2010-04-22ko prentsa-oharra
Azken hamarkadan 3 urte igo da hildako pertsonen batez besteko adina
Zirkulazio-istripuen ondoriozko heriotza kopurua ia % 60 txikitu da azken hamar urteetan
Eustaten datuen arabera, 2008. urtean hil ziren pertsonen batez besteko adina 77,4 urte izan zen baina 1998. urtekoa 74,3; hau da, azken hamarkadan 3,1 urte igo da batezbesteko hori. Sexuen arabera, gizonak batez beste 73,7 urterekin hil ziren eta emakumeak 81,3rekin. 100 urte edo gehiagoko pertsonen heriotza kopurua gehitu egin zen: urte honetan 208 heriotza izan ziren eta 1998. urtean 76.
Euskal AEn 19.437 pertsona hil ziren Euskal AEn, 2007. urtean baino 185 gehiago. Sexua bereizita, 10.118 gizonezko 9.319 emakumezko hil ziren. Hilabeteak aztertuta, urtarrilean hil zen pertsona gehien (2.032) eta ekainean gutxien (1.352).
Hazkunde begetatiboa positiboa izan zen: heriotzak baino 1.878 jaiotza gehiago izan zen. Hiru lurraldeetan izan ziren saldo positiboak; Gipuzkoan eman zen gehikuntzarik handiena (977 pertsona), gero Araban (795) eta azkenik Bizkaian (106).
Haurren heriotza tasari dagokionez, jaiotako mila umetik urte bat bete ez zuten 2,9 hil ziren. Gehienez 28 egun bizi izan diren 40 jaioberri hil ziren. Horietako 22, jaioberriaren heriotza goiztiarraren ondorioz gertatu ziren, lehenengo astean hil zirelako; eta 13, jaio eta 24 ordutan hildakoak izan ziren. Urte 1etik beherako haurren artean hildako neskak denen %48 izan ziren.
Heriotzen %59 tumoreen eta zirkulazio-aparatuko gaixotasunen ondorioz gertatu ziren
2008. urteko heriotzen %30 (5.811 hildako) tumoreen ondorioz gertatu ziren, %29 (5.692 hildako) zirkulazio-aparatuko gaixotasunen ondorioz, eta hirugarren postuan baina tarte handiarekin, %10 (1.941 hildako) arnas gaixotasunen ondorioz. 1998. urtetik aurrera gaixotasun nagusi biek garrantzi ezberdina izan zuten. Tumoreen ondoriozko heriotza kopurua ia %13 igo zen, eta gaixotasun kardiobaskularren ondoriozko heriotza kopurua %9 txikitu zen.
Sexuaren arabera, heriotzaren eragileak ezberdinak izan ziren urte horretan ere. Gizonen artean, tumore baten ondorioz hildakoak zirkulazio-aparatuko arazoren baten ondorioz hildakoak baino gehiago izan ziren; emakumeen artean, berriz, heriotza gehien eragin zuten gaixotasunak kardiobaskularrak izan ziren eta bigarren gaixotasunak tumoreak.
Era berean, heriotza eragin zuten arrazoiak adinaren arabera ezberdinak izan ziren. Urtebete baino gutxiagoko haurren artean gehienak jaiotza inguruko aldian sortutako gaixotasunengatik eta sortzetiko malformazioengatik hil ziren; 34 urtera arteko pertsonen artean kanpoko arrazoiak izan ziren nagusi; 35 - 74 urte bitarteko pertsonen artean tumoreak eta 75 urte baino gehiagokoen artean zirkulazio-aparatuko arazoak.
Alzheimerren gaixotasunak eragindako heriotza kopurua bi aldiz handiagoa izan da azken hamar urteetan
Azken hamarkadan, heriotza eragin zuten gaixotasunen artean igoera handiena izan dutenak buru-nahasteak eta nerbio sistemako gaixotasunak izan ziren. Azken hamar urteak aztertuta, dementzien ondoriozko heriotza kopurua %40 igo zen (896 heriotza 2008. urtean) eta, zahartzeak dakartzan gaixotasunen barruan, Alzheimerren gaixotasunen ondoriozko heriotza kopurua bi aldiz handiagoa izan zen (599 heriotza 2008. urtean baina 304 heriotza hamar urte lehenago).
Bai dementzien ondoriozko bai Alzheimerren gaixotasunaren ondoriozko heriotza gehienak emakumezkoetan eman ziren; izan ere, 2008. urtean emakumezkoen heriotza horiek guztirakoaren %67 eta %70 izan ziren hurrenez hurren.
Zirkulazio-istripuak gutxitu zirenez, norberaren buruaz beste egiteak izan dira heriotza eragin duen kanpoko arrazoi nagusia
Azken hamarkadan zirkulazio-istripuen ondoriozko heriotza kopurua izugarri gutxitu da (ia % 60) eta, ondorioz, 2006. urteaz gero norberaren buruaz beste egitea izan da heriotzaren kanpoko eragile nagusiena. 2008. urtean eman zen alderik handiena: 171 pertsonak bere buruaz beste egin zuen eta zirkulazioko istripuen ondorioz 115 heriotza izan ziren (azken hauek aurreko urtearen aldean % 21 gutxiago izan zirelako). Azpimarratu behar da, hala ere, 10-29 urteko adin-tartean heriotza eragin zuen kanpoko lehenengo arrazoia horixe izan dela oraindik.
Norberaren buruaz beste egin denetan eta zirkulazio-istripuetan emakumeak baino gizon gehiago hil zen: 91 gizon eta 24 emakume zirkulazio-istripuetan eta 126 gizon eta 45 emakume bere buruaz beste eginda.
Argibide gehiago:
Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.:+34-945-01 75 00 Faxa: +34-945-01 75 01 Helb. elek.: eustat@eustat.es
Harremanetarako pertsona: Martín González Hernández
Tel.:+34-945-01 75 49 Faxa:+34-945-01 75 01
HERIOTZEN ESTATISTIKAri buruzko prentsa-ohar gehiago
HERIOTZEN ESTATISTIKAri buruzko datu-bankua