2013/05/17ko prentsa-oharra
15 urte edo gehiagoko biztanleen bi heren Internet-en erabiltzaile dira Euskal AEn 2013an
Internet erabiltzaileen %38,9k erosi egiten du Sarean
Eustaten datuen arabera, Euskal AEko 15 urte edo gehiagoko Interneten erabiltzaileak 1.242.200 ziren 2013ko lehen hiruhilekoan, adin horretakoen %65,8 Aurreko urteko aldi berean baino ehuneko 8,2 puntu gehiago.
Araba eta Bizkaian hazi da gehien portzentajea, ehuneko 9,7 puntuz aurreko urtearen aldean. Arabak du erabiltzaile-ehunekorik handiena, biztanleen %68,2; Bizkaian 15 urte eta gehiagokoen %65,2 dira Internet erabiltzaile, nabarmen hazi da baina lurraldeak hirugarren segitzen du; Gipuzkoan %65,7 dira, bost puntu gehiago, bigarren.
15-24 urte bitarteko gazte ia guztiak, %98,6, Internet erabiltzaile dira. Nabarmentzekoa da 55-64 urte bitartekoen erabiltzaile-hazkundea, ehuneko 13,5 puntu; 45-54 urte bitartekoena antzekoa da, 13,3 puntu. Adin-tarte gazteagokoen artean ere hazkunde garbiak dauzkagu aurreko urtearen aldean.
Handitu egin da generoen arteko aldea Internet erabiltzaileen artean
Generoen arteko aldea ehuneko 7,9 puntutan zen 2012an; 2013ko aurreneko hiruhilekoan 9,7 puntura handitu da. 15 urte eta gehiagoko biztanleei dagokienez, Interneteko erabiltzaileak gizonezkoen %70,8 dira eta emakumezkoen %61,1. Aurtengo Interneteko erabiltzaile guztien artean, %52,2 gizonak dira eta %47,8 emakumeak.
Jardueraren arabera, ikasleen arteko %98,4k erabiltzen du Internet; pertsona okupatuen artean, %85,7k, eta ez-aktiboen eta langabetuen artean %38,0k. 2012 urtearen aldean, hazkunderik handiena (ehuneko 9,3 puntu) ez-aktibo eta langabeen artean izan da; okupatuen artean 7,7 puntu, eta ikasleen artean 0,5 puntu.
Internetera sartzeko toki gogokoena oraindik ere geure etxea da, %91,6k egiten du erabiltzaileen artean; aurreko urtearen aldean puntu bat gutxiago. Ehuneko 10,9 puntuz hazi da Internetera bestelako tokietatik –ziberkafe, hotel, aisia-lekuetatik- sartzen direnen kopurua. Ikastetxetik eta lantokitik eginiko konexioak azken urtean bezalaxe daude.
2013an konexioaren batez besteko iraupena 56,3 minutu izan zen, aurreko urtean baino 10 minutu gehiago.
Sarearen bidez produktu edo zerbitzuren bat erosten dutenen portzentajea handitu egin da
Internet bidez erosi duten pertsonen kopuruak ehuneko 6,9 puntuko igoera izan du 2013an aurreko urtearen aldean. 2013ko lehen hiruhilekoan Internet erabiltzaileen %38,9k erosi du sarearen bidez; %32,0k 2012an.
IKT ekipamenduen presentziak gorantz jarraitzen du euskal familia-etxeetan
Informazioaren eta komunikazioaren teknologien ekipamenduek hedatuz jarraitzen dute gure familia-etxeetan. 2013ko lehen hiruhilekoan, Euskal AEko familia-etxeen %66,9k ordenagailua zuten; 2012ko lehen hiruhilekoan baino ehuneko 3,7 puntu gehiagok. Etxean ordenagailua duten 15 urte eta gehiagokoak %75,6 dira.
Interneterako sarbideari dagokionez 545.000 familia pasatxo dira, %62,9, etxean zerbitzu hori dutenak. 2012ko lehen hiruhilekoaren aldean 44.900 familia berri (%4,5). Sarera sarbidea duen 15 urte baino gehiagoko biztanleria 86.200 pertsonatan (4,6 puntuz) hazi da 2012ko lehen hiruhilekotik, %71,5 direlarik.
Familia-etxeetako %92,4an sakelako telefonoren bat dago. 15 urte eta gehiagoko biztanleak kontuan hartuta, sakelakoa dutenen ehunekoa %95,6raino igotzen da, 11.400 pertsona gehiago.
Informazio gehiago:
Eustat - Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística
Donostia-San Sebastián, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz
Prentsa zerbitzua: servicioprensa@eustat.eus Tel.: 945 01 75 62
Euskal AEko Informazioaren gizarteari buruzko inkesta familiei- prentsa ohar gehiago
Euskal AEko Informazioaren gizarteari buruzko inkesta familiei- datu bankua