2010-03-25eko prentsa-oharra

PERTSONEN ETA FAMILIEN ERRENTEN ESTATISTIKA, 2006. URTEA

Euskal AEko pertsonen batez besteko errenta % 27 igo da 2003 eta 2006 urteen artean

Euskal AEko familien batez besteko errenta 39.000 euro ingurukoa izan da 2006. urtean

Eustatek Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundiekin lankidetzan egindako Pertsonen eta Familien Errenten Estatistikaren arabera, Euskal AEko 18 urte eta gehiagoko pertsonen batez besteko errenta 17.362 eurokoa izan da 2006. urtean, hiru urte lehenago baino % 27,2 altuagoa. Gipuzkoan eman da pertsonen errenta altuena (17.488 euro), gero Bizkaian (17.332 euro) eta, azkenik, Araban (17.190 euro). 2003. urteaz gero lurraldeetan eman den bilakaera aztertuz gero, datu hauek ateratzen dira: Bizkaian eman da bilakaerarik onena % 29,6 igo delako; gero Gipuzkoan % 25,9 igotzean eta azkenik Araban % 21,7 igoz.

Errenta erabilgarria (hau da, errenta osoari Errentaren gaineko Zerga eta langileak ordaindu beharreko kotizazioak kenduta lortutakoa) kontuan hartuta, aldeak txikiagoak izan dira lurraldeen artean. Euskal AEko errenta erabilgarria 14.598 eurokoa izan da: Gipuzkoakoa 14.767 eurokoa, Arabakoa 14.584 eurokoa eta Bizkaikoa 14.501 eurokoa.

Euskal AEn pertsonen batez besteko errenta altuena izan duen udalerria Laukiz izan da (29.726 euro), Bizkaian. Pertsonen batez besteko errenta altuena izan duen Arabako udalerria Zigoitia izan da (23.538 euro) eta Gipuzkoakoa, berriz, Zerain (20.115 euro). Bestalde, errenta txikienak izan dituzten udalerriak honako hauek izan dira: Araban Kripan (9.969 euro), Gipuzkoan Errezil (11.202 euro) eta Bizkaian Lanestosa (11.505 euro).

Hiru lurralde historikoetako hiriburuetako pertsonen batez besteko errentek Euskal AEko batezbestekoa gainditu dute. Donostia-San Sebastián izan da lehenengo postuan, 20.056 eurorekin; gero Bilbo, 18.196 eurorekin eta, azkenik, Vitoria-Gasteiz, 17.597 eurorekin.

Pertsonen batez besteko errenta, errenta mota, lurralde historikoa eta sexua bereizita. (Eurotan). 2006

Pertsonen batez besteko errenta, errenta mota, lurralde historikoa eta sexua bereizita. (Eurotan). 2006

Adinez nagusiak diren bederatzi pertsonatik batek urteko batez besteko errenta bikoiztu du; eta zortzi pertsonatik batek ez du diru-sarrerarik jaso 2006. urtean

Errentak biztanleen artean izan duen banaketari dagokionez, 18 urte eta gehiagoko ia 1.600.000 pertsonek jasotzen dute errentaren bat, hau da, biztanleen % 88ak; baina 18 urte eta gehiagoko zortzi biztanletik batek, % 12ak, ez du inolako diru-sarrerarik izan 2006. urtean. Gainera, pertsonen % 60k Euskal AEren batez besteko errenta baino txikiagoa izan du edo ez du errentarik jaso; aldiz, pertsonen % 11,5ek batez besteko errentaren bikoitza jaso du, hau da, 34.700 euro baino pixka bat gehiago.

Mediana, biztanleria bi zati berdinetan banatzen duen errenta zein den ezartzen duen adierazlea da. 2006. urtean balio hori 13.269 eurokoa izan da. Hau da, Euskal AEko 18 urteko edo adin horretatik gorako biztanleriaren erdiak urteko 13.269 euro baino gehiagoko batez besteko errenta pertsonala jaso du eta beste erdiak, berriz, zenbateko hori baino txikiagoa.

Pertsonen errenta osoaren portzentajezko banaketari dagokionez, hiru lurralde historikoetako errenta-iturri nagusiei lotuta aipatzekoa da lana dela pisu erlatibo handiena izan duena; eta, lanaren ondoren, transferentziak (pentsioak eta gizarte-laguntzak).

Pertsonen errentaren osaketa, lurralde historikoetan. (%). 2006

Grafiko: Pertsonen errentaren osaketa, lurralde historikoetan. (%). 2006

Errenten % 63,4 lanaren ziozkoa izan da

Aipagarria da, Euskal AEko biztanleek 2006. urtean jasotako errenta pertsonal osoaren osaketari dagokionez, errenta horren % 63,4 lanaren errentetatik eratorritakoa izan dela, 11.002 euroko batezbestekoarekin. Gainerakoa honela dago banatuta: % 19,8 transferentzietatik edo gizarte-laguntzetatik eratorritakoa da, 3.433 euro batez beste; % 5,5 jarduera ekonomikoen errentetatik eratorritakoa da, 966 euro batez beste; eta % 11,3 kapital higigarriaren eta higiezinaren errentatik dator, 1.960 euro batez beste.

