2010-03-30eko prentsa-oharra
Europako EIS 2009 berrikuntza indizearen arabera Euskal AE Europako batezbestekotik gora dago
Euskal AE goi mailako berrikuntza duten herrialdeen artean dago
Eustaten datuen arabera, Europako Berrikuntza Indizeak (EIS) 0,51ko balioa izan du Euskal AEn 2009. urtean; horrela, Europar Batasuneko 27 kideen artean EAE 10. postuan dago, Batasuneko batezbestekoa (0,48) baino gorago.
Puntuazioa kontuan hartuta, EB-27ko herrialdeak lau kategoriatan sailka daitezke. Lehenengo kategorian berrikuntzan aitzindariak diren herrialdeak sartzen dira: Suedia (0,64), Finlandia (0,62), Alemania (0,60), Erresuma Batua (0,58) eta Danimarka (0,57). Baina berrikuntzaren esparruan denen artean aitzindariena den Europako herrialdea Suitza da (0,69), nahiz eta Europar Batasunean ez egon.
Bigarren kategorian, goi mailako berrikuntza duten herrialdeak daude: Austria, Luxemburg, Belgika, Irlanda, Frantzia, Herbehereak, Estonia, Zipre eta Eslovenia, 0,54 eta 0,47 arteko puntuazioarekin. Eta, hain zuzen, Euskal AE talde honetan sartzen da.
Ondoren, hirugarren kategorian, neurrizko berrikuntza duten herrialdeak daude: Txekiar Errepublika, Portugal, Espainia, Grezia, Italia, Malta, Eslovakia, Hungaria, Polonia eta Lituania. Azkenik, laugarren kategorian berrikuntza txikiko herrialdeak daude: Errumania, Letonia eta Bulgaria.
1. grafikoa. Europako Berrikuntza Indizea (EIS) 2009. Euskal AE eta EB-27
Iturria: Eustat eta PRO INNO Europe: INNO-Metrics. Europako Batzordea
Giza baliabideak, Loturak eta enpresa-ekimenak eta Eragin ekonomikoak dira EAEko berrikuntzaren funtsezko hiru dimentsioak
Europako Berrikuntza Indizearen bidez neurtu nahi da herrialdeetako ekonomiek zein mailatan eduki eta gara ditzaketen berrikuntzari lotutako jarduerak. Indizeak hiru multzo nagusi ditu eta guztira 29 adierazle.
1. taula. Europako Berrikuntza Indizea (EIS) 2009 eta dimentsioen indizeak
Iturria: Eustat eta PRO INNO Europe: INNO-Metrics. Europako Batzordea
Europako batezbestekoaren aldean, Euskal AE hiru dimentsiotan da nagusi: Giza baliabideak, Loturak eta enpresa-ekimenak eta Eragin ekonomikoak. Gainerako dimentsioetan Europar Batasunean baino puntuazio txikiagoa lortu du Erkidegoak.
Giza baliabideak: dimentsio honek prestakuntza eta hezkuntza maila handiko pertsonak edukitzeko aukera hartzen du berrikuntzarako funtsezko datu gisa. Euskal AEn, giza baliabideak honako adierazleetan nabarmentzen dira:
· 20 eta 29 urte arteko gazteen milako 46,7 zientzietan eta ingeniaritzetan, gizarte zientzietan eta humanitateetan lizentziatu da. Europan, aldiz, tasa hori milako 40,5 da.
· Goi mailako hezkuntza duten (unibertsitatekoa edo goi mailako lanbide heziketa) 25 eta 64 urte arteko biztanleen ehunekoa % 42,2 da, ia bi aldiz Batasuneko batezbestekoa (% 24,3).
· 25 eta 64 urte arteko biztanleen % 13,5ak etengabeko prestakuntzari lotutako jardueretan parte hartu du; Europan % 9,6ak.
· Gutxienez bigarren hezkuntza amaitu duten 20 eta 24 urte arteko biztanleen ehunekoa (% 78,0) Europako batezbestekoaren (% 78,5) antzekoa izan da.
Loturak eta enpresa-ekimenak: dimentsio honetan enpresen lankidetzarako ahaleginak eta lankidetzaren garrantzia azpimarratzen dira, enpresa berritzaileetan nahiz sektore publikoan. Enpresak berritzeko ehunekoa (% 12,4) nabarmendu behar da EAEn, baina Europan % 5,1ekoa izan da. Berrikuntzan laguntzen duten ETEen ehunekoa, aldiz, pixka bat txikiagoa izan da EAEn (% 8,2) Europako batezbestekoaren aldean (% 9,4).
Eragin ekonomikoak: dimentsio honek berrikuntzari lotutako jarduerek enpleguan, esportazioetan eta salmentetan duten arrakasta ekonomikoa hartzen du. Honakoak azpimarratu behar dira:
Ezagutza-maila handiko zerbitzuen sektoreetan langile guztien % 19,0ak lan egiten du, eta Europan % 14,9ak.
