2012-03-09ko prentsa-oharra
2010ean hildako emakumeen batez besteko adina 81,8 urte izan zen, gizonena 74,6
Trafiko-istripuagatiko heriotzak %73 murriztu dira azken hamar urteetan
Heriotza kopurua Euskal AEn: 2010ean 19.357 pertsona hil ziren Euskal AEn, 2009an baino 267 gutxiago, Eustaten datuen arabera. 10.045 gizon eta 9.312 emakume hil ziren. Heriotzarik gehien, abenduan (1.952); gutxien, irailean (1.378).
2010ean 100 urtetik gora hildako 205 pertsonen artean, %82 emakumeak ziren. Ehun urtetik gora hildakoen kopuruak gora egin du azken urteetan; goia, 2009an, 254 pertsona.
Emakumeen bizitza 7,2 urtez luzeagoa da gizonena baino
2010ean zehar hildakoen batez besteko adina, 78,1 urte; 2000ean, aldiz, 74,7; hots, 3,4 urteko gehikuntza azken hamarkadan.
Hiltzean, gizonen batez besteko adina 74,6 urte; emakumeena 81,8, 2010ean. 2000an, 70,9 eta 79,2. Azken 10 urteetan gizonen bizitza 3,7 urtez luzatu da batez beste, eta emakumeena 2,6z.
Hazkunde begetatiboa, positiboa, +1.802. Saldo positiboak izan dira Araban eta Gipuzkoan, 916 eta 1.085 biztanle gehiago; Bizkaiari dagokionez, aldiz, jaiotakoak hildakoak baino gutxiago izan dira (-199).
Haurren heriotza-tasari dagokionez, urtebetetik beherako milako 2,6 hil ziren. Jaioberrien heriotza-tasak, bizitzako lehen 28 egunetan hiltzen direnenak, 37 heriotza zenbatu zituen; 29 jaioberrien heriotza goiztiarrek eragin zituzten, lehen astean gertatzen diren heriotzek; horietarik, 15 lehen 24 orduetan. Urtebetetik beherakoen artean, neskatoak guztirakoaren %49 izan ziren.
Heriotzen %60,4 tumoreek eta zirkulazio aparatuko gaixotasunek eraginda
Tumoreek eragin zituzten 2010ean heriotzen %31,1, hots 6.021; zirkulazio-aparatuko gaixotasunek %29,3 (5.675 hildako), eta hirugarren tokian, urrunago bada ere, arnas aparatuko gaixotasunek %8,7 (1.691). Gaixotasun garrantzitsuenen hiru talde hauen prebalentzia aldatuz joan da azken hamarkadan. Tumoreek eragindako heriotzak %12 hazi dira; kardiobaskularrek eta arnasbideetakoek eraginak %4 eta %14 murriztu dira.
Heriotzen kausak ez ziren berdinak izan sexu batean eta bestean: gizonezkoen artean, tumoreak hilgarriago gertatu ziren zirkulazio-aparatuko gaixotasunak baino; emakumezkoen artean, berriz, heriotza-kausa nagusia gaixotasun kardiobaskularrak izan ziren, eta tumoreak bigarren.
Halaber, adinaren arabera bada alderik heriotza-kausetan. Urtebetetik beherakoen artean, heriotzarik gehien jaiotza-inguruko gaixotasunek eta malformazio kongenitoek eragin zituzten; 40 urte arte, heriotza-kausa nagusiak kanpokoak izan ziren; 40 urtetik 80 urtera, tumoreak, eta 80 urtetik aurrera, zirkulazio-aparatuko gaixotasunak.
HIESAk eragindako hildako kopurua erdira jaitsi da azken hamarkadan
Infekzio-gaixotasunen artean, HIESA urrituz joan da heriotza-eragile gisa. 2000n, 93 pertsona hil ziren; 2010ean, 45, 9 emakume eta 36 gizon.
Alzheimerrak eragindako heriotzak bikoiztu egin dira azken hamar urteetan
Heriotzak eragiten dituzten taldeen artean azken hamarkadetan gehien hazi direnak asaldu mentalak eta nerbio-sistemaren gaixotasunak ditugu. Azken hamar urteetan, dementziek eragindako heriotzak %85 hazi dira (1.101 2010ean), eta endekapenezko gaixotasunen artean Alzheimerrak eragindakoak bikoiztu egin dira (2010ean 647; 322 hamar urte lehenago).
Dementziek eta Alzheimerrak eragindako heriotzarik gehien, emakumeenak: 2010ean, %69 eta %72.
Trafiko-istripuak gutxitu direnez gero, istripuzko erorikoak eta buru-hiltzeak dira heriotzaren kanpo-kausa handienak
Horrenbeste (%73) gutxitu dira trafiko-istripuak azken 10 urteetan non ekarri baitute istripuzko erorikoak eta buru-hiltzeak izatea heriotzaren kanpo-kausarik handienak. Istripuzko erorikoek eragindako heriotzak 136 izan ziren; buru-hiltzeak 131 eta trafiko-istripuengatikoak 82.
Heriotzaren kanpo-kausen artean gizonen prebalentzia handiagoa da. Istripuzko erorikoek eta buru-hiltzeek eragindakoen artean, 75 emakume eta 192 gizon.
Argibide gehiago:
Euskal Estatistika-Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.: +34-945-01 75 00 Faxa: +34-945-01 75 01 Helbide elektronikoa: eustat@eustat.eus
Harremanetarako pertsona: Martín González Hernández
Tel.:+34-945-01 75 49 Faxa:+34-945-01 75 01
Euskal AEKo HERIOTZEN ESTATISTIKAri buruzko prentsa-ohar gehiago
Euskal AEko heriotzen estatistikari buruzko datu-bankua