Datu horiek 2003. urtean lortutakoekin alderatuz gero argi ikusten da lanaren ziozko errentek ehuneko 3 puntu egin dutela behera errenta osoaren zenbaketan; kapitalaren ziozko errentak, aldiz, ehuneko 3,7 puntu igo dira; jarduera ekonomikoen ziozko errentek ehuneko 0,8 egin dute behera eta transferentziak % 19,8an mantendu dira.

Lurraldeka aldeak antzeman daitezke lanaren ziozko errentak eta transferentzien ziozkoak errenta osoaren osaketan duten pisua neurtzean. Izan ere, Arabako errenten % 66 lanaren ziozkoa izan da eta % 18 transferentzien ziozkoa; Gipuzkoan berriz, errentaren % 64 lanaren ziozkoa izan da eta % 19 transferentzien ziozkoa; azkenik, Bizkaian, errenten % 62 lanaren ziozkoa izan da eta % 20,5 transferentzien ziozkoa.

Gizonek emakumeek baino bi aldiz errenta altuagoa izan dute

Alde handia dago emakumeen eta gizonen errenten artean; Euskal AEko gizonek batez beste 23.224 euroko errenta osoa jaso dute eta emakumeek, berriz, 11.857 eurokoa. Hau da, gizonek jaso duten batez besteko errenta emakumeek jasotakoa baino bi aldiz handiagoa izan da, emakumeek baino 11.367 euro gehiagoko errenta pertsonala jaso dute.

Gizonen eta emakumeen errenten arteko alderik handiena 55 eta 59 urteen artean nabari da. Adin-tarte horretako gizonen batez besteko errenta emakumeena baino 21.330 euro handiagoa izan da.

Sexu bien batez besteko errenta pertsonalen arteko aldeak (gizonak ken emakumeak), adin-tartea bereizita. Euskal AE. (Eurotan). 2006

Grafiko: Sexu bien batez besteko errenta pertsonalen arteko aldeak (gizonak ken emakumeak), adin-tartea bereizita. Euskal AE. (Eurotan). 2006

18 urte eta gehiagoko biztanleen errenta pertsonal oso handiena 50 eta 54 urte artean eman da, eta batez besteko errenta 23.504 eurokoa izan da. Emakumeen kasuan, batez besteko errentarik handiena 45 eta 49 urte artean eman da (15.848 euroko batez besteko errenta); gizonen artean, aldiz, batez besteko gehieneko errenta 55 eta 59 urte bitartean eman da eta askoz ere handiagoa izan da (33.568 euro).

Euskal AEko familien batez besteko errenta 39.000 euro ingurukoa izan da 2006. urtean

Euskal AEko familien batez besteko errenta 38.853 eurokoa izan da 2006. urtean. Euskal AEko familien batez besteko diru-sarrerak, zehazki, batez besteko errenta pertsonala 2,23 aldiz izan da.

Familien errenta osoa, familia bakarreko kide guztien errenta pertsonal osoak gehitzean ateratzen da, baina kide horiek guztiak ezinbestean izan behar dira adinez nagusiak eta errentaren bat jaso behar izan dute. Pertsonen errentarekin ez bezala, Bizkaia da familien errentarik altuena izan duen lurraldea (39.008 euro); gero Gipuzkoa (38.704 euro) eta, azkenik, Araba (38.610 euro).

Euskal AEko familien erdiak 30.740 eurotik gorako batez besteko familia-errenta izan du 2006. urtean

Euskal AEko familien batez besteko errenta % 16 igo da 2003 eta 2006. urteen artean. Lurraldeka, Bizkaiak izan du portaerarik onena % 21,1 igotzean; ondoren Gipuzkoaren bilakaera izan da onena, % 18,4 igo delako lurralde horretako familien errenta; eta Araban % 13,7 igo da errenta.

Familien % 2,6ak, 40 familiatik batek, ez du inolako errentarik jaso 2006. urtean

Familien % 63ak Euskal AEko batezbestekoa baino errenta txikiagoa jaso du edo ez du errentarik jaso; pertsonen errenta baino ehuneko hiru puntu altuagoa izan da, beraz. Bestalde, familien ia % 9ak (70.659 familia, hain zuzen) batezbestekoa bi aldiz edo hortik gorako errenta izan du, hau da, 77.700 euro baino pixka bat gehiago.

Euskal AEko familien erdiak 30.740 eurotik gorako errenta izan du; hots, familien % 50ak kopuru horretatik beherako errenta izan du eta beste % 50ak errenta horretatik gorakoa.

