gainerako dimentsioetan lortu den puntuazioa Europako batezbestekotik behera dago; hala ere, horietan ere azpimarratu behar dira Euskal AEk Europar Batasunaren aldean antzeko emaitzak edo hobeak lortzea ekarri duten adierazle batzuk. Izan ere, Euskal AEn banda zabalerako sarrera izan duten 10 langile edo gehiagoko enpresak (% 87,4) Europan baino gehiago izan dira (% 77,0).

Berrikuntza teknologikoren bat garatu duten ETEak % 30,5 izan dira, eta EBean % 33,7.

Berrikuntzaren ondoriozko baliabideen eraginkortasunari esker, enpresa berritzaileen % 19,6ak pertsonal-kostuak murriztu ditu eta % 9,4ak materialen eta energiaren erabilera murriztu du; Europan ehuneko horiek % 18,0 eta % 9,6 izan dira hurrenez hurren.

Gainera, EAEn BPGaren aldean I+Gn egindako gastu publikoa (% 0,31) Europan (% 0,65) baino txikiagoa izan da. Gastu pribatua handiagoa izan da: EAEn % 1,34 eta EB-27n % 1,17.

2. grafikoa. Euskal AEko eta EB-27ko berrikuntzaren dimentsioak. Europako Berrikuntza Indizea (EIS) 2008.

graf0005044_03_e.png

Iturria: Eustat eta PRO INNO Europe: INNO-Metrics. Europako Batzordea

Hain positiboa ez den aldeari begiratuta, Europar Batasuneko kopuruetara heltzeko alde handia duten adierazleak ere badaude. Arrisku-kapitalera zuzendutako BPGaren ehunekoa % 0,03koa izan da EAEn eta Europan, batez beste, % 0,16koa. EAEn, 10 enplegu eta gehiagoko enpresetan salmentak berritzeko egin diren jardueren gastua (I+Garen gastua kontuan hartu gabe) txikiagoa izan da (EAEn % 0,75 eta EB-27n % 1,03).

Horrez gain, milioi bat biztanleko EPO patenteen kopurua 6,6koa izan da Euskal AEn, hau da, Europakoa (10,3) baino askoz txikiagoa. Bestalde, teknologiari lotuta ez dauden berrikuntzak (marketingari edo antolaketari lotutakoak) egin dituzten ETEen ehunekoa % 27,1 izan da; hots, Europar Batasunean lortutako ehunekotik (% 40,0) oso urrun geratu da.

Ohar metodologikoa: 2008. urteko Berrikuntza Adierazleen Panel berrian (EIS) funtsezko aldaketa metodologikoa egin da eta, ondorioz, ezin da aurreko urteetakoekin alderatu.

Indize hau Europar Batasuneko 27 herrialdeekin eta Kroazia, Turkia, Islandia, Norvegia eta Suitzarekin kalkulatzen da; helburua da herrialde horietako ekonomiek berrikuntzari lotutako jarduerak zein mailatan eduki eta gara ditzaketen neurtzea eta horren arabera sailkatzea.

Berrikuntzako 7 dimentsio ezberdinetan garatzen diren 3 multzo nagusi ditu, eta guztira berrikuntzako 29 adierazle.

- Berrikuntzako “bideratzaileak” multzoaren barruan “giza baliabideak” eta “finantziazioa eta laguntza” dimentsioak sartzen dira. 9 adierazle ditu.

- “Enpresa jarduerak” multzoak 3 dimentsio ditu: “enpresako inbertsioak”, “loturak eta enpresa-ekimena” eta “etekinak”. Guztira 11 adierazle ditu.

- “Produktibitateak” multzoan “berritzaileak” eta “eragin ekonomikoak” dimentsioak sartzen dira. 9 adierazle ditu.

Multzo eta dimentsio bakoitzerako eta indize orokorrerako 0 eta 1 arteko balioa duen adierazle sintetikoa kalkulatu behar da eta, horretarako, Europako herrialde guztietarako metodologia bera erabili behar da. Gainera, adierazle bakoitzak urte bera hartzen du erreferentzia moduan herrialde guztietan.

European Innovation Scoreboard EIS 2008

http://www.proinno-europe.eu/index.cfm?fuseaction=page.display&topicID=437&parentID=51

Argibide gehiago:

Euskal Estatistika Erakundea Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz Tel.:+34-945-01 75 00 Faxa +34-945-01 75 01 Helb.elek.: eustat@eustat.es Harremanetarako pertsona: José Miguel Escalada Tel.:+34-945-01 75 96 Faxa:+34-945-01 75 01 Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.es

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Europako berrikuntza indize berriak (EIS) 2008. urtean Euskal AEn izan duen balioa Europako batezbestekotik gorakoa izan da

Eragiketa : 
Europako berrikuntzako adierazleen panela-EIS
Eragiketa kodea : 
223203
Periodikotasuna : 
Urtekoa
Denbora arloa : 
2024
Eguneratze data : 
2009/03/30
Hurrengo eguneratzea : 
2025/10/00
Eragiketa mota : 
Sintesia
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
https://www.eustat.eus/elementos/not0005044_e.html
Metodologia : 
Metodologia-fitxa
Erakunde arduraduna : 

Beste produktu estatistikoak

Datuak

Datu Bankua

Mikrodatuak

Metadatuak

Kode eta izendegiak

Galdesortak

Informazio gehigarria

Egutegia

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali