2010/09/16ko prentsa oharra
Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetako auzoka errenta pertsonal altuenak Abandon, Miramon-Zorroagan eta Mendizorrotzan daude
Miramon-Zorroaga izeneko auzo donostiarra da, 72.280 €-rekin, familiako batez besteko errenta altuena duen auzoa hiru euskal hiriburuen artetik
Abando, Bilbon, Miramon-Zorroaga, Donostian, eta Mendizorrotza, Gasteizen, dira hiru euskal hiriburuetan batez besteko errenta pertsonal altueneko auzoak 2006. urtean. Aldiz, Iturrigorri-Peñascal, Bilbon, Altza, Donostian, eta Abetxuko, Gasteizen, dira batez besteko errenta pertsonal baxuena erregistratzen duten kokalekuak hiru hiriburuetan eta 18 urte edo gehiagoko biztanleentzat. Datuak Eustatek, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin elkarlanean, landutako Errenta Pertsonalaren eta Familiako Errentaren estatistikak eman du.
Abandoko biztanleriak, Bilbon, 31.537 euroko batez besteko errenta pertsonala du urteko; kopuru hori 69.670 eurora iristen da familiaren errentaren kasuan. Bestalde, Mendizorrotza auzoan bizi diren pertsonek, Gasteizen, 29.902 euroko batez besteko errenta pertsonala dute urteko, eta 69.777 euroko familia errenta batez beste. Miramon-Zorroagan bizi diren biztanleek, Donostian, 27.238 euroko batez besteko errenta pertsonala eskuratzen dute, eta 72.280 eurokoa familiaren batez besteko errentaren kasuan.
Hiriburu gipuzkoarrak ageri du oreka handiena auzoen artean; aldiz, Bilbon daude batez besteko errenta pertsonal handieneko eta txikieneko auzoak hiru hiriburuen artetik
Hiriburu berdin bateko auzoen arteko aldea bereziki garrantzitsua da hiriburu bizkaitarraren kasuan. Gauzak horrela, Iturrigorri-Peñascalek, Bilbon, 9.210 euroko errenta pertsonala du batez beste; horrek esan nahi du Abandon erregistratzen denaren heren bat baino gutxiago duela. Gainera, batez besteko familia errenta auzo horretan 20.048 eurokoa da, Abandon eskuratutako batez besteko errenta pertsonala baino baxuagoa eta guzti.
Beste bi euskal hiriburuetan, aldea, garrantzitsua bada ere, ez da hain nabarmena. Abetxukok, Gasteizen, 13.325 euroko errenta pertsonala du batez beste eta familiako errenta batez beste 28.073 eurokoa da. Bi kasuetan Mendizorrotzako erdiaren azpitik kokatzen den portzentajea da. Altzan, Donostian kokatzen den auzoa, batez besteko errenta pertsonala 13.633 urokoa da eta batez besteko familia errenta, berriz, 30.775 eurokoa. Miramon-Zorroagarekin duen aldea, hiriburu gipuzkoarrean errenta pertsonal handiena duen auzoa, erdia izatearena da zehazki. Ondorioz, tarte adierazgarriena Bilbon ageri da.
Hiriburu bizkaitarrean, dauden 38 auzoetatik 11k udalerriaren batez besteko errenta gainditzen du, hain zuzen ere 18.196 euroan zenbatetsi dena. Gasteizek 28 auzo ditu eta horietatik hamaika 17.577 euroan kokatzen den udalerriko batez besteko errentaren gainetik kokatzen dira. Hiriburu gipuzkoarra ageri da berriro ere orekatuena bezala, izan ere, 17 auzoetatik 10ek gainditzen dute 20.056 euroan kokatzen den udalerriko batez besteko errenta pertsonala.
Errenta pertsonal osoak errenta iturri nagusien arabera hiru lurralde historikoetan portzentajeen aldetik duen banaketari dagokionez, lana da pisu erlatibo handiena duena. Atzetik transferentziak ditu (pentsioak eta gizarte prestazioak).
Zentzu horretan, Errenta Pertsonalari eta Familia Errentari buruzko Estatistikak zera ematen du argitara: hiru euskal hiriburuetan, errenta pertsonal eta familiako errenta altuenak ageri dituzten auzoetan lanetik etorritako errenten eragina txikiagoa da eta, aldiz, altuagoa da kapitaleko errentei dagokien hori. Horrela, adibidez, datu garrantzitsuen bezala ageri da Abando eta Indautxu auzo bilbotarren kasua. Horietan laneko errentak errenta osoaren % 50 eskas hartzen dute; aldiz, kapitaleko errentek % 27ko eragina dute.
Aldiz, batez besteko errenta pertsonal baxuenak erregistratzen dituzten auzoetan txikiagoa da kapital errenten eragina. Kuota nagusia laneko errentetatik etorritakoa da kasu honetan.
Argibide gehiago eskuratzeko:
Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.: +34-945-01 75 00 Faxa: +34-945-01 75 01 Helbide elektronikoa: eustat@eustat.es
Harremanetarako pertsona: Pilar Martínez Rollón
Tel.: +34-945-01 75 31 Faxa: +34-945-01 75 01.
Euskal AEko Errenta Pertsonalari eta Familia Errentari buruzko prentsa ohar gehiago
Euskal AEko Errenta Pertsonalari eta Familia Errentari buruzko datu bankua