Beste alde batetik, familiako hartzaile nagusia gizonezkoa izan denean, familiek 42.774 euroko diru-sarrerak izan dituzte batez beste. Mota honetako familia gehienak tarteko geruzetan eta gorengo dauden geruzetan sartu dira. Baina hartzaile nagusia emakumea izan denean, familien batez besteko errenta 30.950 eurokoa izan da. Mota honetako familia gehienak errentaren beherengo geruzetan sartu dira.

Familiak, horien errenta motaren arabera eta hartzaile nagusiaren sexua bereizita.

Euskal AE. (%). 2006

Grafiko: Familiak, horien errenta motaren arabera eta hartzaile nagusiaren sexua bereizita.
 Euskal AE. (%). 2006

Horrenbestez, familiek jasotako diru-sarrerei dagokienez “generoen artean arraila” dagoela esan daiteke, familien errenta kopurua ezberdina delako hartzaile nagusia gizonezkoa edo emakumezkoa bada. Alabaina, kontuan izan behar da, oro har, hartzaile nagusia emakumezkoa duten familiak besteak baino txikiagoak izaten direla.

Euskal AEn familien batez besteko errenta altuena izan duen udalerria Laukiz izan da, Bizkaian (80.338 euro); gero Arabako Berantevilla (52.165 euro) eta ondoren Gipuzkoako Gaztelu (50.332 euro). Baina familien errenta txikienak izan dituztenak honako hauek izan dira: Arabako Kripan (24.440 euro); Bizkaiko Karrantza (27.550 euro) eta Gipuzkoako Pasaia (29.347 euro).

Halaber, familien batez besteko errenta handiena eta txikiena izan duten udalerrien arteko aldea 55.890 eurotik gorakoa izan da. Laukiz goren mailan dago zerrendako hurrengo udalerriak baino 17.200 euro gehiagoko errentarekin, eta Kripan beheren mailan dago zerrendan aurretik duen udalerriak baino ia 1.200 euro gutxiagorekin.

Donostia-San Sebastián familien errenta altuena izan duen hiriburua izan da, gero Bilbo eta Vitoria-Gasteiz.

Donostia-San Sebastián hiriburuak izan du familien errenta altuena, 43.893 euro. Bilbo bigarrena izan da, 39.679 euroko errentarekin eta azkenik Vitoria-Gasteiz 39.506 eurorekin. Hala ere, hiru hiriburuek gainditu dute familien batez besteko errenta.

Euskal AEko 20 eskualdeen artean ere aldeak eman dira. Soilik 6 eskualdek izan dituzte EAEko batezbestekoa baino familia-errenta handiagoak; horien artean 39.000 eurotik gorako errentekin nabarmentzekoak dira: Plentzia-Mungia, Bizkaian (45.712 euro); Gorbeialdea, Araban (43.921 euro) eta Donostialdea, Gipuzkoan (41.964 euro). Baina gainerako 14 eskualdeak batezbestekoa baino familia-errenta txikiagoak izan dituzte, eta horien artean 39.000 euro baino gutxiagoko sarrerak nabarmendu behar dira: Arabako Mendialdea eta Arabako Errioxa (28.874 eta 32.280 euro, hurrenez hurren) eta Bizkaiko Enkarterri eskualdea (33.788 euro).

Familien tamaina kontuan hartuta, pertsona batek edo bik osatutako familiek bakarrik izan dituzte EAEko batezbestekoa baino familia-sarrera txikiagoak, 20.134 eta 32.869 eurorekin hurrenez hurren.

Argibide gehiago:

Euskal Estatistika Erakundea Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz Tel.:+34-945-01 75 00 Faxa: +34-945-01 75 01 Helb. elek.: eustat@eustat.es Harremanetarako pertsona: Pilar Martínez Rollón Tel.:+34-945-01 75 31 Faxa:+34-945-01 75 01 Errenta pertsonal eta familiarraren estatistikaren inguruko prentsa-ohar gehiago

Euskera
Produktuaren datuak
Produktuaren datuak

Euskal AEko pertsonen batez besteko errenta % 27 igo da 2003 eta 2006 urteen artean

Eragiketa : 
Pertsonen eta familien errentaren estatistika
Eragiketa kodea : 
173402
Periodikotasuna : 
Urtekoa
Denbora arloa : 
2022
Eguneratze data : 
2010/03/25
Hurrengo eguneratzea : 
2025/10/00
Eragiketa mota : 
Zentsua
Formatu erabilgarriak : 
Pdf formatuan
Lizentzia : 
Creative Commons
Permalink : 
https://www.eustat.eus/elementos/not0005792_e.html
Metodologia : 
Metodologia-fitxa
Erakunde arduraduna : 
Beste erakundeak : 
Foru Aldundiak

Beste produktu estatistikoak

Datuak

Mikrodatuak

Metadatuak

Galdesortak

Informazio gehigarria

Egutegia

Zure feedback-a.  Lagun iezaguzu gure weba zure beharretara egokitzen

Nola baloratzen duzu orri honen Informazioa?
Oso baliagarria
Baliagarria
Ez oso baliagarria
Ez da inondik ere baliagarria
Baduzu iradokizunik?
Bai, badut
Bidali