2011-04-27ko prentsa-oharra
EUSKAL AEko INDUSTRIAREN ETA ERAIKUNTZAREN ESTATISTIKA 2009
EAEko industriaren negozio kopuruak % 25 egin zuen behera 2009. urtean
Lan egiten duen pertsona kopuruak % 9,6 egin zuen behera.
Eustaten datuen arabera, EAEko industriaren negozio kopurua 65 milioi eurotik gorakoa izan zen 2008. urtean, baina 2009. urtean % 25 egin zuen behera eta 49.226 milioi eurotan geratu zen.
Faktoreen kostutan izandako balio erantsia, 2009. urtean, batez beste % 20,3 jaitsi zen; sektoreetan portaera ezberdinak eman ziren gainera. Beherapen handienak honako sektoreetan eman ziren: metalurgian eta gai metalikoetan (-% 33,7), produktu informatikoetan eta elektronikoetan (-% 23,1) eta industria kimikoan (-% 22,1). Bestalde, produktu farmazeutikoen (% 4,3) sektorea izan zen hazkunde tasa positiboak izan zituen bakarra. Ur hornidura eta saneamendua (-% 1,8) eta energia elektrikoa (-% 6,8) sektoreetan ere beherapenak eman ziren, baina gainerako sektoreetan baino txikiagoak.
24 mila pertsonak galdu zuten enplegua, hau da, EAEko industria osoan aurreko urtean baino -% 9,6 enplegu okupatu gutxiago izan zen, eta galera handiena honako sektoreetan eman zen: kautxua eta plastikoa; ehungintza, jantzigintza; larruaren eta oinetakoen industria, eta metalurgia. Sektore hauetan guztietan % 12ko beherapena eman zen. Hamasei sektoreetatik bitan bakarrik eman ziren tasa positiboak: produktu farmazeutikoak (+% 0,8) eta koke lantegiak eta petrolioa fintzekoak (+% 3,9).
2009. urtean, EAEko industriaren produktibitateak % 11,8 egin zuen behera, enplegatu bakoitzaren balio erantsia neurtuta.
Ekoizpen-egitura aztertzean ikusten da ekoizpenaren % 69 bitarteko kontsumoetan eman zela; % 2 zerga garbiak izan ziren eta gainerako % 29 faktoreen kostuan sortutako balio erantsia.
Balio erantsi horren banaketan, % 64 lan faktoreak ordaindu zuen, % 19 enpresa-soberakina izan zen eta gainerako % 17 amortizazioak ordezkatzen duen kapitalaren balio-galeraren hornidura izan zen. 2008. urtearen aldean, ustiapeneko soberakin garbiak ehuneko txikiagoa izan zuen; 2008. urte horretan faktore kostuaren balio erantsiaren % 31 izan zen. Baina langileen gastuen partaidetza 2008an baino 10 puntu altuagoa izan zen.
1. grafikoa. Industri sektoreko ekoizpenaren eta balio erantsiaren banaketa 2009an
Jarraian, Euskal AEko industri sektoreak 2009. urtean izandako bilakaeraren beste alderdi garrantzitsu batzuk azaltzen dira:
• Langileen gastuek % 8,6 egin zuten behera.
• EAEko enpresek 2008an baino 860 milioi euro gutxiago inbertitu zituzten; orduan, batez besteko beherapena % 28,2 izan zen. Inbertsio kopuruaren beherapena sektore guztietan eman zen, petrolioa fintzeko sektorean izan ezik.
• Ustiapeneko soberakin gordinak % 34,8 egin zuen behera; amortizazioek beherapen neurrizkoagoa izan zuten. Ondorioz, soberakin garbiak % 48,3 egin zuen behera.
• Aurrekoarekin bat etorriz, ekitaldiko emaitzak % 52,2 egin zuen behera.
Lurraldeka, beherapen homogeneoak eman ziren enpleguari eta balio erantsiari dagokienez. Arabako balio erantsiak % 22,2 egin zuen behera; Gipuzkoakoak % 20,3 eta Bizkaikoak % 19,4. Era berean, enplegu okupatuak % 8,1 egin zuen behera Araban; % 9,9 Bizkaian eta % 10 Gipuzkoan.
Eraikuntza sektorean ezaugarri garrantzitsu bi eman ziren 2009. urtean: enplegu okupatuak % 9,0 egin zuen behera eta balio erantsiak % 11,6
Lurralde guztietan eman zen portaera bera. Enpleguak eta balio erantsiak behera egin zuten lurralde guztietan, nahiz eta Gipuzkoan eman zen bilakaera negatibo txikiena. Araban eman zen bilakaerarik txarrena, bai enpleguari bai balio erantsiari dagokionez.
Beste alderdi hauek ere azpimarratu behar dira:
• Eraikuntzako enpleguak % 9,0 egin zuen behera, hau da, aurreko urtean baino 9.300 landun gutxiago izan ziren.
• Negozio kopuruak % 15,4 egin zuen behera, eta langileen kostuak % 3,4.
• Ustiapeneko soberakin gordinak % 24,1 egin zuen behera; baina amortizazioek % 5,1 egin zuten gora. Ondorioz, soberakin garbiak % 28,8 egin zuen behera.
• Zergak baino lehenagoko emaitzak % 47,1 jaitsi ziren eta ekitaldiko emaitza % 49,1.
Ohar metodologikoa: 2009. urteko Industria Estatistika eta Eraikuntza Estatistika egitean, aurreko EJSN-93 erabili beharrean, jarduera ekonomikoen EJSN-2009 sailkapena erabili da, eta sektore berriak sartu dira.
Argibide gehiago:
Euskal Estatistika Erakundea
Donostia-San Sebastian kalea, 1 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.: +34-945-01 75 00 Faxa: +34-945-01 75 01 Helb. elek.: eustat@eustat.eus
Harremanetan jartzeko pertsona: Iosune Azula
Tel:+34-945-01 75 09 Faxa:+34-945-01 75 01
Euskal AEko Industria eta Eraikuntzari buruzko estatistikaren prentsa-ohar gehiago
Datu-bankua