2011/03/04ko prentsa-oharra
Ezkontza heterosexualen kopurua %6,3 jaitsi zen 2009an
Azken hamarkadan ezkontideen batez besteko adina hiru urtez handitu da
2009an Euskal AEko egoiliarren arteko 9.103 ezkontza heterosexual egin ziren. Aurreko urtean baino 607gutxiago, %6,3ko jaitsiera, Eustaten datuen arabera.
Euskal AEko ezkontza-tasa (mila biztanleko 3,9 ezkontza), ia Espainiako berbera (%3,8%o) da, baina Europar Batasuneko estatuetakoarenaren (mila biztanleko 4,9%o 2007an) azpitik dago.
Amatasunaren adina igotzearekin batera, ezkontzagileen adina ere igo egin da. 2009an ezkondu ziren gizonezko ezkongabeen batez besteko adina, 33,8 urte; emakumezko ezkongabeena, 31,8. 1999tik, emaztegaien batez besteko adina 3 urtez igo da; eta senargaiena, berriz, 2,9z.
Ezkondu aurretik ezkontideek zuten egoera zibilari dagokionez, aurreneko ezkontza izan zen gizonen %90,9rentzat eta emakumeen %90,6rentzat. Irailean izan ziren ezkontzarik gehien, 1.315; uztailean ondoren, 1.294, eta ekainean, 1.232.
2009ko ezkontzen %59 zibilak izan ziren
Azken urteetan gora egin du ezkontza zibilen kopuruak; 1990ean %23 izan ziren eta %59 (5.335 guztira) 2009an. Ezkontza katolikoak 3.751 izan ziren, eta beste sinesmenetakoak 17.
Ezkontza zibilik gehien Gipuzkoan (%64) izan ziren; Bizkaian ondoren (%59) eta Araban (%57). Euskal AEtik kanpo bizi eta kanpo ezkondu diren egoiliarren arteko ehunekoa %41era jaisten da.
Ezkondu berrien %32 elkarrekin bizi ziren ezkondu aurretik
Ezkondu aurretik, bikoteen %32k bizileku bera zuten; kopuruak behera darrai, 2008an bezalaxe. 1996an bikoteen %19k zuen bizileku bera. 2007an, berriz, %59raino joana zen.
Ezkontideen naziotasunari begiratuz gero, 1.314 ezkontzatan (guztirakoaren %14,4) ezkontideetako bat bederen atzerritarra zen. Ezkontza hauen %48,4an gizonezkoa espainiarra zen eta emakumezkoa atzerritarra; %30,3an alderantziz, eta %21,3an biak ziren atzerritarrak.
Ezkondu eta Euskal AEtik kanpo bizitzera joan zirenek (584 bikote) batez ere Kantabriara, Madrilera eta Burgosera jo zuten. Helburuari dagokionez, aldeak badira, hiru herrialdeetan egindako ezkontzen artean: Arabakoak, batez ere, Madril, Burgos eta Nafarroara joaten dira; Bizkaikoak Kantabria, Madril eta Burgosera; Gipuzkoakoak Madril, Frantzia eta Nafarroara.
Ezkontza homosexualen kopurua %7,6 hazi da aurreko urtearen aldean
2009an 128 ezkontza izan ziren; 67 gizonen artekoak eta 61 emakumeen artekoak. 13 Araban izan ziren, 45 Gipuzkoan, 62 Bizkaian eta 8 Euskal AEtik kanpo.
Argibide gehiago:
Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.: +34-945-01 75 00 Faxa: +34-945-01 75 01 Helbide elektronikoa: eustat@eustat.eus
Harremanetarako pertsona: Martín González Hernández
Tel.:+34-945-01 75 49 Faxa:+34-945-01 75 01
Euskal AEKo EZKONTZEN ESTATISTIKAri buruzko prentsa-ohar gehiago
Euskal AEko EZKONTZEN ESTATISTIKAri buruzko datu-bankua