2012/12/07ko prentsa-oharra
2012ko bigarren hiruhilekoan 2.282 ezkontza izan ziren, aurreko urtean baino % 6,6 gutxiago
2012ko apirilean, maiatzean eta ekainean egindako ezkontzen % 70,7 zibilak izan ziren
Euskal AEko ezkontzak: Eustaten datuen arabera, 2012ko bigarren hiruhilekoan 2.282 ezkontza izan ziren Euskal AEn, hau da, aurreko urteko hiruhileko berean baino % 6,6 gutxiago. Lurralde historiko bakoitzeko datuak aztertuta, Bizkaian 1.208 ezkontza izan ziren, % 2,4 gutxiago; Gipuzkoan 781 ezkontza izan ziren, % 8,7 gutxiago eta Araban % 17,9 ezkontza gutxiago izan ziren, guztira 243 bakarrik egin zirelako. Bestalde, 50 senar-emazte Euskal AEtik kanpora joan ziren bizitzera.
2012ko udaberriko hileetan, ezkontzen % 70,7 zibilak izan ziren; 2011ko hiruhileko berarekin alderatuta 3,5 puntu igo zen ehunekoa. Era berean, ehuneko hori 2012ko lehen hiruhilekoan izandakoa baino txikiagoa izan zen, lehen hiruhileko horretan ezkontzen % 90,3 izan zirelako zibilak. Ohikoa den bezala, bigarren hiruhilekoan nabarmen egin zuen gora ezkontza kopuruak, batez ere maiatzean eta ekainean; baina neguko hilabeteetan ezkontza gutxi izan ziren.
2012ko bigarren hiruhilekoko 2.282 ezkontzetan, egoitza Euskal AEn zuten 2.204 gizon eta 2.234 emakume ezkondu ziren. 1.974 senar (% 89,6) lehenengo aldiz ezkondu ziren eta, bestalde, 20 gizonezko alargun eta 210 gizonezko dibortziatu berriz ezkondu ziren. Emakumeen lehenengo ezkontzen ehunekoa gizonenaren antzekoa izan zen: 2.015 emakume ezkongabe (% 90,2), 13 emakumezko alargun eta 206 emakumezko dibortziatu ezkondu ziren.
Ezkontideen adinaren joerak goranzkoa izaten jarraitzen du
Ezkontzak ezkontideen adinaren arabera banatzean datu hauek lortu dira: senarren % 85,1ek eta emazteen % 72,3k 30 urte baino gehiago izan zituen. Proportzio hauek 2011. urtekoak baino altuagoak izan ziren (% 84,1 eta % 70,9, hurrenez hurren) eta, beraz, biztanleen ezkontzeko adina goranzko joeran mantendu zen hiruhileko honetan ere.
2012ko apirilean, maiatzean eta ekainean, gizonezko ezkonberrien % 6,9 eta emakumezko ezkonberrien % 7,5 atzerritarrak izan ziren. Bi kasuotan, hala ere, aurreko urteko hiruhileko berean izan ziren ehunekoak baino txikiagoak eman ziren (% 7,1 eta % 9,6, hurrenez hurren). Beherapen hori emakumezkoen artean eman zen gehienbat: emakumezkoen artean ehunekoak 2,1 puntu egin zuelako behera eta gizonezkoenak 0,2.
Beste alde batetik, sexu bereko 42 ezkontza egin ziren, aurreko urteko hiruhileko berean (36 ezkontza) baino gehiago.
Argibide gehiago:
Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Tel.: +34-945-01 75 00 Faxa: +34-945-01 75 01 Helbide elektronikoa: eustat@eustat.eus
Harremanetarako pertsona: Martín González Hernández
Tel.:+34-945-01 75 49 Faxa:+34-945-01 75 01
Euskal AEKo EZKONTZEN ESTATISTIKAri buruzko prentsa-ohar gehiago
Euskal AEko EZKONTZEN ESTATISTIKAri buruzko datu-bankua