2009/12/4ko prentsa-oharra
IKERKETA ETA GARAPEN TEKNOLOGIKOKO (I+G) JARDUEREN ESTATISTIKA, 2008
Euskal AEko I+Gko gastua BPGren %1,85 izan zen 2008an, Europar Batasuneko batezbestekora iritsi delarik
Gastua %16 hazi da 2007ren aldean
2008. urtean, Euskal AEn guztira 1.264 milioi euro inbertitu ziren Ikerketa Zientifiko eta Garapen Teknologikoko (I+G) jardueretan, aurreko urtean baino %16 gehiago, EUSTATek landutako datuen arabera. Uneko euroetan I+Gko barne-gastua bikoiztu egin da azken 8 urteetan, 2001eko 619 milioi euroetatik gaurkora.
Euskal AEko BPGrekiko, 2008an I+Gko gastua %1,85era iritsi zen, aurreko urtean baino hogeita bat ehunen gehiago; 27-EBko batezbestekora iritsi da. Azken bi urte hauetan I+Gko hazkundeak %15en gainetik ibili dira eta 2008an BPGren hazkundea moteldu egin da, horren guztiaren ondorioz Euskal AEk Europar Batasunarekiko zuen tartea desagertu egin da, BPGren arabera neurtuz. Ratioa Espainiakoaren (%1,35) gainetik dago nabarmen.
Egiaztatu da erlazio positiboa dagoela biztanleko BPGren eta I+Gra bideratutako BPGren ehunekoen artean. Herrialde aberatsenek egiten dute I+Gko inbertsiorik handiena, hau da, euren BPGren %2,5 gainditzen dutenak: Suedia, Finlandia, Japonia, Suitza, Islandia, AEB, Austria, Danimarka eta Alemania. Bitarteko ahalegina (BPGren %1,5etik %2,5era) egiten dutenak: Frantzia, Belgika, Erresuma Batua, Herbehereak, Norvegia, Luxenburgo eta Txekiar Errepublika. Euskal AE talde honetan da. Inbertsiorik baxuenak, azkenik, Eslovenian (%1,45), Irlandan (%1,45), Espainian (%1,35), Estonian (%1,29), Portugalen (%1,18), Italian (%1,13), Hungarian (%0,97), Kroazian (%0,81), Grezian (%0,57), Polonian (%0,57) eta Errumanian (%0,53).
Euskal AEn egindako I+Gko gastuaren %81 enpresa-sektorean egikaritu zen
Egikaritza-sektoreei dagokienez, enpresek I+Gko gastuaren %81 egin zuten; %15 unibertsitate-ikerketara bideratu zen, eta gainerako %4 administrazioaren mendeko zenbait organismo publikok egikaritu zuten.
Beraz, enpresen sektoreak egiten du, Euskal AEn, konparatiboki, ikerketa ahaleginik handiena. Arlo horretan ere alde handia dago estatuko emaitzen aldean: 2008. urtean, enpresek I+Gko gastuaren %55,1 besterik ez zuten egikaritu, goi-mailako irakaskuntzak %26,7 eta herri-administrazioak gainerako %18,2.
Industri enpresetan zentratuz, nabarmentzekoak dira ondoko jarduera adarrak: garraio materiala, metalezko artikuluak eta makineria, hiruren artean enpresen sektoreko barne gastuaren %20 egikaritu zutelarik. Zerbitzu-enpresen aldetik, I+Gko zerbitzuetakoak dira baliabiderik gehien bideratzen dituztenak, eta guztien artean enpresen barne gastuaren %37ra iritsi ziren.
Finantzaketaren ikuspegitik, finantzaketa pribatuak, enpresen bidez, 708 milioi euro bideratu zituen ikerketara, guztizkoaren %56; finantzaketa pribatua %40ra iritsi zen, eta funtsen %4 atzerrian atzeman ziren. Euskal AE finantzaketa pribatu handieneko herrialdeen artean kokatzen da oraindik ere, Europako batezbestekoaren gainetik.
Euskal AEn dedikazio osoko baliokidetzan I+Gn lanean aritu ziren langileak 15.373 izan ziren, 2007an baino %6,5 gehiago. Horietatik %63, hau da, 9.640, ikertzaileak. Euskal AEko I+Gk biztanleria landunaren milako 15 hartu zuen (Estatuan milako 10,7) eta ikertzaileak aldiz, milako 9,4 izan ziren (Estatuan milako 6,5).
I+Gko langileen %33,4 emakumezkoak dira
I+Gko jardueretan emakumeek duten parte hartzearen ehunekorik handienak herri-administrazioetan eta goi-mailako irakaskuntzan gertatzen dira, %50,5 eta %46,2 baitira, hurrenez hurren. Enpresetan berriz, %29,3 dira emakumeak.
Ohar metodologikoa: Establezimenduen jarduera 2009ko Jarduera Ekonomikoen Sailkapen berriarekin kodetu da, zeina baita NACE Rev.2ren bertsioa. Aldaketa hau estatistika-helburuetarako jarduera ekonomikoen sailkapen berrira egokitzeko europar prozesuaren barruan da.
Argibide gehiago nahi izanez gero:
Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel:+34-945-01 75 00 Faxa:+34-945-01 75 01 Posta elek.: eustat@eustat.eus
Harremanetarako pertsona: Susana Rabuñal Mol
+Tlf:+34-945-01 75 48 Faxa:+34-945-01 75 01
Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.es
Datu-bankua: www.eustat.eus/bancopx/euskara/indice.aspx