2011/04/20ko prentsa-oharra
2009.ean 254 pertsona hil ziren 100 urte edo gehiagorekin
Trafiko-istripuagatiko heriotzak %63 murriztu dira azken hamar urteetan
Heriotza kopurua Euskal AEn: 2009an 19.624 pertsona hil ziren Euskal AEn, 2008an baino 187 gehiago, Eustaten datuen arabera. 10.232 gizon eta 9.392 emakume hil ziren. Heriotzarik gehien, urtarrilean (2.131); gutxien, irailean (1.452).
100 urtetik gora hildako 254 pertsonen artean, %80 emakumeak ziren. Ehun urtedunen heriotzak hirukoiztu egin dira 1996tik; orduan 77 izan ziren.
Emakumeen bizitza 7,4 urtez luzeagoa da gizonena baino
2009an zehar hildakoen batez besteko adina, 77,7 urte; 1999an, aldiz, 75 urtekoa zen, hots, 2,7 urteko gehikuntza azken hamarkadan. Gizonezkoak batez beste 74,1 urterekin hil ziren eta emakumeak 81,5ekin.
Hazkunde begetatiboa, positiboa, +1.304. Saldo positiboak izan dira Araban eta Gipuzkoan, 730 eta 899 biztanle gehiago; Bizkaiari dagokionez, aldiz, jaiotakoak hildakoak baino gutxiago izan dira (-325).
Haurren heriotza-tasari dagokionez, milako urtebetetik beherako 3,1 hil ziren. Jaioberrien heriotza-tasak, bizitzako lehen 28 egunetan hiltzen direnenak, 46 heriotza zenbatu zituen; 30 jaioberrien heriotza goiztiarrek eragin zituzten, lehen astean gertatzen diren heriotzek; horietarik, 11 lehen 24 orduetan. Urtebetetik beherakoen artean, neskatoak guztirakoaren %39 izan ziren.
Heriotzen %60, tumoreak eta zirkulazio aparatuko gaixotasunek eraginda
Tumoreek eragin zituzten 2009an izandako heriotzen %30,3, hots, 5.950; zirkulazio-aparatuko gaixotasunek %29,6 (5.799 hildako), eta hirugarren tokian, urrunago bada ere, arnas aparatuko gaixotasunek %9,4 (1.841). Gaixotasun garrantzitsuenen hiru talde hauen prebalentzia ezberdina izan da azken hamarkadan. Tumoreek eragindako heriotzak %15 hazi dira; kardiobaskularrek eta arnasbideetakoek eraginak %4 eta %6 murriztu dira.
Heriotzen kausak ez ziren berdinak izan sexu batean eta bestean: gizonezkoen artean, tumoreak hilgarriago gertatu ziren zirkulazio-aparatuko gaixotasunak baino; emakumezkoen artean, berriz, heriotza-kausa nagusia gaixotasun kardiobaskularrak izan ziren, eta tumoreak bigarren.
Halaber, adinaren arabera ere izan ziren aldeak heriotza-kausetan. Urtebetetik beherakoen artean, heriotzarik gehien jaiotza-inguruko gaixotasunek eta malformazio kongenitoek eragin zituzten; 40 urte arte, heriotza-kausa nagusiak kanpokoak izan ziren; 40 urtetik 80 urtera, tumoreak, eta 80 urtetik aurrera, zirkulazio-aparatuko gaixotasunak.
Alzheimerrak eragindako heriotzak bikoiztu egin dira azken hamar urteetan
Heriotzak eragiten dituzten taldeen artean azken hamarkadetan gehien hazi direnak asaldu mentalak eta nerbio-sistemaren gaixotasunak ditugu. Azken hamar urteetan, dementziek eragindako heriotzak %63 hazi dira (1.043 heriotza 2009an), eta endekapenezko gaixotasunen artean Alzheimerrak eragindakoak bikoiztu egin dira (2009an 636; 304 hamar urte lehenago).
Dementziek eta Alzheimerrak eragindako heriotzarik gehien, emakumeenak: 2009an, %67 eta %71.
Trafiko-istripuak murriztu direlarik, nork bere buruaz beste egitea da kanpo heriotza-kausarik aurrenekoa
Azken hamarkadan horrenbeste (%63) murriztu da trafiko-istripuengatiko heriotza kopurua ezen ekarri baitu nork bere burua hiltzea aurreneko kanpo heriotza-kausa izatea 2006tik. Alderik handiena, 2009an: 166 suizidio eta 104 trafiko-istripuagatiko heriotza; azken hauek %10 murriztu ziren aurreko urtearen aldean.
Bai suizidioetan, bai errepideetan hildakorik gehien, gizonak: 85 gizonezko eta 19 emakumezko, zirkulazio-istripuengatik, eta 126 gizonezko eta 40 emakumezko, suizidioengatik.
Argibide gehiago:
Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.: +34-945-01 75 00 Faxa: +34-945-01 75 01 Helbide elektronikoa: eustat@eustat.eus
Harremanetarako pertsona: Martín González Hernández
Tel.:+34-945-01 75 49 Faxa:+34-945-01 75 01
Euskal AEKo heriotzen estatistikari buruzko prentsa-ohar gehiago
Euskal AEko heriotzen estatistikari buruzko datu-bankua