2010-05-27ko prentsa-oharra
Araban eta Bizkaian industria lurralde horietako hiriburuetan bildu zen
Gipuzkoako industria sakabanatuago egon zen eta lurralde honetako banaketa orekatuagoa izan zen
Eustaten datuen arabera, Arabako eta Bizkaiko industriek ezaugarri bera izan zuten: hiriburuaren inguruan bildu zen industria gehien. Araban, 2008. urtean, Arabako Lautadako industria lurraldeko balio erantsi osoaren %60,8 izan zen. Bizkaian industria gehiago pilatu zen, Bilbo Handiko eskualdean batez ere, hemen bildu baitzen lurraldeko balio erantsi osoaren %62,6. Durangaldeko eskualdea gehitzean balio hori handiagoa izan zen: biak batera Bizkai osoan %82,2 izan ziren. Gauza bera gertatu zen Araban. Arabako Lautadako industrian sortu zen balio erantsiari Kantauri Arabarrean sortutakoa gehituz gero, bi eskualdeen artean lurraldeko industriaren %77,9 izan zuten.
Baina Gipuzkoan, industriaren banaketa bestelakoa izan zen. Donostia-San Sebastián eskualdean lurraldeko balio erantsi osoaren %30,5 izan zen, baina Goierrin eta Deba Garaian Gipuzkoako industriaren %17,6 eta %17,1, hurrenez hurren.
Eskualde horien garrantzia kontuan hartuta, aurreko urtearen aldean balio erantsiaren hazkunde tasek hiriburuen bilakaeraren eragina izan zuten, batez ere Araban eta Bizkaian.
Araban, Arabako Lautadaren hazkundea %2,9 izan zen, lurralde osoak izan zuen bera. Lurraldeak urte batetik bestera izan zuen hazkunderik handiena Arabako Mendialdean eman zen: eskualde honetako aldakuntza positiboa izan zen, %22,6. Baina hazkunde horrek eragin oso txikia izan zuen lurralde osoan. Arabako Haranak eta Kantauri Arabarrak izan zuten, ondoren, hazkunderik handiena: %7,7 eta %4,4, hurrenez hurren. Lurraldeko industriaren portaerarik txarrena Arabako Errioxan eman zen; hemen, balio erantsiak %1 egin zuen behera.
Bizkaian, industriaren balio erantsiaren batez besteko hazkundea %3,6 izan zen. Plentzia-Mungia (%11,9), Enkarterri (%7,5), Markina-Ondarroa (%5,3) eta Bilbo Handia (%4) eskualdeek hazkunde hori gainditu zuten. Beste aldean, balio erantsian hazkunde tasa txikienak izan zituzten Arratia-Nerbioi (-%4,4) eta Durangaldea eskualdeek, nahiz eta azken honek %1,7ko hazkunde positiboa izan.
Gipuzkoako batez besteko hazkundea izan zen hiru lurraldeetatik eskasena: %0,2ko tasa. Bilakaera onenak ondoko eskualdeetan eman ziren: Tolosaldea (%8,7ko hazkundea), Bidasoa Beherea (%6,3) eta Donostia-San Sebastián (%5,5). 2008. urtean portaera txarrenak izan zituzten eskualdeak, aldiz, Deba Garaia (%9,2ko beherapena) eta Goierri (balio erantsiak %4,2 egin zuen behera) izan ziren.
Euskal AEko industriako enplegua 250.292 pertsonakoa izan zen 2008. urtean. Industriako enplegu horren %47,0 Arabako Lautadan, Bilbo Handian eta Donostialdean eman zen. Bilbo Handian eta Donostialdean enplegu okupatuak %2,0 eta %1,8 egin zuen behera, hurrenez hurren. Soilik Arabako Lautadan gehitu zen, pixka bat, okupazio maila (%0,3).
2008. urtean, eskualdeko joera orokorra enplegu kopuruaren galera izan zen, aurreko urtearen aldean betiere. Eskualde gutxi aldendu zen joera orokor horretatik. Araban, Arabako Haranak (enpleguaren %5eko hazkundearekin) eta arestian aipatutako Arabako Lautadak izan zuten bestelako joera. Bizkaian, Enkarterrik bakarrik mantendu zuen enplegu maila (%0,2), baina kontuan izan behar da eskualde horrek izan zuela Bizkaian industriako enplegu gutxien. Gipuzkoan, soilik Goierrin eta Tolosaldean igo zen enplegu kopurua aurreko urtearen aldean: %1,0 eta %0,4, hurrenez hurren.
Argibide gehiago:
Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.:+34-945-01 75 00 Faxa: +34-945-01 75 01 Helb. elek.: eustat@eustat.es
Harremanetarako pertsona: Iosune Azula Lazkano
Tel:+34-945-01 75 09 Faxa:+34-945-01 75 01
Industria Estatistikari buruzko prentsa-ohar gehiago
Industria Estatistikari buruzko datu-bankua