Erdi eta goi mailako eta goi mailako teknologiaren manufaktura sektoreetan langile guztien % 7,7ak lan egiten du, eta Batasunean, batez beste, % 6,6ak.
Esportazio guztiekin alderatuta, erdi eta goi mailako teknologien esportazioak % 51,5 izan dira, hau da, Europar Batasunean baino (% 47,4) ehuneko 4,1 puntu altuagoa.
Produktuen berrikuntzek negozioen kopuruan eragin ekonomikoa izan dute, EAEn % 15,4koa eta Europan, batez beste, % 14,9koa.
Gainerako dimentsioetan lortu den puntuazioa Europako batezbestekotik behera dago; hala ere, horietan ere azpimarratu behar dira Euskal AEk Europar Batasunaren aldean antzeko emaitzak edo hobeak lortzea ekarri duten adierazle batzuk. Izan ere, Euskal AEn banda zabalerako sarrera izan duten 10 langile edo gehiagoko enpresak (% 92,0) Europan baino gehiago izan dira (% 81,0).
Arrisku-kapitalera zuzendutako BPGaren ehunekoa % 0,18koa izan da EAEn eta Europan, batez beste, % 0,14koa.
Berrikuntza teknologikoren bat garatu duten ETEak % 30,5 izan dira, eta EBean % 33,7.
Berrikuntzaren ondoriozko baliabideen eraginkortasunari esker, enpresa berritzaileen % 19,6ak pertsonal-kostuak murriztu ditu eta % 9,4ak materialen eta energiaren erabilera murriztu du; Europan ehuneko horiek % 18,0 eta % 9,6 izan dira hurrenez hurren.
Gainera, EAEn BPGaren aldean I+Gn egindako gastu publikoa (% 0,35) Europan (% 0,67) baino txikiagoa izan da. Gastu pribatua handiagoa izan da: EAEn % 1,50 eta EB-27n % 1,21.
2. grafikoa. Euskal AEko eta EB-27ko berrikuntzaren dimentsioak. Europako Berrikuntza Indizea (EIS) 2009.
Iturria: Eustat eta PRO INNO Europe: INNO-Metrics. Europako Batzordea
Hain positiboa ez den aldeari begiratuta, Europar Batasuneko kopuruetara heltzeko alde handia duten adierazleak ere badaude. EAEn, 10 enplegu eta gehiagoko enpresetan salmentak berritzeko egin diren jardueren gastua (I+Garen gastua kontuan hartu gabe) txikiagoa izan da: EAEn % 0,75 eta EB-27n % 1,03.
Gainera, milioi bat biztanle bakoitzeko EPO patenteen kopurua 6,7 izan da Euskal AEn, Europako kopurua (10,7) baino txikiagoa; eta, azkenik, teknologiari lotuta ez dauden berrikuntzak (marketingari edo antolaketari lotutakoak) dituzten ETEen ehunekoa (% 27,1) Europar Batasunak izan duenetik (% 40,0) oso urrun geratu da.
Ohar metodologikoa: Europako Adierazleen Panelak (EIS 2009) 3 multzo nagusi ditu, guztira berrikuntzako 29 adierazlerako berrikuntzaren 7 dimentsio garatzen dituztenak.
Berrikuntzako “bideratzaileak” multzoaren barruan “giza baliabideak” eta “finantziazioa eta laguntza” dimentsioak sartzen dira. 9 adierazle ditu.
“Enpresa jarduerak” multzoak 3 dimentsio ditu: “enpresako inbertsioak”, “loturak eta enpresa-ekimena” eta “etekinak”. Guztira 11 adierazle ditu.
“Produktibitateak” multzoan “berritzaileak” eta “eragin ekonomikoak” dimentsioak sartzen dira. 9 adierazle ditu.
Multzo eta dimentsio bakoitzerako eta indize orokorrerako 0 eta 1 arteko balioa duen adierazle sintetikoa kalkulatu behar da eta, horretarako, Europako herrialde guztietarako metodologia bera erabili behar da. Gainera, adierazle bakoitzak urte bera hartzen du erreferentzia moduan herrialde guztietan.
Indize hau Europar Batasuneko 27 herrialdeekin eta Kroazia, Turkia, Islandia, Norvegia, Suitza eta Serbiarekin kalkulatzen da; helburua da herrialde horietako ekonomiek berrikuntzari lotutako jarduerak zein mailatan eduki eta gara ditzaketen neurtzea eta horren arabera sailkatzea.
European Innovation Scoreboard EIS 2009
http://www.proinno-europe.eu/page/european-innovation-scoreboard-2009
Argibide gehiago:
Euskal Estatistika Erakundea
Donostia-San Sebastian kalea, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.:+34-945-01 75 00 Faxa: +34-945-01 75 01 Helb. elek.: eustat@eustat.es
Harremanetarako pertsona: José Miguel Escalada
Tel.:+34-945-01 75 96 Faxa:+34-945-01 75 01