2010/07/28ko prentsa-oharra
Biztanleko gastua, gizarte-zerbitzuetan, %14 hazi zen 2008an Euskal AEn
65 urte eta gehiagoko biztanleriaren %15 artatu zuten gizarte-zerbitzu espezializatuek
Euskal AEko gizarte-zerbitzuak: bertan egindako gastua, 2008an, 1.861 milioi euro izan zen. Aurreko urtean baino %15 gehiago, Eustaten datuen arabera. Gastu hori euskal BPGren %2,7 izan zen, biztanleko 860 euro bataz beste, aurreko urtean baino %13,9 gehiago; horietatik, 623 funts publikoetatik etorri ziren.
Herrialdeka, gastua %17 handitu zen Araban, %15 Bizkaian, eta %13 Gipuzkoan. Biztanleko gasturik handiena Arabak egiten du, 995 euro batez beste; Bizkaian 847 dira eta Gipuzkoan 821.
Herri-administrazioek guztizko gastuaren %72 ekarri zuten, 1.347 milioi euro; sektore pribatuak gainerako %28. Gastatutako lau eurotako bat erabiltzaileen kuoten eta beste salmenten bidez finantzatu zen. Guztirako horretatik, egoitzetan bizi diren adinekoek 200 milioi ekarri zituzten; kopuru hori zentro horien gastu arruntaren %46 da.
Sektorean, zuzenean, emakume landunen %4,1 aritu zen lanean
2008an gizarte-zerbitzuetan 480 lanpostu berri sortu ziren; zuzenean 24.683 pertsona enplegatu ziren (landunen %2,6); horietako %70 emakumeak (emakume landunen %4,1). Kopuru horretan ez daude azpikontratatuak, etxez etxeko laguntzakoak eta zuzeneko arretakoak, zeinen dedikazio-orduak 5.000 enplegu baino gehiago izan ziren dedikazio osoan. Boluntarioak 18.958 pertsona izan ziren 2008an; haiek egindako lana 1.762 dedikazio osoko enplegu adina; jakina, ez dute soldatarik jasotzen.
Biztanle guztientzako zerbitzuek eta adinduentzako zentro espezializatuek hartzen dituzte baliabideetarik gehien; izan ere, bi horietara joaten da gastuaren %68.
Biztanle guztientzako baliabideetan nabarmentzen dira, kopuruagatik eta bilakaeragatik, familiei egindako transferentziak. Hortxe daude Oinarrizko Errentaren (OE) programak, 203 milioi (%+17), eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL), 45 milioi, (%+9). Bi programa horietan biztanleko 115 euroko gastua dago, batez beste Euskal AEn; nabarmentzekoa da Bizkaiko kasua, 158 euro biztanleko; Araban 94 eta Gipuzkoan 53.
65 urte eta gehiagoko biztanleriaren %15 artatu zuten gizarte-zerbitzu espezializatuek
Adinduentzako gizarte-zerbitzuetako arreta, batez ere, honakoak: egoitza-zerbitzuetako prestazioak, eguneko asistentzia zentroak, etxez etxeko laguntza eta tele-asistentzia.
2008an 18.108 plaza eskaini ziren egoitzetan; alegia, 65 urte eta gehiagoko 100 pertsonako 4,4 plaza. Plaza horietako %34 administrazio publikoak eskaini zituen, titulartasun publikodun zentroetatik, eta antzeko ehunekoa (%30) hitzartu zuen erakunde pribatuekin.
Eguneko asistentzia zentroetan, 3.706 izan ziren plazak (%+7). Plaza horietako %86 administrazio publikoak eskaini zituen, zuzenean edo hitzarmen bidez.
Etxez etxeko laguntza zerbitzuak (ELZ) 23.905 adindun artatu zituen (65 urte eta gehiagoko biztanleriaren %5,8).
17.226 adindunek izan zuten tele-asistentzia etxean.
2007.enaren aldean, %11 hazi zen ELZren erabiltzaile-kopurua; arreta-orduak erritmo motelagoz (%+5) hazi ziren. Zerbitzu honen guztizko gastua 85,8 milioi euro izan zen (aurreko urtean baino %11 gehiago). Erabiltzaileko batez besteko urteko gastua 3.233 euro, eta %91an sektore publikoak finantzatu zuen.
Argibide gehiago nahi izanez gero:
Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Tel:+34-945-01 75 00 Faxa:+34-945-01 75 01 Posta elek.: eustat@eustat.es
Harremanetarako pertsona: Matxalen Plagaro
Tel:+34-945-01 75 99 Faxa:+34-945-01 75 01
Euskal AEko Gizarte-zerbitzuen eta gizarte-ekintzaren estatistikari buruzko prentsa-ohar gehiago
Euskal AEko Gizarte-zerbitzuen eta gizarte-ekintzaren estatistikaren datu-bankua