2010/03/11ko prentsa-oharra
BPGrekiko I+Gko gastuan, 2008an, Debagoienak jarraitzen du lehenengo
Araba eta Bizkaian I+Gko gastua eskualde batean/bitan pilatzen da; Gipuzkoan sakabanatuagoa da.
Debagoiena eskualdea -Antzuola, Aretxabaleta, Elgeta, Eskoriatza, Arrasate/Mondragón, Oñati, Leintz-Gatzaga eta Bergarako udalerriek osatua- dugu lider I+Gko gastuari begiratuz gero; 2008an haren BPGren %3,77, Eustaten datuen arabera.
Euskal AEko I+Gko gastuaren batez bestekoa (%1,85) sei eskualdek gainditzen dute. Lau Gipuzkoakoak dira: Debagoiena (%3,77); Debabarrena (%2,82); Donostia (%2,45) eta Goierri (%2,14). Beste biak Bizkaikoak: Durangaldea (%2,07) eta Arratia-Nerbioi (%1,95).
Euskal AEko I+Gko gastuaren %75 baino gehiago lau eskualdetan pilatzen da
2008. urtean Euskal AEn 1.264 milioi euro gastatu ziren Ikerketa zientifiko eta Garapen Teknologikoko (I+G) jardueretan. 2007an bezalaxe, lau eskualdetan 100 milioi euro baino gehiago gastatzen da: Bilbo Handia (475 milioi), Donostia (247), Arabako Lautada (142) eta Debagoiena (102). Denen artean Euskal AEko I+Gko gastuaren %76,5 egikaritu zuten, 2007an baino puntu erdia gehiago. Dedikazio osoko baliokidetzan ari diren langileez dihardugularik, eskualde horiek ikerketan ari diren ikertzaile, teknikari eta laguntzaileen %79 hartzen dute.
2. grafikoa: I+Gko barne gastuaren banaketa. Euskal AE, 2008 (milioi €)
Iturria: Eustat
Araba da I+Gko baliabiderik gehien eskualde bakar batean dituen herrialdea. Arabako Lautadan arabar ikerketa-gastuaren %89 (142 milioi euro) egikaritu zen.
Bizkaian Bilbo Handia nabarmentzen da, 475 milioiko gastua, I+G egikarituaren %79,5. Durangaldeko gastua, 76 milioi, Bizkaikoaren %13 da.
Gipuzkoak du sakabanatze geografikorik handiena I+Gko baliabideei dagokienez. Donostiak -247 milioi- %49 hartzen badu ere, Debagoiena nabarmentzen da, 102 milioi, %20, eskualde honetan gastua ehuneko 6 puntuz jaitsi bada ere 2007.aren aldean. Debabarrenak eta Goierrik bakoitzak %10 egikaritzen dute.
Donostia, Bilbo Handia eta Durangaldea dira finantzaketa publikorik handiena jasotzen duten eskualdeak. Denak daude Euskal AEKo batezbestekoaren (%40,3) gainetik.
Arabako Mendialdean baliabiderik gehienak zientzia mediko eta farmazeutikoetara (%96) doaz; gainerakoetan ingeniaritza eta teknologiara. Nekazal zientziak (arrantza barne) oso agerikoak dira Gernika-Bermeon (%32) eta Enkarterrietan (%17) eta natur-zientziak Donostian (%22) eta Bilbo Handian (%15).
Emakumearen presentziari dagokionez, ikerkuntzan, Euskal AEko batez bestekoa %33 da; gainetik dira Arabako Mendialdea, Bilbo Handia, Donostia, Markina-Ondarroa eta Arabako Lautada, hurrenkera horretan.
Argibide gehiago nahi izanez gero:
Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel:+34-945-01 75 00 Faxa:+34-945-01 75 01 Posta elek.: eustat@eustat.es
Harremanetarako pertsona: Pilar Vázquez Sancho
Tel:+34-945-01 75 48 Faxa:+34-945-01 75 01
Prentsa-oharrak Interneten: www.eustat.es
Datu-bankua: www.eustat.eus/bancopx/euskara/indice.aspx